Bilboko 2024ko Aste Nagusiaren egitarauaren barruan.
Bilbainadak Aste Nagusiko goizetako protagonistak izango dira berriz Casilda Iturrizar Parkean. Zortzi kontzertu izango dira guztira, Pergola herri-kantuz betetzeko abuztuaren 18tik (igandea) 25era (igandea). Oraingo honetan, lau talde igoko dira agertokira, Aste Nagusiko zortzi egunetan txandakatuz: Gau Pasa, Bilbao Mapamundi, Los 5 Bilbainos eta Los Chimberos (azken talde hori 85. urteurrena ospatzen ari da).
Haien eskutik, eguerdiko 12:00etatik aurrera, guztiok ezagutzen ditugun kantuak entzungo ditugu egunero betiko lekuan, hau da, Casilda Iturrizar parkean. Eta ez dira hauek izango doinu bakarrak. Pasodobleak, habanerak, hainbat eskualdetako folklorea eta, jakina, euskal musika adituko ditugu zortzi kontzertuotan.
Programazioa Gau Pasa taldeak irekiko du abuztuaren 18an, igandea. Ondoren, Bilbao Mapamundi, hilaren 19an (astelehena); Los Chimberos, hilaren 20an (asteartea), eta Los 5 Bilbainos, hilaren 21ean (asteazkena). Ostegunean, hilak 22, Gau Pasa-ren txanda izango da berriz ere, eta Los Chimberos-en bigarrena hilaren 23an izango da, ostirala, 85. urteurreneko kontzertu bereziarekin. Bilbo Mapamundi-ren bigarren emanaldia (larunbata, hilak 24) eta Los 5 Bilbainos-ena (igandea, hilak 25) izango dira kontzertu-zikloaren azkenak.