"Bakartutako hiria. 1874ko Bilboko setioa"

Bilbao 2024(e)ko ekainaren 11(e)tik 2024(e)ko uztailaren 9(e)ra
  • "Bakartutako hiria. 1874ko Bilboko setioa"

Euskal Museoak aldi baterako erakusketa bat inauguratu du Arriaga Antzokiko plazan: “Hiri isolatua. 1874ko Bilboko setioa”. Proposamena hiriko zenbait puntutan jarriko da ikusgai, eta gertakari horren 150. urteurrena oroitzeko baliatuko da. Bizkaiko erakundeak bere bildumaren bidez euskal kultura zabaltzen jarraitzen du horrela, nahiz eta gaur egun egiten ari den eraberritze integralaren ondorioz museoak ateak itxita dituen.

Bilboko azken setioa, hiriak XIX. mendean jasan zituen lau setioetan luzeena, azken Karlistaldiaren (1872-1876) esparruan gertatu zen. 1873ko abenduaren 29an hasi zen, karlistek, itsasadarreko zenbait puntutan kateak jarrita, ibai bidezko nabigazioa bertan behera utzi zuten egunean.

Setioaren garairik gogorrena otsailaren 21ean, larunbata, hasi zen, hiria bonbardatu zutenean. Karlistek erraz kanoikatu zuten Bilbo, liberalen gudarosteak geldirik baitzeuden Somorrostroko bataila ospetsu eta odoltsuetan.

Setioak 120 egun baino gehiago iraun zuen, eta 6.785 jaurtigai zenbatu ziren. Martxoaren 23tik aurrera errazionamendua ezarri behar izan zen, eta hiriak gizakien eta materialen galera handia jasan zuen.

Gertakari horretan oinarrituta, erakunde bizkaitarrak honako proposamen hau luzatu du: hiritik sakabanatuta egongo diren argazkien bidez ibilbide historiko bat egitea, horrela, aukera egongo da Bilboko zenbait tokiren lehengo egoera eta egungoa ikusteko.

Euskal Museoarekin batera, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Josu Aramberrik ere proiektuan parte hartuko du bere proposamenarekin. Labur esanda, Euskal Museoaren bildumako irudi-sorta bat Bilbon ikusgai jarri eta gertatutakoa azaltzeko ibilbide bat egitean datza, bisita gidatuen bidez edo bakoitzak bere kabuz egin ahalko dena. Gainera, webguneko informazioaren bidez ezagutzak sakontzeko aukera eskainiko da.

EDUKIAK

Charles Monney argazkilari frantziarrak zenbait argazki egin zituen 1974ko Bilboko setioan zehar, eta Bilboko Euskal Museoan argazki horien paper gaineko kopiak eta beirazko plakak daude. Bizkaiko Foru Agiritegi Historikoak ere egile beraren hiru argazki laga ditu.

Horiez gain, Telesforo de Errazquinek egindako argazkiak lagungarriak izango dira hilabete horietan hiriak bizi izan zuen egoera ulertzeko. Hala, bildumaren parte diren zenbait irudi batu zaizkio proposamenari.

Erakusketa honen bidez, Bilboko Euskal Museoaren bildumako argazki-sorta bat fisikoki ikusgai jarriko da hiritik sakabanatutako zortzi paneletan; gainerako irudiak QR baten bidez ikusi ahal izango dira, gertakaria eta erakusketa bera ulertzeko interes historikoko argazkiak baitira den-denak.

Horrenbestez, Bilboko zenbait toki ikusi ahal izango dira, hala nola Zingira, San Frantziskoko zubia, Erribera, Areatza eta Iparraldeko geltokia.

IBILBIDEA

Bilboko kaleetako zenbait puntutan kokatuko da erakusketa, eta argazki nagusiak panel handietan jarriko dira. Oinez egiteko moduko ibilbide eroso bat prestatu da, ahal dela, lehengo eta egungo egoera ikusteko aukera ematen duten tokietan, hain zuzen. Horrela, errazagoa izango da gertatutakoa ulertzea eta Bizkaiko hiriburuak urteen joanean izan duen aldaketa ezagutzea.

Hauek dira erakusketaren ibilbidea osatzen duten kokalekuak:

1. MARINAREN BATERIA (gaur egun, Bilboko Udaletxea dago bertan)

2. ZALDITERIAREN KUARTELA (desagertutako Quintana jauregia, gaur egungo Erkoreka plaza)

3. HERIOTZAREN BATERIA (Zingira kaia)

4. BILBOKO BANKUA (San Nikolas elizaren ondoan)

5. ANTZOKI ZAHARRA, AREATZA ETA BIDEBARRIETA KALEA (Arriaga Antzokiaren ondoan)

6. ELISABET II.AREN ZUBIA (Areatzako zubiaren ondoan)

7. GELTOKIKO BATERIA (egungo FEVE geltokiaren parean)

8. PLAZA ZAHARRA ETA ZUBI ESEKIA (egungo Erriberako zubiaren eta merkatuaren ondoan)

INFORMAZIO DIGITAL OSAGARRIA

Ibilbidea digitalki egiteko aukera egongo da. Horretarako, panel bakoitzak QR kode bat izango du, informazioa eskuratu ahal izateko eta aipatutako gainerako irudiak ikusi eta horien inguruko informazioa jasotzeko.

“Hiri isolatua. 1874ko Bilboko setioa” erakusketari eta gertakariari buruzko informazioa, halaber, Euskal Museoaren webgunean jasoko da (www.euskalmuseoa.eus), webgune honetan: https://bilbao.rsbap.org/s/1874/page/sitio

Modu horretan, nahi duenak informazio osagarria kontsultatu ahal izango du, eta erakusketa fisikoa eta digitala uztartzen dituen esperientzia bizi. Gainera, erakusketa aurrez aurre gozatu ezin dutenentzat, eduki digital hori oso lagungarria izango da erakusketa beste modu batera ezagutu ahal izateko.

BISITA GISATUAK

Euskal Museoak bisita gidatuak antolatuko ditu Josu Aramberri adituaren eskutik. Doakoa izango da, eta bi ordu inguru iraungo du, non ibilbide osoa egingo den erakusketaren komisarioak lagunduta.

Parte hartzeko, aldez aurretik izena eman beharko da, telefono-zenbaki honetara deituta: 94 415 54 23. Bisitak egun hauetan egingo dira:

2024ko ekainaren 20an 11:00 – 13:00

2024ko uztailaren 4an 11:00 – 13:00


Laburrean

  • Mota Erakusketa
  • Data 2024(e)ko ekainaren 11(e)tik 2024(e)ko uztailaren 9(e)ra
  • LekuaBilbao

Non