"Ertibil Bizkaia 2024" erakusketa

Basauri 2024(e)ko irailaren 4(e)tik 2024(e)ko urriaren 3(e)ra
  • "Ertibil Bizkaia 2024" erakusketa

Erakusketak Bizkaiko egungo arte-panoramaren aniztasuna eta talentu kartsua islatzen ditu. Lanek —instalazioak, margolanak (olioa, akrilikoa eta pastela), bideoa, eskultura eta argazkigintza— parte-hartzaileen sormena eta adierazpidea islatzen dute.

Ertibil Bizkaia 2024ko sarituen artean, Leo Burge nabarmentzen da, zeinak lehenengo saria eskuratu baitu Entre murmullos y cabello lanarekin. Zortzi marrazkiko bilduma bat da, espazio multidimentsional batean marra eta zatien arteko fusioa esploratzen duena. M. Benito Pirizek bigarren saria lortu du Abrazo lanarekin, zulatutako gorputzari buruzko eskultura-hausnarketa zirraragarriarekin. Lucía Jayo Altamiranok hartu du hirugarren saria, You' ll Never Guess lanarekin. Argazki proiektu bat da, irudiak errepikatuz ikuslearen pertzepzioa desafiatzen duena.

Beraz, honako hauek dira ERTIBIL BIZKAIA 2024ko sarituak: Leo Burge, M. Benito Piriz, Lucía Jayo Altamirano, Tana Garrido Ruiz, Maider Gonzalo Salceda, Ángela R., Jon Ander Terroba, Ane Diez de Ulzurrun, Hodei Herreros, Idoia Leache, Julia Martos, Víctor Ortuño, Aida Valdes, Ane Berganza, Unai Cardoner, Martzel do Nascimento Goiria, Garazi Etxebarria Azurmendi eta Bakarne González & Eva Rayak osatutako bikotea. 

Aurten, 149 eskaera jaso ditu ERTIBILek, eta epaimahaia honako hauek osatu dute: Jon Ander García Benítez, Ertibil Bizkaia 2023ren irabazlea; Andrea Estankona Loroño, EHUko Arte Ederretako irakaslea; Sahatsa Jauregi Azkarate, artista, eta Helena López Camacho, Uribitarteko arduraduna (BilbaoArte) eta erakusketaren harira argitaratutako katalogoko testuen idazlea.

Itsasargi bat artista berrientzat

1983an Ertibil Bizkaia sortu zenetik, Bizkaiko artista berrientzako itsasargia izan da, esperimentaziorako eta adierazpen artistikorako funtsezko espazio bat eskaintzen diena. 42 edizio egin dira jada, eta, dagoeneko, Bizkaiko arte bisualen arloko erreferente bihurtu da ekimena. Ikusleekin konektatzeko duen gaitasunagatik eta berrikuntza artistikoarekiko konpromisoagatik nabarmentzen da.

Bizkaian barrena ibiliko den erakusketa

Punta Begoñako galerietan inauguratu ondoren, Ertibil Bizkaia lurraldeko zenbait udal erakusketa-aretotan egongo da, eta berekin eramango du talentu gazteen abangoardia sortzailea.

Erakusketa Getxon hasiko da, Punta Begoñako galerietan. Han egongo da gaurtik irailaren 2ra arte. Gero, irailaren 4tik urriaren 3ra, Basaurin egongo da, Arizko Dorretxean.

Jarraian, Igorrera joango da, Lasarte Aretora, urriaren 5etik urriaren 31ra. Deriok ere hartuko du erakusketa ibiltaria, Kultur Birikan, azaroaren 4tik abenduaren 2ra.

Eta Amorebieta-Etxanoko Zelaieta Zentroa izango da erakusketaren azken geralekua, abenduaren 3tik 30era.

Egonaldiak Japonian

ERTIBIL BIZKAIA erakusketaren osagarri, egoitza artistikoak egongo dira Japonian, saritutako artistentzat.

Horrela, bada, 2023ko edizioko artista irabazleak han dira orain.  Jon Ander García Benítez Koganechon (Yokohama) ari da egonaldia egiten, eta Maider Aldasoro, berriz, Paradise Air-en (Matsudo).

Lehen saria

Leo Burge: Entre murmullos y cabello

Leo Burge-k (Londres, 1991) marrazkiaren, eskultura salbuetsiaren eta idazketaren arteko intersekzioa aztertzen du bere lanetan. Bere lanak, zeina nazioarteko hainbat galeriatan egon baita ikusgai, zortzi marrazki biltzen ditu, erdi-amestutako irudiak hartzen dituztenak eta intentsitate plastiko eta pertsonalak arakatzen dituztenak.

Bigarren saria

M. Benito Piriz: Abrazo

M. Benito Pírizek (Durango, 1992), eskultura ardatz hartuta, piercinga erabili du zulatze-elementu gisa, Abrazo lanean. Serieak gorputz zulatuari eta haren estetikari buruz hausnartzen du, elkar besarkatu eta sentsibilitatea eta testura sortzen duten bi piezarekin.

Hirugarren saria

Lucía Jayo Altamirano: You 'll Never Guess

Lucía Jayo Altamiranok (Vitoria-Gasteiz, 1999) pintura, marrazkigintza eta argazkigintza konbinatzen ditu, You 'll Never Guess lanean. Praka neurri bisualaren unitate gisa darabilen proiektuaren parte da pieza hori. Proiektu horretan, bestalde, artistak zalantzan jartzen ditu irudiari aurre egiteko bere logikak eta moduak.

 

----

Tana Garrido Ruiz: Una flor

Tana Garrido Ruizek (Tarragona, 1989) Una flor aurkeztu du: etnobotanikaren eta teoria dekolonialen arteko erlazioa aztertzen duen 16 mm-ko bideo-saiakera bat, bere egikera bikainagatik eta narratiba delikatuagatik nabarmentzen dena.

Maider Gonzalo Salceda: Una imagen compartida

Maider Gonzalok (Erandio, 1994) Una imagen compartida ekarri du erakusketara: arkitektura-egiturekin eta espazio-harremanekin jolas egiten duen eskultura-instalazio bat.

Ángela R.: El bucle es cuestión de distancia

Ángela R. artistak (Burgos, 1994) koloretako argazki bat aurkeztu du, paisaia baten esentzia eta zaldi zuri batekin izandako ustekabeko topaldia islatu, eta distantzia eta une galkorra aztertzen dituena.

Jon Ander Terroba: Ánade de superficie, ánade buceador

Jon Ander Terrobak (Galdakao, 1996) zenbait material erabiltzen ditu, hala nola karrozari-zintak eta latexa, ahate-irudi errepikatuak sortzeko taulen gainean, serializazioa eta metaketa aztertuz, metodologia artistiko gisa.

Ane Diez de Ulzurrun: Beltxarga urdina, hodei urdina

Ane Diez de Ulzurrun Reyk (Iruñea, 2001) grafitoaren eta pastelaren arteko harremana aztertu du hamaika marrazkiko sorta batean, non narratiba bisualarekin eta itxurazko errugabetasunarekin jolasten baitu.

Hodei Herreros: Gesto para 1 besito (caoba)

Hodei Herreros Rodríguezek (Vitoria-Gasteiz/Granada, 1997) eskultura-forma ikertzen du, gainazal lauen bidez. Gesto para 1 besito (caoba) lana, ilusio optikoetan inspiratuta dago.

Idoia Leache: Mariem

Idoia Leachek (Iruñea, 1999), Mariemen, eskulturaren, gorputzaren eta erregistro performatiboaren arteko harremana ikertzen du, eta gorputzak eta eskulturak elkarrizketan dituzten aukerak aztertu.

Julia Martos: Only Rituals Can Save Us

Julia Martosek (Córdoba, 1989) Only Rituals Can Save Us sortu du: autobiografia, historiografia dekoloniala eta dantza konbinatzen dituen ikus-entzunezko saiakera bat, non Maya Deren zinemagileak Haitin egin ez zuen obrarekin espekulatzen baitu.

Víctor Ortuño: Exhaust Pipe

Victor Ortuñok (Yecla, 1995) ihes-hodiaren hizkuntza bisuala arakatzen du Exhaust Pipe lanean, eta, haren materializazio artistikoan, harreman semantiko eta bisualak ikertzen ditu.

Aida Valdes: Tú

Aida Valdések (Gijón, 2000) Tú aurkeztu du. Eskultura txiki bat da, eguneroko materialen bidez nortasuna eta introspekzio pertsonala aztertzen dituena.

Ane Berganza: Esto no es un Story, es un película

Ane Berganzak (Bilbo, 1999), Esto no es un Story, es un película lanean, aurretik ezarritakoari aurre egin, eta aro digitaleko narratiba bisuala eta performancea arakatzen ditu.

Unai Cardoner: Negro marfil y plata

Unai Cardonerrek (Bartzelona, 1999) ihes-hodiaren esanahia ikertzen duten obren sorta bat aurkezten du, hizkuntza bisuala tresna nagusi gisa erabiliz.

 

basauri.eus

Laburrean

  • Mota Erakusketa
  • Data 2024(e)ko irailaren 4(e)tik 2024(e)ko urriaren 3(e)ra
  • Lekua Arizko Dorretxea
    Francisco Kortabarria, z/g
    Basauri
  • ZenbatekoaDoan
  • HizkuntzaBat ere ez
  • Web Arizko Dorretxea

Non