Agustina Otero: "Zirkuluaren horizontea"

Pamplona/Iruña 2024(e)ko abuztuaren 2(e)tik 2024(e)ko irailaren 29(e)ra
  • Agustina Otero: "Zirkuluaren horizontea"

Zirkuluaren horizontea Agustina Otero artistak garatutako sorkuntza plastikoko proiektu bat da, eta bi egoitzatan dago ikusgai: Oteiza Museoan (2024ko ekainaren 20tik azaroaren 24ra) eta Iruñeko Ziudadelako Bolborategian (2024ko abuztuaren 2tik irailaren 29ra), Jorge Oteiza Museoa Fundazioaren eta Iruñeko Udalaren arteko lankidetzaren ondorioz.

Sormen prozesuan zirriborroak, ikasketak eta ikerketak oinarrizkoak dira obra bat erditu ahal izateko. Hala ere, askotan material horiek berak benetako artelan bihurtzen dira, haien merezimendu propioz. Ziudadelako Bolborategian dago, prozesuari duintasuna eman eta haren faseak baloratzeko espiritu horren barruan, Iturenen bizi den Agustina Otero artistaren Zirkuluaren horizontea erakusketa.

Erakusketa irailaren 29ra arte egonen da ikusgai. Artistaren ikerketa plastikoari lotutako formatu desberdineko hamasei marrazki biltzen ditu, giza-buruaren azterketa formala eta estrukturala ardatz hartuta. Erakusketa Iruñeko Udalarekin eta Oteiza Museoarekin koordinatuta garatutako proiektu zabalago baten parte da. Bigarren horrek, era berean, artistaren kezka horien tratamendu plastikoan ardaztutako beste erakusketa bat ere hartzen du, haren sorkuntza eskultorikoa erakustsiz.

Ikerketa-fase hori ikusarazteko, akuarelaz, ikatz-ziriz, tinta litografikoz, pastelez eta sanginaz egindako marrazkiak hautatu ditu Oterok. Egurrezko sei collage ere erakusten ditu, eta azkenik, baita burdinazko hiru eskultura ere. Marrazki horietako batzuk Oteiza Museoan ikusgai dagoen lan eskultorikoaren parte dira; beste batzuk, propio sortu dira Bolborategiko erakusketarako.

Hain zuzen ere, udal espazio horretarako propio sortutako lau metro luzeko horma-marrazki handi batek egituratzen du instalazioa. Bertan, artistak munduaren eta unibertsoaren jatorriari eta bilakaerari buruzko bere ikusmoldea islatu nahi izan du, zirkulu, lerro eta koloreen bidez buruen mosaiko bat osatuz. Zuriuneen eta buruen arteko jolas hori da, hutsaren eta zirkuluaren artekoa, Zirkuluaren horizontea erakusketaren hari nagusia.

Espazioen azterketa horretan, Oterok, paperera jotzeaz gain eskulturara ere jotzen du. Bolborategian erakusten diren hiru lanak, hain zuzen ere, beste bilakaera bat dira; horietan marrazkia hiru dimentsioetara eramaten du, plano baten desplazamendua eskultura bihurtzen du, horretarako arkatzez eta paperez ez, baizik eta burdinaz baliatuz. Horma-marrazki handiarekin eta erakusketaren zatirik handiena hartzen duten hiru eskulturekin batera, artistak beste marrazki eta collage batzuk ere baliatzen ditu, elkarreraginean eta espazioarekin harremanetan.

Zirkuluaren horizontea erakusketaren barruan antolatutako bitartekaritza-ekintzen artean, irailaren 14rako topaketa bat antolatu da Agustina Otero artistarekin eta Luis Garde poetarekin. Egun horretan, bi erakusketa horien azalpenezko bisitan parte hartu ahal izanen da: Bolborategian, 11:00etan, eta Oteiza Museoan, 12:30ean. Parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute 948332074 telefonoan eta recepcion@museooteiza.org helbide elektronikoan.

Oterok (Leon, 1960) urteak daramatza formekin eta bolumenekin esperimentatzen, beruna, burdina, harria eta hormigoia bezalako materialetan oinarritutako eskultura-lanen bidez, marrazkia eta collagea alde batera utzi gabe. Bartzelonako Massana Eskolan egin zituen ikasketak eta bekadun gisa Florentzian, Carraran eta Pietrasantan (Italia). Itzuli zenean Iturenen (Nafarroa) instalatu zuen bere lantegia, eta eskulturaren eta marrazkiaren arloan bilaketa pertsonalagoa egiten hasi zen, inguruko materialekin, hots, marmolak, hareharriak, harria, konglomeratuak eta ibaietako harriekin, bolumenak egiteko ezinbesteko euskarri baititu.

Duela zenbait urtetik hona, bere lanak burua du ardatz, bere benetako kezka –espazioaren aktibazioa– islatzeko subjektu igorletzat hartzen baitu.


Laburrean

  • Mota Erakusketa
  • Data 2024(e)ko abuztuaren 2(e)tik 2024(e)ko irailaren 29(e)ra
  • Lekua Ziudadela
    Armada etorbidea, z/g
    Pamplona/Iruña
  • HizkuntzaBat ere ez
  • Web Ziudadela

Non