Musikaldia 2024 (Tolosa eta Ibarra)

Tolosa 2024(e)ko Maiatzak 25
  • Musikaldia 2024 (Tolosa eta Ibarra)

Ibarra eta Tolosa eta  musikaren eta musikarien plaza bilakatuko dira maiatzaren 25ean. Musikaldia ospatzeko, ia 3.000 musikarik hartuko dituzte bi herrietako kaleak, adin guztietako publikoari zuzendutako musika emanaldien egitarau anitz eta zabala eskainiz. Jai horri batuko zaio, gainera, Tolosan ospatzen den Musikherria.

Bi hitzorduak gaur aurkeztu dituzte bi herriak batzen dituen Zumardian, Musikaldiko agertoki nagusian, Tolosako eta Ibarrako alkateek, Eduardo Mocoroa eta Loatzo Musika Eskoletako ordezkariek eta Musikherriko antolatzaileek.

Musikaldi: 2.700 ikasle baino gehiagoren topaleku

Bi urtez behin, Musikaldiak, Euskal Herriko Musika Eskolen Elkartearen topaketak, herritik herrira egiten du salto eta aurtengoan Loatzo eta Eduardo Mocoroa Musika eskolen antolatuta, Ibarran eta Tolosan ospatuko da.

Hain zuzen, jaialdiaren helburu nagusia da elkartea osatzen duten ikasle eta irakaslegoa elkartzea, ezagutzea eta modu bateratuan kontzertuak lantzea. Helburu horretatik abiatuta, antolaketa bera ere modu horretara egin dute, elkarlanean. Horregatik, ‘Musikonexioa’ izango da jaiaren leloa, bi eskolak, bi herriak eta Euskal Herriko gainerako eskolak elkar konektatuko direlako.

Aurtengo jaiak Euskal Herri osoko 53 musika eskola batuko ditu. Partehartzaile gehienak Loatzo Musika Eskolako eta Tolosako Eduardo Mocoroa Musika Eskolakok izango dira, biak ala biak, 2024ko Musikaldiko antolatzaileak.

Egun osoan zehar, 15 musika genero eta estilo ezberdinetako 200dik gora taldez gozatu ahal izango da. Horien artean daude, besteak beste, musika bandak, ganbera taldeak, dultzaina, akordeoi, txistulari edota harizko taldeak, konboak, abesbatzak eta dantza taldeak (balleta, euskal dantza, garaikidea...). Behar bereziak dituzten ikasleen 100 kidetik gorako bandak ere parte hartuko du.

Guztira 2.700 pertsona inguru elkartuko dira; 500 bat lagun abesbatzetan, 450 inguru trikititxa taldeetan eta ia 400 pertsona musika bandetan. Guztiak arituko dira Tolosa eta Ibarrako kaleak musikaz girotzen.

Hain zuzen ere, zortzi gunetan izango dira kontzertuak, goiz osoan zehar. Gune nagusia Zumardiaundia izango da, bi herrien lotura puntua, alegia. 10:00etan emango zaio hasiera jaialdiari bertan, behar bereziak dituzten ikasleez osatutako bandaren kontzertuarekin. Ondoren Alurr eta Udaberri dantza taldeen emanaldia izango da. Ekitaldi berean, pertsona edo talde batek Euskal Herriko Musika Eskolen Elkartearen ohorezko izendapena jasoko du, euskal kulturari egindako ekarpenagatik; eta bi urte barru Musikaldi antolatuko duen herriak ere lekukoa hartuko du.

Ibarran, Azkue plazan, euskal dantzak eta txistuak izango dira; Udaletxeko plazan, bandak eta soka orkestrak eta Emeterio Arresen, abesbatzak eta trikitixak. Horrez gain, kaleetan zehar hainbat kalejira egingo dira musika banda eta akordeoi, dultzaina eta trikitixa taldeekin. Arratsaldean jaiak jarraipena izango du, Ibarrako kaleetan, Distopia elektrotxarangaren erritmoan.

???????Tolosan, berriz, beste lau gunetan izango dira emanaldiak: Topicen ganbera-musika kontzertuak eskainiko dira, Alondegiaren eta Frontoiaren artean, banda eta konboak arituko dira, Herrikide ikastetxean abesbatzak eta akordeoi taldeak elkartuko dira eta Leidorrek ballet eta dantza garaikideko emanaldiak jasoko ditu.

Musikaldi 2024 - Egitaraua

9:30-10:00. Parte hartzaileen iritsiera

10:00
Zumardiaundia. Aurkezpen ekitaldia.

11:00.
• Leidor Antzokia: Baleta, dantza modernoa
• Kalejirak Tolosako eta Ibarrako kaleetan zehar: Musika bandak

11:15.
• Herrikide: Eskusoinuak
• Alondegia/Frontoia: Konboak
• Zumardiaundia: Konboak
• Ibarrako Plaza: Orkestra
• Emeterio Arrese: Trikitixak
• Azkue: Txistuak

12:00.
• Topic: Ganbera taldeak
• Kalejirak Tolosako eta Ibarrako kaleetan zehar: Txistuak, dultzainak, trikitixak eta eskusoinuak.

12:45.
• Emeterio Arrese: Abesbatzak
• Herrikide: Abesbatzak
• Alondegia: Banda
• Ibarrako Plaza: Banda
• Azkue: Euskal dantza

13:00.
• Leidor: Gitarrak
13:30. Tolosako Kasinoa. Amaiera ekitaldi modura, zuzendari eta irakasleen topaketa eta oroigarrien banaketa.
17:00. Ibarrako kaleetan zehar, Distopia elektrotxaranga.

.ibarra.eus

Laburrean

  • Mota Jaialdia
  • Data 2024(e)ko Maiatzak 25
  • LekuaTolosan eta Ibarran
    Tolosa
  • ZenbatekoaDoan (izen ematea)

Non