Zumarragako 2024ko Antioko Musikaldiaren barne.
"Tutto Vivaldi"
Musbika musika-konpainia bat da, eta musikaren sentsibilizazioaren eta hedapenaren bidean lan egitea du helburu. Egon daitezkeen oztopoak eta etiketak hausteko nahiarekin, musika pertsona guztiei helarazteko. Musika klasikoari eta antzinako musikari egozten zaizkien oztopoak eta klixeak gainditzeko asmoz, eszenaratze fresko eta dinamiko bat proposatzen du MUSBIKA ENSEMBLE proiektuaren bidez, edonor harrituta uzteko eta musika honekin gozatzeko aukera eskainiz.
Duela 320 urte, zehazki, historiak oparitu digun musikari handietako bat bere talentua eta sormena loratzeko aukera emango zuen ingurune berezi batean sartu zen. 1703ko irailean, Antonio Lucio Vivaldi Veneziako Ospedale della Pietà izeneko umezurztegi batean biolin maisu bihurtu zen.
Hurrengo 30 urteetan, umezurztegi horretan lan egiten zuen bitartean, bere lanik garrantzitsuenak konposatu zituen. Musikagilearen sormen-etapa bati hasiera eman zion gertakari hutsal baina garrantzitsu honen urteurrenean, Musbikak Antonio Lucio Vivaldiren obra garrantzitsuenetan oinarritutako programa monografiko bat aurkezten du.