"Bordea", Gabriel Cocaren erakusketa

Bilbao 2024(e)ko irailaren 27(e)tik 2024(e)ko azaroaren 10(e)ra
  • "Bordea", Gabriel Cocaren erakusketa

2024ko irailaren 27an, 19:00etan, URIBITARTE40 Aretoak ateak irekiko dizkio urteko laugarren bakarkako erakusketari, 2023/24an ekoizpen-zentroan beka jaso zuen Gabriel Cocaren obrarekin.

Artista, Zuhar Iruretagoiena (Zarautz, 1981), Fermín Moreno (Bilbo) eta Ixone Sádaba (Bilbo, 1977) biltzen zituen kanpo-epaimahai profesionalaren bidez aukeratu izan zen, eta bere erakusketa 2024/25 ikasturtean URIBITARTE40 Aretoan egingo diren hiru proiektu indibidualen lehenengoa izango da.

Bordea [ertzetik doa] izenburupean, erakusketak tamaina txiki, ertain eta handiko marrazki eta pinturen multzo handi bat biltzen du; horiek guztiak BilbaoArten egindako egonaldian sortutakoak dira, estudioa erabiltzeko aukera eskaintzen duen bekari esker.  Berarekin batera, artistak obra-corpus berri bat garatu du, aurreko proposamenekin elkarrizketan aritzen dena; bertan, badu presentzia espazio piktorikoan apurketa eta tentsioa sortzeko keinuak, indarrak kontrajartzearen bidez, eta baita harmonia aurkitzeko keinuak ere. Trazuaren bidez ezarritako formek, geruza eta lodierak gainjarrita, laguntza ematen diote artistari pinturaren gorpuztasuna agerian uzteko, koadroaren azaletik zirkulatzeko, perimetroa mugatu eta zaintzeko; ertzetan sartzea eta ertzetatik ateratzea, guztia okupatzea, soberan dagoena kentzea, erritmo bat markatzea, aurrera egitea, atzera egitea eta barrurantz joatea. Izan ere, Cocarentzat trazuaren ertza marra bat da, aldi berean mugatu, bereizi eta barneratu egiten duen forma bat, batu eta definitzen duena, zeharkatu eta kontaktuan jartzen duena.

Bordearen ardatz nagusiak marrazkia eta pintura dira, eta bere praktika artistikoan ikergai dituen kezka eta hausnarketa batzuk kondentsatzen ditu. Lan honen emaitza bere praktika piktorikoaren prozedurari buruzko ikerketa baten ondorioa da. Artistak marrazkian oinarritutako metodologia bat garatzen du, formak eta eskuaren mugimendu berriak aurkitzeko. Irudi piktorikoa bideratzeko forma berriak deskubritzeko borondatearekin, Cocak erabakitzen du hizkuntza piktorikotik urruntzea eta ausaz egindako paper-ebakietatik abiatzea; geroago, ebaki horiek ikatz-ziriz inguratzen ditu, edo trazu erregular eta irregularrekin esku hartzen du. Lan egiteko forma berri horrek bultzatuta, marrazkia azala kudeatzeko metodotzat hartzen du, eta papera –espazio zuri hori- espaziotzat; eta marrazkia espazioa hautemateko formatzat eta denboran egoteko modutzat. Era horretan, marrazkia arreta jartzeko eta formak deskubritzeko leku gisa deskubritzen du, eta gero modu desberdinetan esku hartzen du bertan. 

Bere obra piktorikoetan, antzekoak diren gauza batzuk gertatzen dira, eta oso desberdinak diren beste batzuk. Oihalaren azal hutsa, laukizuzen zuri hori, okupatzeko espazio bat da artistarentzat.  Artistak marrazkiaren trazua hartzen du abiapuntutzat, eskuaren keinua askatzen du, bere begia gidatzen duten eta espazioa ordenatzea ahalbidetzen dioten marka batzuk ezartzeko. Puntu horretara iritsita, Cocak deseraiki egiten du irudia, apurtu eta okertzen du, trazuen eta kolore-orbanen bidez, batez ere instintuak gidatuta, begiak eta arrazoimenak baino gehiago. Geruzaz geruza, brotxak emandako dentsitate eta testura desberdinez, hasierako marrazkia ezabatzen du azkenean, forma keinuaren bitartez sorrarazten saiatuz. Keinu hori garrantzitsua da, marrazkiaren inguruan mugitzen da, inguratu egiten du; aurrez aurre jarri, gainjarri eta elkar zeharkatzen dituzten forma solidoen multzo bat ezartzen du, batzuetan egoera harmoniatsuak eta beste batzuetan gatazkatsuak bilatuz. Azkenean, emaitza euren ertzetan dar-dar egiten duten kolore-masa handiak dira. Cocari interesatzen zaio pintura gertaera bat izatea; nerbio-sistemara zuzenean sar daitekeen zerbait. Horrela bakarrik eusten dio marrazkiak pinturari, eta pinturak marrazkia inguratzen du.

ERAKUSKETAREN FITXA TEKNIKOA

Artista: Gabriel Coca (Iruñea/Pamplona, 1989)

Izenburua: Bordea

Lekua: URIBITARTE40 Aretoa (Uribitarte Pasealekua, 40. 48009 Bilbo).

Datak: irailak 27, 2024 – azaroak 10, 2024

Aretoaren ordutegia: Asteartetik larunbatera, 11:00 – 14:00 eta 16:00 – 20:00. Igande eta jaiegunetan, 11:00 – 14:00. Astelehenetan, itxita. Sarrera doan.


Laburrean

Non