Bizkaiko Foru Aldundiko Ondare Aretoan Paisajes desvanecidos en el aire erakusketa dago, Bilboko Gerardo D'Abraira marrazkilariaren lanaren bitartez iragan industrialaren ikuspegia eskaintzen duena. Erakusketa uztailaren 15ean 19:00tan inauguratuko da eta azaroaren 2ra arte egongo da zabalik.
Balmasedako Encartada Fabrika-Museotik dator erakusketa hau, eta Euskal Herriko eta beste eskualde batzuetako lantegi-espazio nagusien funtsa islatzen duten hogei marrazki baino gehiago ditu. D’Abraira jaunak, 1940 eta 1950 bitartean egindako lanagatik ezaguna, industria-boterea zehaztasun teknikoarekin irudikatu zuen paperezko euskarri handietan, tintaz eta akuarelaz.
Javier González de Durana komisarioak egin du erakusketa, eta Encartada Fabrika-Museoak argitaratutako erakusketaren liburuaren testua ere idatzi du. Liburu hori Ondare Aretoan egongo da salgai.
Irudiak paper-euskarri handietan eginda daude, tintaz eta akuarelaz, eta Euskal Autonomia Erkidegoko eta beste eskualde batzuetako industria-boterea irudikatzen dute. D'Abraira dokumentalista zorrotza bihurtu zen, fabriken esentzia kapturatzeaz gain, maila goreneko profesionala zela frogatu zuen, zehaztasun teknikoarekin eta lerroaren, kolorearen eta xehetasunen tratamenduan sotiltasunarekin.
D´Abrairak lortu zuen ospea dela eta, penintsulako beste industria-eremu batzuetatik ere deitu zioten mota horretako irudiak marraz zitzan; izan ere, halakoak ezin lor zitezkeen aireko argazkien bidez garai haietan. Nolanahi ere, 60ko hamarkadatik aurrera, airetiko argazkigintzak zokoratu egin zuen azkenean D’Abrairaren modukoen lana: industria modernoaren esparruan, eskulana, artea, marketina eta ikusizko komunikazioa uztartzen zituen lanbide bat.
Erakusketa lau eremutan egituratuta dago, eta Gerardo D'Abrariaren ibilbidea zeharkatzen du. Lehenengo eremuan, bere marrazkietarako lehentasunez aukeratzen zituen paper neurri zehatzak nabarmentzen dira, neurrion aukeraketan eragina baitzeukaten, batetik, lanak enkargatzen zizkioten enpresek berek eta, bestetik, tamainak eta kolorea sartzeak berekin dakarten kostuak.
Bigarren eremuak D´Abrairaren hedapen geografikoa aztertzen du, hasi Bizkaiko enpresentzat egin zituen lehen lanetatik eta beste lurralde batzuetatik handituz joan zitzaion eskaeraraino, askotariko lanak barnean harturik, izan airetiko ikuspegiak nahiz eskaera zehatzagoak. Hirugarren eremua Euskaditik kanpo egindako lanaren aintzatespenean zentratzen da, Burgosen, Salamancan, Alacanten eta Bartzelonan egindako balioespena azpimarratuz.
Azkenik, laugarren eremuak bere obren hedapena eta galera jorratzen ditu, eta nabarmentzekoa da enpresen argazki-erreprodukzioen banaketa zabala eta jatorrizkoen galera.
Ondare Aretoan erakusgai dauden lanen artean hainbat euskal enpresetako aire-ikuspegiak daude (Bizkaiko Labe Garaiak, La Conchita, Sarralde, J. J. Krug, Safesa, Unceta eta Productos Vulcanizados), eta beste batzuk, berriz, Euskaditik kanpokoak (Fabril Sedera (Burgos), Metalúrgica del Tormes (Salamanca), Lino Enguídano (Valentzia) eta Bertrand i Serra (Manresa)). Pieza horiek tamaina handikoak eta eraikinen erreprodukzioan duten zehaztasun ia fotografikoagatik nabarmentzen dira.