"Eduardo Chillida-Godofredo Ortega Muñoz"

Bilbao 2024(e)ko ekainaren 25(e)tik 2024(e)ko irailaren 30(e)ra
  • "Eduardo Chillida-Godofredo Ortega Muñoz"

2022ko ekainean, museoak BBKateak ekimena jarri zuen martxan. Horri esker, azken bi urteetan bildumako 110 artistaren arteko 64 topaketa egon dira ikusgai, eraikin zaharreko 21 aretoetan. Ildo kuratorialaren xedea izan da modu dinamikoan erakustea –astero aretoa aldatuz– kronologiaren tamaina eta artista-zerrendaren oparotasuna, baita museoaren bilduman gordetako teknika eta sormen-asmoen aniztasun izugarria ere. 

Orain, programa amaitzeko, topaketa aparta egingo da XX. mendeko euskal eta espainiar artearen ordezkari handi birekin. Itxuraz, oso bestelakoak, beren interesei eta beren lanaren garapenari dagokienez: Godofredo Ortega Muñoz (San Vicente de Alcántara, Badajoz, 1899-Madril, 1982) eta Eduardo Chillida (Donostia, 1924-2002). 

Orain aurkeztuko diren hiru aretoetan 21 artelan bildu dira. Hamabi, Chillidarenak: zazpi eskultura (terrakotazko bi eta granito, alabastro, altzairu, harri eta zurezko bana, eta paperean egindako bost obra). Beste bederatziak Ortega Muñozen margolanak dira. 

Javier González de Durana historialariak, Ortega Muñoz Fundazioaren (Badajoz) koordinatzaile artistikoak, erakusketako piezak hautatzean, topaguneak eta, era berean, desberdintasunak agerian jartzen dituzten lerro, kolore, hutsune eta keinuen arteko elkarrizketa sotila izan du irizpide. 

Era berean, bi artisten obrari buruzko begirada gurutzatua islatu da museoak berariaz argitaratu duen eta González de Duranaren testuak dituen liburu txikian. 

Eduardo Chillida - Godofredo Ortega Muñoz

Bealunaldi desberdinetakoak izan arren, Chillidak eta Ortega Muñozek bat egin zuten zenbait aldiz, bai pertsonalki bai erakusketetan parte hartuz, 1950, 1960 eta 1970eko hamarkadetan. Material eta teknika desberdinak erabiltzeaz gain  

–Chillida eskultore batik bat, eta Ortega Muñoz margolari–, elkarrengandik oso urruneko moldeetan eta xedeekin ibiltzen ziren, kontzeptualki oso harreman txikia zuten edo harremanik ez zuten munduetan.  

Chillidak nora goazen irudikatzen zuen –hizkuntza abstraktu pertsonal baten asmakuntza–, eta Ortega Muñozek, berriz, nondik gatozen –errealismoa pinturaren genero arruntetan–. Orduan, inork ez zuen sumatu haien arteko lotura edo harremanik, aurkakotasuna baizik.  

Hala ere, mende erdi baino gehiago igarota eta sinplifikazio teorikoak gaindituta (errealismoa tradizioarekin eta gelditasunarekin lotzea; abstrakzioa, abangoardiarekin eta aurrerapenarekin), gaur egun onar daiteke modernitate-funts komun bat dagoela, eta bakoitzak bere erara lortu zuela. Batzuetan, Chillidaren eskultura, marrazki eta grabatuen unibertso formalaren eta Ortega Muñozen paisaia margotuen arteko hurbileko soluzio formal eta konpositiboen bidez. 

Modernotasun-borondate horrez gain, bi-biek dute moda eta taldeetatik kanpoko nortasuna, baita beren bilaketen eta aurkikuntza artistikoen defentsa koherentea ere. 

 


Laburrean

  • Mota Erakusketa
  • Data 2024(e)ko ekainaren 25(e)tik 2024(e)ko irailaren 30(e)ra
  • OrdutegiaAsteazkenetik astelehenera: 10:00-20:00. Asteartean itxita . Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1 eta 6an itxita. Abenduaren 24 eta 31n: 10:00-14:00
  • Lekua Bilboko Arte Eder Museoa
    Museo Plaza, 2
    Bilbao
  • HizkuntzaBat ere ez
  • Web Bilboko Arte Eder Museoa

Non