Arabako Sabin Salaberri Urcelay musika konpositore, zuzendari, irakasle eta ikertzaileak 90 urte bete dituela eta, margolaritzako eta argazkigintzako artista talde batek "Koloredun notak" izeneko pintura eta argazki erakusketa sortu du, eta Ignacio Aldecoa Kultura Etxean egongo da ikusgai urriaren 2ra arte.
Artistak Blanca Abajo Alda, Karol Fernández Arberas, Amaya Camoeiras, Marijo Lojo Escalante, Blanca Díaz de Espada, Zirika eta Susana Camoeiras dira.
Erakusketan jendaurreratu gabeko hogei bat lan bildu dira, konpositorearen figuran eta musikan oinarrituak. Erakusketaren bidez, Arabako konpositorearen figura bera omendu nahi da, bai eta euskal kulturari egin dion musika eta konposizio ekarpena ere.
Ignacio Aldecoa Kultura Etxearen erakusketa gunean egongo da ikusgai, eta abuztuaren 20ko 19:00etan inauguratuko da. Egun horretan beteko ditu omenduak laurogeita hamar urte.
Sabin Salaberri
Sabin Salaberri Urcelay 1934ko abuztuan jaio zen, Aramaion (Araba). Musika konpositorea, zuzendaria, irakaslea eta ikertzailea da. Konpositore gisa egin duen ekoizpen gehiena musika koralari eskainia da, baina beste eremu batzuk ere landu ditu, hala nola ahotserako eta pianorako abestiak zein ahotserako eta orkestrarako abestiak, bai eta organorako musika ere. Alde horretatik, eginkizun garrantzitsua izan zuen euskarazko lehen errepertorio liturgikoen osaeran.