"Ramón Masats"

Elgoibar 2024(e)ko maiatzaren 31(e)tik 2024(e)ko ekainaren 22(e)ra
  • "Ramón Masats"

Lehen erakusketa du Euskal Herrian Espainiako argazkigintzako maisu handienetakoa izan zenak; izan ere, berriki hildako argazkilariaren lan batzuk XX. mendearen bigarren erdiko ikono bisual bilakatu dira.

Ramón Masats (Caldes de Montbui, 1931- Aranjuez, 2024) argazkilariaren 50 urteko ibilbideari jarraituko dion atzera begirako erakusketa egingo da Elgoibarko kultur etxean, 24 argazkiren bidez.Ez da nolanahiko hautaketa. Han izango dira argazkilari hil berriaren irudirik ezagunenak, zuri-beltzean zein koloretan, zekarten ikusmolde artistiko apurtzailea zela-eta Espainiako argazkigintza berrituko zutenak.

Ramon Masats zeresan handiko egilea izan zen Espainiako argazkigintzan. Bere garaiko lehen erreportari handia izan zela esan ohi da, eta hura izan zen protagonista nagusietako bat joan den mendeko 60ko hamarkadan argazkigintza dokumentalak bizi izan zuen berrikuntzan. Egin zituen lehen irudietatik agerikoa zuen argazkilari-sen indartsua, eta bizitzaren muina atzemateko intuizio aparta.

Bi etapa izan zituen Masatsen ibilbide profesionalak, zeharo desberdinak, eta, tartean, hamarkada pasatxo egin zuen zinema- eta telebista-errealizadore. Lehen garai hartako lana kultuzko hiru liburutan bildu zuen: Neutral Corner (1962)Los Sanfermines (1963) eta Viejas historias de Castilla la Vieja (1964). Horietan topatuko dugu bere ikuspegiaren funtsa. 70eko hamarkadan argazkiak alde batera utzi eta dokumentalak zuzentzeari ekin zion; 80ko hamarkadaren hasieran, ordea, argazkigintzari heldu zion berriro, baina ordutik aurrera, koloretan beti. Beste hogei bat liburu egin zituen Espainia osoko paisaia eta jendeen erretratuekin, baina estilo abstraktuagoan, kolorearekin eta formarekin jolas eginez irudiak ontzeko. Mende berriko lehen urteetan utzi zion argazkiak egiteari, eta garaitsu horretan hasi zen, halaber, garrantzi handiko aitortzak jasotzen.


Laburrean

Non