Jatorrizko 100 pieza baino gehiagok osatuko dute `Neandertalak. Mendebaldeko Pirinioetako beste gizateriaren historia’ erakusketa. Bertan, ezagutzen den Bizkaiko neandertalik zaharrena den Andereren hainbat hezur egongo dira ikusgai.
Bizkaiko Foru Aldundiaren Arkeologia Museoak zabaldu duen `Neandertalak. Mendebaldeko Pirinioetako beste gizateriaren historia’ erakusketak Neandertalden unibertsoa esploratzeko jakingura pizten du, gaur egun Euskal Herria izenez ezagutzen dugun honetan bizi izan baitziren. Erakusketaren helburu nagusia neandertalak benetan nortzuk izan ziren eta lurralde honetan zein izan zen haien historia harrigarri eta luzea argitzea da. Neandertalak, bere biologia, bizimoduak, bilakaera eta desagertzeko arrazoiak gaurkotasun osoko gaiak dira, eta euskal erregistro arkeologikoak erantzun esanguratsuak ematen ditu gai horien inguruan.
Euskal Herriko neandertalak ezagutzen
Bizkaiko Foru Aldundiko Arkeologia Museoak sortutako erakusketa honen bitartez bisitariek gure espeziearen aurreko urruneko iraganera bidaiatzen dute. Hamaika beira-arasa, panel ugari eta Emmanuel Roudier artista ospetsuak irudiztatutako formatu handiko eszena ugariren bidez, Bizkaiko neandertalen gizarteak utzitako ondare arkeologiko zabala ikus daiteke. Gordailutik, BIBATetik, Nafarroako Gobernutik eta Bilboko Arkeologia Museotik bertatik datozen jatorrizko 150 piezek osatzen dute erakusketa, foru museoak bultzatua eta koordinatua, ondoren antzeko gaiak lantzen dituzten beste museo batzuetara joateko asmoz.
Joseba Ríos Garaizar, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Ondarearen Saileko ikertzailea, eta Asier Gómez-Olivencia, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Geologia Saileko ikertzailea, dira erakusketaren komisarioak.
Lehen neandertalak
Euskal Herrian, Abri Olha (Kanbo) eta Ventalaperra (Karrantza) aztarnategietan, egindako lehen miaketekin hasten da erakusketa. Ondoren, El Polvoríngo (Karrantza) I. leizean berreskuratu ziren Bizkaiko neandertalik zaharrenaren, Andereren, aztarnak, hezur-hondarrak, ikusi ahal izango ditugu. Zehazki Andereren bi hezur ikusgai izango dira: zantzu arkaikoenak dituztenak: buruhezurra eta erradioa.
Andererekin batera, Axlorren (Dima) berreskuratutako neandertalen hondarrak daude. Hondar horietako batzuek 100 mila urteko antzinatasuna dute, eta Lezetxikin (Arrasate) berreskuratutako neandertalen hortzen bi erreplika.
Ondoren, neandertalen garaian, Aturritik Asonera eta Ebrora arteko lurralde zabalean, izan ziren klima, landaredia eta fauna ezagutuko ditugu. Neandertalen biziraupen-estrategiak ere aztertuko dira erakusketan, belarjaleak, haragijaleak, hegaztiak, arrainak eta moluskuak jaten zituzten eta. Ondoren, neandertalen teknologia eta kultura ezagutu daitezke, harrizko tresna masiboen, bifazen eta irakingailuen lagin ikusgarriarekin, Achelense-tik Musteriense-ra asko eboluzionatu baitzuten. Musterienseko aurrerapen teknologikoen adibide gisa, silexezko puntak eta laminak, hezur-erremintak eta egurrezko erremintak ikusiko ditugu, Aranbaltza IIIn berreskuratutako Iberiar Penintsulako egurrezko tresnarik zaharrena barne.
Ondoren, erakusketa neandertalen kulturaren alderdi polemikoenetako batean sartuko da, portaera edo jokabide sinbolikoan, Euskal Herrian eskuragarri dauden adibide bakanen bitartez.
Azkenik, azken neandertalei helduko diegu, eta Chatelperroniar aldiko tresna bereizgarrien irudikapen zabala erakutsiko dugu lehen aldiz, Aranbaltza II, Ekain eta Labeko Koban aurkitutako laginekin.
Beraz, aukera paregabea da neandertalen ondarean sakontzeko eta Euskal Herrian desagertutako gizateria hori ezagutzeko egindako ekarpenen berri izateko.
Bisita gidatuak eskainiko dira urritik aurrera erakusketaren xehetasunak ezagutzeko. Aldi baterako erakusketa horretan oinarritutako familia-tailerrak ere eskainiko dira azaroko igande guztietan, jolas-jarduera baten eta erakusketara bisita baten bidez, neandertalak nortzuk izan ziren eta zelan antolatzen ziren jakiteko.
Erakusketa irekita egongo da 2025eko urtarrilaren erdialdera arte. Arkeologia Museoak era guztietako ikusleentzako hainbat jarduera ezberdinekin osatuko du erakusketa. Jarduera guztiak doakoak izango dira, eta ezinbestekoa izango da aurretitik izena ematea 944 040 990 telefono zenbakian edo arkeologimuseoa@bizkaia.eus helbide elektronikoan.