"Euskara Ibiltaria" erakusketa ibiltaria

Mungia 2024(e)ko ekainaren 11(e)tik 2024(e)ko urriaren 24(e)ra
  • "Euskara Ibiltaria" erakusketa ibiltaria

Erakusketa ibiltariaren abiapuntua Euskaltzaindiaren Euskararen Herri Hizkeren Atlasa da, eta azken urteotan plazaratutako argitalpenak bezala, euskararen aldakortasuna eta aberastasuna erakustea du helburu (lexikoa, izen-morfologia, aditz-morfologia eta sintaxia). Hala, Euskaltzaindiak gizarteari itzuli egin nahi dio atlasa egiteko euskal gizartearengandik jasotako jakituria.

Erakusketa bost atal nagusitan dago banatua -Tokiak, Materialak, Argia eta soinua, Natura, eta Bizitza-, eta atal bakoitzean Atlaseko mapen hautaketa bat erakusten da, bisitariari aldaera horiek era bisualean erakutsiko dizkiona. Horrez gain, erakusketak jokoak, animazioak eta entzungaien gisako tresnak ere erabiltzen ditu herri hizkeren aberastasun hori erakusteko.

Zentzumenei eragiten dien erakusketa ere bada Euskara Ibiltaria: ikusmenaz gain, entzun egin daitekeena, uki daitekeena, dastatzekoa dena, usaintzekoa. Erakusketa honetan bisitariak, euskararen aberastasunaz ohartzeaz gain, hizkuntza-atlas bat zer den ikusteko aukera izango du, eta horren bidez, XIX. eta XX. mendeetako bizimodua, gizar-tea eta ohiturak ezagutzekoa

Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) oinarri

Adolfo Arejita EHHA egitasmoko zuzendariak honakoa nabarmentzen du: “80. hamarkadan Hizkuntza Atlasa lantzen hasi ginenean euskal hiztunek altxor hori eman ziguten eta Euskaltzaindiak, orain, gizarteari itzuli nahiko lioke. Hori da, besteak beste, erakusketaren helburua.”

Halaber, erakusketaren mamia Euskararen Herri Hizkeren Atlasa den neurrian, Euskara ibiltariaren helburua ere bada egitasmoaren historia gizarteratzea eta hizkuntza-atlasa lantzeko erabilitako metodologia, materialak eta bestelakoak ezagutzera ematea. Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) euskararen aldakortasunaren berri ematen duen argitalpena da, Euskaltzaindiak argitaratutakoa eta dagoeneko hamaika liburuki dituena. Proiektua XX. mendeko 80ko hamarkadan abiatu zuten ikerketa baten bidez. Euskal Herriko 145 inkesta-puntu aukeratu zituzten (Araban herri bakarra, Bizkaian 36 eta Gipuzkoan ere 36, Nafarroa Garaian 27 herri, Lapurdin 15, Nafarroa Beherean 18 eta Zuberoan 12), 319 berriemaile eta 2.857 galdera, 1987 eta 1992 artean, 5.000 ordutik gora elkarrizketaren bidez grabatzeko.

 

mungia.eus

Laburrean

Non