PAUL URKIJO
Txikitatik maite izan ditu zinema, ilustrazioa, literatura, komikigintza eta fantasiazko generoa, eta mitologia eta ipuin tradizionalak irakurtzeko zaletasun handia du. Arte Ederretan lizentziatu zen, eta lanean hasi zen ikus-entzunezko errealizazioan, ilustrazioan eta infografian. Halaxe ekin zion fikziozko eta animaziozko film laburrak idazteari eta egiteari. 2016an, lehen lan luzea idatzi, ekoitzi eta zuzendu zuen: Errementari fantasiazko filma, “Patxi Errementaria” euskal folkloreko ipuinean oinarritutakoa. Idatzi eta zuzendu dituen filmek 130 sari baino gehiago irabazi dituzte nazioan zein nazioartean, eta 400 hautagaitza baino gehiago jaso dituzte mundu osoan.