Bilboko Udala: 2024-2025 ikasturterako ikastaroak (izen-ematea)

Bilbao 2024(e)ko ekainaren 19(e)tik 2024(e)ko irailaren 2(e)ra
  • Bilboko Udala: 2024-2025 ikasturterako ikastaroak (izen-ematea)

Bilboko Udalak 320 ikastaro eta tailer antolatu ditu 2024-2025 ikasturterako. Izena emateko epea bihar, ekainak 19 (eguaztena), hasi eta irailaren 2an amaituko da.

Tailerrak 4 alorretakoak dira: kultura, berdintasuna, aisia eta kirola, eta adineko pertsonen osasuna. Helburua bilbotarren aisialdia dinamizatzea da, aisia-aukera osasuntsuak eskainiz eta gauza berriak ikasteko aukera emanez. Kulturaren, berdintasunaren eta osasunaren arloko ikastaroetan eta tailerretan izena emateko, www.bilbao.eus helbidera jo beharko da, eta aisiari eta kirolari buruzko ikastaroetan izena emateko, berriz, www.bilbaokirolak.eus helbidera.  

Aurten, berritasun modura, aisia- eta kirol-ikastaroak Bilbao Kirolak erakundearen bidez izapidetuko dira, telefonoz, aurrez aurre kiroldegietan eta www.bilbaokirolak.eus  webgunearen bidez.  Gainera, eta aisia- eta kirol-ikastaroetan bakarrik, intereseko zentroak ez ezik, jarduerak ere aukeratu ahal izango dira, betiere aurrez izena emateko epean. Hala ere, ikastaro horien prozesuari buruzko informazio guztia 2024-2025eko ikastaroen eta tailerren gidan dago azalduta.

Gainerako ikastaroetarako (kultura, berdintasuna eta osasuna), izapideak aurreko urteetan bezala egingo dira (telefonoz, udaltegietan, webgunean...), eta intereseko zentroak aldi horretan bakarrik aukera daitezke.

Ikastaro eta tailer hauek Bilboko 8 barrutietako udaltegietan egingo dira. Parte hartzeko, urian erroldatuta egon beharra dago, eta adin nagusikoa izan. Pertsona bakoitzak, gehienez ere, bi udaltegitarako eta bi tailerretarako eman ahalko du izena, aisialdi eta kirolaren arloko ikastaroak, eta berdintasunaren arlokoak badira. Kulturaren eta osasunaren arlokoen kasuan, berriz, bakarrean eman ahalko da izena.

IZENA EMATEKO EPEAK

Irailaren 5ean zozketa egingo da eskatzaile bakoitzari izena emateko hitzordua esleitzeko. Emaitzak irailaren 9tik aurrera kontsultatu ahal izango dira, leku eta ordu hauetan:

  • kulturako, berdintasuneko eta osasuneko ikastaroen kasuan, Udalaren web-orrian, 944 010 010 edo 010 telefonoetara deituta (astelehenetik domekara, 08:00etatik 20:00etara), .
  • Aisiako eta kiroletako ikastaroetarako, Bilbao Kirolaken web-orrian edo Bilbao Kirolaken telefono orokorrera deituta (944 354 740) edo Ikastaro eta Tailerren Gidan agertzen diren kiroldegietako telefonoetara deituta.

Gainera, adinekoentzako osasun-ikastaroetan izen-emateko, ordainketa egiteko edo beste edozein izapide egiten laguntzeko, argibideetarako telefono-zenbaki hauetara jo daiteke: 944 20 44 70 eta 944 20 44 53 (astelehenetik barikura, 09:00etatik 13:30era). Aurten, aisiako eta kiroletako ikastaroen ordainketari dagokionez, Bilbao Kirolakek dokumentu bat emango du ikastaro horien ordainketa helbideratzeko.

Kulturako eta berdintasuneko ikastaroen kasuan, izena eman eta hurrengo hiru egun baliodunen barruan ordaindu beharko da. Adinekoentzako osasun-ikastaroak doakoak dira; gainerakoetan, kontuan hartu beharko dira erantsitako gidan jasotako tarifak. Tarifa horiek ez dira aldatuko 2024-2025 ikasturtean zehar, aisialdiko eta kiroletako ikastaroen tarifak izan ezik, horiek aldatu ahal izango baitira Bilbao Kirolakeko Administrazio Kontseiluaren erabakiz. Nolanahi ere, aldaketen berri emango da behar bezala.

Urriaren 2an izena emateko beste epe bat hasiko da, ikastaroetakoren batean lekurik baldin badago; kasu horretan, ez da beharrezkoa izango aldez aurretik izena emateko eskaera egin izana.

Ikastaro guztiak urrian hasiko direla aurreikusi da.

ADINEKOEN OSASUNA

Udalak 99 osasun-ikastaro prestatu ditu uriko adineko pertsonentzat.

Tailer horiek 70 urtetik gorakoentzat dira, bizimodu aktiboa egiten eta sedentarismoa saihesten ikasteko.  Gainera, bizimodu osasungarrirako ohiturak sustatu nahi dira ikastaro horiekin, bizi kalitatea hobetuz, eta gorputzari on eragiteko moduak bilatu, mugimenduen segurtasuna lantzearen bidez, esaterako; edo onura psikologikoak ere bai, talde-lanaren bidez komunikazioa erraztuz, eta, orobat, onura sozialak.

Itxaron-zerrenda bat egingo da ikastaroetan sartu ezin izan diren interesdunentzat.

AISIA ETA KIROLA

111 kirol talde eskainiko dira: aerobic, mantentze-gimnasia, erlaxazioa, luzaketak, yoga eta dantza tropikalak, besteak beste. Badira dantzan hobetzeko eskolak ere, yogakoak, Chi-kungekoak eta Tai-Chikoak; ikastaro horietarako, baina, nahitaezkoa izango da lehendik ezagutzak izatea.

Ikastaro horietarako berritasun gisa, itxaron-zerrenda 2024-2025 aldi osoan egongo da zabalik, eta izena emateko prozesu osoa www.bilbaokirolak.eus webgunean edo kiroldegietan egingo da.

KULTURA

Kultur arloko 85 tailer zehaztu dira, artisautzakoak eta arte aplikatuetakoak, arte plastikoetakoak eta ikusizko arteetakoak, eta 33 espezialitate, horien barruan, hala nola altzariak zaharberritzea, barnealdeak dekoratzea, bitxigintza, ehungintzako patroiak, koadernaketa, larrua lantzea, lore-lanak, marketeria, patchwork, beiraz sortzea, scrapbooking, tiffanys, zeramika, zura lantzea, akuarela, olio-pintura, marrazketa, eskultura, sumi-E, argazkilaritza, bideoa eta zinema.

Ikastaro horietarako 1.200 plaza daude, Bilboko 8 barrutietan banatuta.

Berritasun gisa, aurten ekonomia zirkularrarekin lotutako bi tailer eskainiko dira: birziklapen sortzailea eta altzarien zaharberritzea eta birziklatzea. Tailer horietan, erabiltzen ez diren materialak objektu bihurtzen irakatsiko da.   Tailer horien bidez lortu nahi da herritarrak kontzientziatzea material eta produktuen bizitza luzatzeari buruz eta hondakin gutxiago sortzeari buruz.

Gainera, kultura-ikastaroen eskaintzaren barruan, tailer batzuk euskaraz emango dira, honako espezialitate hauetakoak: argazkigintza digitala, sumi-E (tinta beltzezko marrazketa), akuarela eta urban sketching (bidaia-koadernoa).

BERDINTASUNA

Berdintasunari lotutako 25 ikastaro eskainiko ditu Udalak.Eskolak emakumeen formazioa, parte-hartze soziala eta ahalduntzea hobetzeko diseinatu dira, Bilboko emakume eta gizonen aukera-berdintasunaren bidean beste urrats bat eginez aurrera.

Hauek dira modalitateak: Internet eta sare sozialak eta informatikaren hastapenak; Nork bere burua maitatzea eta zaintzea, tratu onetik abiatuta; idazketa sortzailea; inprobisazioko eta gorputz-adierazpeneko tailerra; Emakume artistak ikuspegi feministatik; Munduko idazleak ikuspegi feministatik, eta eztabaida- eta argumentazio-tailerra.

bilbao.eus

Laburrean

  • Mota Formakuntza
  • Data 2024(e)ko ekainaren 19(e)tik 2024(e)ko irailaren 2(e)ra
  • LekuaBilbao

Non