Yoshitomo Nara bere belaunaldiko artistarik ospetsuenetakoa da. Buru handiko eta begi handietako haurren karikatura moldeko irudi ausartek ospe handia eman diote bere obrari. Irudiak liluragarriak dira eta, zenbaitetan, mehatxagarriak, desafiatzaileak eta lotsagabeak, edo malenkoniatsuak eta zalantzatiak, denboraren joanaren ondorioz gero eta bareago eta gogoetatsuago bilakatuak. Narak artearen munduan berehalako onarpena izan ez zuen arren, bere estilo grafiko berritzailea erabat dago gaur egun finkatua,.
Nararen pertsonaiak —irudiak, animaliak eta izaki hibridoak— bere buruaren isla dira, bere emozioen eta pentsamendurik sakonenen irudikapen plastikoa, eta bere gizatasunaren sakontasuna darakutsate. Bere sorkuntza-iturriak haurtzaroko oroitzapenak dira —bere oroimenean sutan grabatuak—, eta era berean, musikaz eta literaturaz duen jakintza, Japoniako eta Europako artearen historia —jakin-min asegaitzak aberastua—, eta halaber, Japonian eta atzerrian barrena egindako bidaietan hango eta hemengo jendearekin eta kulturekin izan dituen topaketa akuilagarriak, guztiak ere enpatiaz beteak.
Espiritu libreko bere jarrera zabalagatik ezaguna, artistak beti agertu du folk, rock eta punk underground musikarekiko zaletasun gartsua. Gizateriarekin eta gizartearekin sakon engaiaturik egotearen ondorioz, bere obrak —partekatzen dugun munduarekin konprometitua dagoenak— hainbat kontu aztertu eta kontu horiei buruzko ideiak proposatzen ditu, hala nola etxea, komunitatea, natura, ingurumena eta arlo horien arteko elkarrekiko erlazioak.
Hirosaki hiriaren inguruetan 1959an jaioa (Japoniako iparraldea), Narak Aichiko Arte Ederretako Unibertsitatean ikasi zuen pintura. 1980ko hamarkadaren bukaeran Alemaniara joan zen Düsseldorf Kunstakademie ospetsuan ikasteko. Herrialde hartan emandako hamabi urtean, bere pintura-hizkuntza berezia garatzen jarraitu zuen. 2000n, Japoniara itzuli eta, gaur egun, bertan bizi eta lan egiten du. Bere arteak zuzeneko lotura dauka bere historiarekin berarekin eta bere bizipenekin. Japoniako haur garaiko oroitzapen ezabaezinek elikatzen dute bere obraren bihotza —batez ere, bakardade sentsazioak—, bai eta atzerriko egonaldiak ere, Alemanian sentitu zuen ohiko isolamendu sentsazioarekin, ez baitzekien herrialdeko hizkuntza hitz egiten.
Atzera begirako hau ez dago kronologikoki antolatua, Narak berak berariaz egituratu baitu gaika, bere gako pertsonalak eta emozionalak ezagutarazteko, artista den aldetik duen izateko arrazoia erakuste aldera, bai eta interesatzen zaizkion ideiak eta bere sorkuntza prozesuan funtsezkoak direnak erakusteko ere: behin eta berriz erabiltzen dituen kontuak, bere ikuspegi formalaren garapena eta teknika sorta zabala.
Erakusketak “Nararen mundu” iradokitzailean barneratzen gaitu, azken lau hamarkadetan ondutako pieza sorta baten bitartez. Bitxia eta iraunkorra, Nararen ikonografiak ederki ilustratzen du bere ibilbide osoan mantendu duen pentsamenduaren segida eta, gainera, estiloan izan duen bilakaera nabarmentzeko aukera ematen du. Narak bere burua nagusiki pintoretzat jotzen badu ere, beste bitarteko eta formatu batzuk (marrazkia, eskultura eta instalazioa) baliatuz ere arakatzen du gai bakoitza.
Aretoa: 105
Komisarioa: Lucía Agirre
Egoitzak: Guggenheim Bilbao Museoa; Frieder Burda, Baden-Baden Museoa; Hayward Gallery-Southbank Centre, Londres