Eibarko Sanjuanak 2024: egitaraua

Eibar 2024(e)ko ekainaren 21(e)tik 2024(e)ko ekainaren 29(e)ra
  • Eibarko Sanjuanak 2024: egitaraua

Aurtengo sanjuanetako bi une nagusi ekainaren 21eko eta 22ko kontzertuak izango dira.  

Bulegok ostiralean (hilak 21) emango du kontzertua, 23:00etatik aurrera. Talde azkoitiarrak Untzaga plazan aurkeztuko ditu bere kantak. Bulego 2019an eratu zen eta ibilbide arrakastatsua egin du denbora gutxian; haien kantetako batzuk (“Bueltan da”, “Suzko Erroberak”)  irrati batzuen zerrenden lehen postuetan egon dira. “Bueltan da” kantu hori 2021eko udako abesti aukeratu zuen Gaztea Irratiak. Ahaztu gabe, haien aurretik Lilo taldeak joko duela.  

Eta larunbatean (hilak 22), La Pegatinak, Untzaga plazan baita ere, bere errepertorio zabal eta arrakastatsua aurkeztuko du 23:00etatik aurrera, Untzaga plaza osoa dantzan jarriz "Maricarmen", "Lloverá y yo veré" edo "Y volar" bezalako kanta ezagunekin.  Talde kataluniarraren kontzertuaren ondoren, Dj Alaik eta Elena Barkerrek musika elektronikoz girotuko dute Untzaga plaza.  

Jai-egitarauaren barruan, ekainaren 7an eta 8an, “Izengabeak” musika-lehiaketaren I. edizioa egingo da Txantxazelaian eta Untzagan.  

Halaber, ekainaren 8an, Izarok kontzertu bat eskainiko du Untzagan 23:00etatik aurrera.

Ekainaren 23an, San Juan bezperan, jaien egun nagusia ospatuko da. Urtero bezala, Lizarrako dultzaineroen harrera, kuadrillen kalejira, pregoia eta txupinazoa egingo dira. Gainera, aurten berriz ere antolatu dira kuadrillen jolasak Untzaga plazan.  Danborradaren irteera 2 ordu lehenago egingo da Danborradaren Batzordearen eskariz; beraz, 22:00etan irtengo da danborrada Untzagatik , 23:15ean Nele Dantzak emanaldia eskainiko du eta gero San Juan sua egingo da.  Jarraian, Lisker talde eibartarrak joko du Untzaga plazan.

San Juan egunean, hilaren 24an (astelehena), ekitaldi hauek egingo dira: Lizarrako dultzaineroen kalejira, meza Parrokiako Koruarekin, Musika Bandaren kontzertua, kuadrillentzako makro-ginkana, kale-antzerkia, haurrentzako danborrada, erromeria Jainaga eta Narbaizarekin, soka-dantza Kezkarekin, su artifizialak eta berbena bat Jamaica Show taldearekin.

Eta hilaren 25en (San Juan Txiki eguna): Lizarrako dultzaineroen kalejira eta diana, San Juanetako Marmitako lehiaketa, Bergarako konpartsako erraldoien eta Elgetako buruhandien kalejira, familiarentzako kale-antzerkia Adrián Conde konpainiaren eskutik, haurrentzako txokolatada eta su artifizialen beste saio bat.

Hilabetean zehar beste jarduera batzuk ere izango dira: “El señor de los anillos”  filmaren musikaren inguruko kontzertua Untzaga plazan, musika-bandaren eskutik (hilak 14), Biraka Dantza ikuskizuna (hilak 14), Break Dance eta New Style txapelketa (hilak 15), gimnasia erritmikoaren erakustaldia (hilak 15) eta BENGOren kontzertua (hilak 15) ere izango ditugu.

Gainera, ez da ahaztu behar ekainaren 7an, ostirala, Astelenan boxeo emanaldia izango dela 22:00etatik aurrera, bai eta San Juan Igeriketa XXXV. Saria 20:30etik aurrera Ipuruako Kiroldegian.

Txosnaguneari dagokionez, prentsaurrekoan jakinarazi da aurtengo kontzertuak ixteko lanean ari direla, hainbat talderekin harremanetan: Euskal Herriko rap-talde bat reggae eta dancehall nahasten dituena, Andaluziako talde bat eta besteren bat aurrerago zehaztuko dena.  

eibar.eus

Laburrean

  • Mota Jaiak
  • Data 2024(e)ko ekainaren 21(e)tik 2024(e)ko ekainaren 29(e)ra
  • LekuaEibar

Non