Zumarragako 2024ko Antioko Musikaldiaren barne.
"Txoria nuen maite: Laboa gogoan"
Musikariak:
Iñaki Salvador donostiarra Euskal Herriko musikaren funtsezko pieza da azken hamarkadetan, eta zalantzarik gabe, gure jazzaren nazioarteko ordezkari garrantzitsuenetako bat. Pianista, konpositorea, moldatzailea eta irakaslea da. Piano, harmonia eta konposizio ikasketak egin zituen, José Antonio Medina eta Jesús González Alonso piano-jotzaileen edo Francisco Escudero konpositorearen zuzendaritzapean. Funtsean autodidakta izan zen, musika modernoari eta jazzari dagokienez.
Iñaki Salvadorren septetoak Mikel Laboaren musika berrikusiko du, musika inprobisatuaren eta jazzaren estetikatik abiatuta. Oraingo honetan, eta lehen aldiz Laboaren irudiaren inguruan Salvadorrek egindako proiektuetan, testuak abestuta, ahotsa funtsezko tresna gisa erabiliz Laboak aukeratutako poesia zein euskara lehen lerroan jartzeko. Horretarako, karrera sendoa duten artista ospetsuen banda bat eratu da. Moldaketak eta egokitzapenak Laboak besarkatu zituen hiru ildo eta konpromiso artistikoek inspiratu dituzte: tradizioaren errespetua eta ezagutza; poesia eta sorkuntza garaikidearen inguruko lana; eta ikerketaren eta abangoardiaren aldeko apustua.