Bizkaiko Foru Aldundiak aurten ere «Ibilbide historikoak» programa abiarazi du. Foru-erakundearen kultura, historia eta turismo arloko proposamen horrek aukera ematen du Bizkaiko historia sakon ezagutzeko, lurralde horretako interes historiko handiko lekuetara bisita gidatuak egiteko programa berezi baten bidez. Normalean bisitatu ezin diren aztarnategi arkeologikoak ezagutu eta ondarera hurbiltzeko aukera eskainiko da, ekainetik irailera bitartean. Ondarearen elementu horietako batzuk ezagunak dira, beste batzuk duela gutxi aurkitu dituzte, eta bisita batzuk errealitate birtualaren bidez egiten dira. Ibilbideetan plaza erreserbatu eta bisitei buruzko informazioa eskuratu ahal duzu www.bizkaikoa.bizkaia.eus webgunean. Bestela, 688.856.689 telefono zenbakira deitu edo ibilbideak@bizkaia.eus helbidera idatzi.
'Ibilbide Historikoak' bisita gidatuen programak ibilbide hauek proposatzen ditu: Ibilbide arkeologikoak Urdaibaiko aztarnategietan, burdinoletako bideak Lea eta Barbadun ibaietan eta Bizkaiko Zin-bidea.
Guztira 8 plan dira, ekainetik irailera bitartekoak, Bizkaiko leku ezezagunak, normalean bisitatu ezin diren leku paregabeak eta bereziak ezagutzeko. Hamahirugarren edizio honetan, ibilbideak tren turistikoan nahiz oinez egin ahal izango dira, naturaz, paisaiaz, ondareaz eta historiaz gozatu bitartean; horretaz gain, mendi-ibiliak egiteko aukera eskainiko da, bai eta martxan dauden ikerketa eta indusketen berritasun interesgarriak ezagutzeko ere.
Ibilbide Historikoak programaren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak, berriz ere, aukera eman nahi dio jendeari udako hilabeteetan Bizkaiko ondarearen altxor nagusiak eta haien natura- eta paisaia-ingurune paregabea eta harrigarria ezagutzeko. Bisita gidatuek Euskal Herria Museoaren, El Pobal Burdinolaren eta Arkeologia Museoaren aholkularitza dute, bai eta Bizkaiko historiako monumentu paregabe horien indusketan, ikerketan eta kontserbazioan parte hartu duten profesionalen aholkularitza ere.
Bisita gidatuen programa datorren ekainean hasiko da, Burdinoletako bideekin. Ibilbide horietan Bizkaiko industriaurreko historia ezagutarazi nahi da, ibaien arroei, inguruko basoen eta meatzaritzaren aberastasunari eta espiritu berritzaile eta ekintzaileari lotua. Burdinola, errota eta tresna hidrauliko horiek oparotasun garaiak ekarri zituzten.
Bisita gidatu horietan parte hartzen dutenek Barbadun (Enkarterri) eta Lea (Lea Artibai) ibaietako ur-bazterrak ezagutu ahalko dituzte. Bi ibai-arro horiek kultura-ondasun gisa kalifikatu dira, monumentu-multzoaren kategoriarekin (Lea 2015ean eta Barbadun 2017an), haien ibaiertzetako ondarearen berezitasuna dela eta. Eraikin, presa, ur-biltegi eta ubideek, zubi eta bideekin uztartuta, jarraipena ematen diote multzoari eta burdinaren kultura-paisaiak interpretatzen laguntzen digute.
Barbadungo ibilbidea ibai enblematiko horri lotuta dago; izan ere, Bizkaiko Jaurerriko burdinola eta erroten industriaren motorretako bat izan zen ibai hori. Ibaiak, landarediak eta ibaiertzeko basoek sortzen duten atmosfera lasaian, harridura sortzen dute bidean agertzen diren burdinolen istorioek. Bisitatuko direnen artean daude Llantada burdinola (Sopuerta) Ballibiako errota eta burdinola (Galdames) eta El Pobaleko Burdinola ezaguna (Muskiz). Gainera, El Pobal Bizkaiko burdinola-museo bakarra da, eta bertan, garaiko makineria osoa gorde da eta martxan ikusteko aukera dago.
Lea ibaiaren burdinolaren ibilbidean, bisitariek ibilgu horren edertasunaz gozatuko dute. Izan ere, ibilgu horretan denbora gelditu dela dirudi, eta han-hemenka burdinolak eta errotak ikusi daitezke, dorre, jauregi, baserri eta baselizekin batera, industriaurreko gizartearen bereizgarri den paisaia batean egongo bagina bezala. Pedro Bernando Villareal de Berriz «ibai-ingeniari» ospetsuaren aztarna nabaria da ibilbide horretan. Besteak beste, Bengolea dorretxea eta burdinola eta Marierrota marea-errota ikus daitezke. Lea ibaiaren burdinolaren ibilbideak Aulesti, Gizaburuaga, Amoroto, Mendexa eta Lekeitio udalerriak zeharkatzen ditu.
Bi ibilbideak oinez zein autobusez egin daitezke.
Urdaibaiko ibilbide arkeologikoen bidez, Urdaibaiko eta Bizkaiko Historiaren 5000 urteko historia ezagutu ahal izango da, Neolitotik Erdi Arora arte, eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbako paisaia ederraz gozatu.
Urdaibaiko aztarnategi arkeologiko nagusiak uztailean eta abuztuan bisitatzeko aukera eskaintzen zaio jendeari. Ibilbide arkeologikoen egutegiak era guztietako bisitak biltzen ditu: tren turistikoan; oinez; arkeologiako, biologiako, toponimiako eta euskal filologiako adituen eskutik; bisita bereziak zeinu-hizkuntzan, etab. Gainera, programak bidaia bat proposatzen du denboran zehar: errealitate birtualaren bidez, Foruko erromatar herrixkara eta Arrolako oppidumera eramaten gaitu.
Programak bost ibilbide gidatu ditu aztarnategi arkeologiko hauetan: Arrolako oppiduma (Arratzu), Foruko erromatar herrixka, Tribisburuko nekropoli erromatarra (Bermeo-Busturia), Ereñozarreko gaztelua (Ereño) eta Katillotxuko estazio megalitikoa (Mundaka, Sukarrieta eta Busturia).
Aurtengo berritasunetako bat da Foruko erromatar herrixkan aritzen diren arkeologia-taldeak lanean ikusi ahal ditugula.
Bizkaiko Foru Aldundiaren 2024ko Ibilbide Historikoak programa irailean amaituko da, Bizkaiko Zin-bidea ibilbidearekin. Bizkaiko Zin-bidea Bizkaiko Jaunak foruen zina egiten zuen tokietatik igarotzen da. Gure lurralde historikoaren bihotza zeharkatzeko eta gure identitate politikoaren jatorria ezagutzeko modu interesgarria da. Ondarea, historia, mendi-ibiliak eta paisaia.
Ibilbidea hiru etapatan egiten da, eta bi eratara egin daiteke: oinez hiru egunetan, edo autobusez egun bakar batean (goizez).
Zin-bidea Bilbotik abiatzen zen, Gernika-Lumon zuen erdigunea eta Bermeon amaitzen zen. Ibilbide horretan, Bizkaiko foruen zina egiten zen lekuak eta monumentuak ezagutuko dira. Gure historia eta Bizkaiko foruen esentzia dira esperientzia honen ardatz nagusia, eta oso aukera ona da gure ondare historiko ezezagunena eta Bizkaiko barnealdeko eta kostaldeko paisaien aberastasuna eta aniztasuna ezagutzeko.