Aurten, Arte Modernoaren Bilboko Museoaren mendeurrena ospatzen dute. Bere garaiko artearekin konektatzeko xedez sortutako Euskal Herriko lehen erakundea izan zen, eta, garai hartako testuinguru kulturalean, Bartzelonak eta Madrilek baino ez zituzten arte modernoari buruzko museoak, 1891n eta 1894an sortuak, hurrenez hurren.
1924ko urriaren 26an ireki zituen ateak, Aurelio Arteta pintorearen zuzendaritzapean, eta Probintziako Aldundiaren eraikineko hiru areto hartzen zituen. Hasierako bildumako 137 lanak zeuden areto horietan: hogei bat lan Pintura eta Eskulturaren 1919ko Nazioarteko Erakusketan erosi zituen Probintziako Aldundiak; beste batzuk, lanean ziharduten artistenak, Arte Ederren Bilboko Museotik zetozen ?hamar urte lehenago inauguratu zen, Arte eta Lanbide Eskolako aretoetan, Atxuriko Ospitale Zibila izandako eraikinean, Manuel Losada pintorearen zuzendaritzapean?, eta beste dohaintza eta erosketa batzuk gehitu zitzaizkien horiei.
Espainiako Gerra Zibilak jarduera etenarazi zuen bi museoetan, eta bildumen zatirik handiena biltegiratu egin zuten, edo Frantziara eraman zuten, itsasoz. Gerra amaitzean eta lanak itzultzean, agerian geratu zen behar-beharrezkoa zela lan horiek guztiak hartuko zituen egoitza bat izatea. Hala, 1945ean, oin berriko eraikin bat altxatu zen hiriaren zabalgune modernoan, Fernando Urrutia eta Gonzalo Cárdenas arkitektoen proiektuari jarraikiz. Neoklasizismoaren errepertorioko ereduen ildotik eta bistako adreiluzko eta kareharrizko fatxadarekin, L formako oinplanoa du, eta bi solairu ditu, espazioak antolatzen dituen erdiko atondo batetik abiatuta.
Hasieratik, bi bildumak biltzeko eta, hala, ibilbide bateratu bati ekiteko xedea ezarri zen. Horrelaxe mamitu zen Arte Ederren Bilboko Museoaren jatorrizko ezaugarrietako bat: ikuspegi zabala, garaikidea izateko asmoa duen bilduma baten hedapen kronologikoari dagokionez, eta aniztasun artistikoa bereganatzea ?askotariko teknikak, generoak eta eskolak? arteak bildumaren barnean txertatzeko eredu bertutetsu baten bidez.
Erakusketak Bilboko Arte Modernoaren Museoaren bildumaren ibilbidea eta eraketa berrikusten ditu, bai eta bilduma horren testuinguru historiko eta artistikoa ere, bi hamarkadatan zehar, sortu zenetik, 1924tik, de facto 1954an (administratiboki 1969an) Arte Ederren Bilboko Museoan txertatu arte.
Artelan ugari eta dokumentazio eta artxiboko material asko barnebiltzen ditu, eta, horiei esker, museo berria abian jartzeak zer esan nahi izan zuen jabetu gaitezke.
Zenbait “azterketa-kasuren” bidez, etorkizunerako funtsezkoak izango ziren zenbait gertakaritan sakontzen da aretoetan: artelan enblematikoak erostea, arte garaikideko lehen erakusketak, Gerra Zibilean funtsak kanpora eramatea, urte horietako Bilboko eta Madrilgo beste museo-proiektu batzuekiko harremana, eta garai hartako artista eta joerekin izan zuen inplikazioa, besteak beste.
Proiektu honetan, komisario-lanak Miriam Alzurik, museoko Arte Moderno eta Garaikideko kontserbatzaileak, eta Mikel Onandiak, Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko irakasleak, egin dituzte.
Erakusketarekin batera, Mikel Onandiaren lan hau ere argitaratu da: Los orígenes de una colección. Los museos de Bellas Artes y Arte Moderno de Bilbao, 1914-1945 (Bilduma baten jatorriak. Bilboko Arte Ederren Museoa eta Arte Modernoaren Museoa, 1914-1945); BBKren eta Arte Ederren Bilboko Museoaren arteko ikerketa-beka baten emaitza da, hain zuzen.