1908an sortu zenetik, Arte Ederren Bilboko Museoak hein handi batean dohaintzei eta legatuei esker handitu ditu bere bildumak. Lan berriak lortzeko modu hori mantendu egin da, eta Museoaren bereizgarri argienetako bat bilakatu da: Museoaren ondare artistikoa osatzen duten obren %60 baino gehiago partikularrek, erakundeek eta beste entitate korporatibo batzuek legatu edo dohaintza gisa emana da.
Joan den urtean, Begoña María Azkue batu zen segida historiko horretara; hain zuzen, bere azken-nahietan Museoaren aldeko legatu bat formalizatu zuen, eta oso-osorik bilduma aberastuko duten artelanak erosteko erabiltzeko eskatu zuen.
Lehenengo erosketa Botoa Sainte-Anne d'Aurayn (c. 1870) mihise gaineko olio-pintura izan zen. William Bouguereauren lan aipagarri horrek Museoaren XIX. mendeko pintura-lanen multzoa osatuko du. Madrilgo Ansorena enkante-etxean erosi zen 2023an, 165.466 euroren truke, eta urte bereko azaroan aurkeztu zen aretoan.
Orain, Museoak ezagutzera eman nahi du 2023ko abenduan erositako bigarren margolana. Ignacio Zuloagak 1893-1894 inguruan Parisen margotutako Erik Satieren erretratua da. Eskurapen horri esker, Zuloagaren ekoizpeneko obra goiztiar batekin osatzen da Museoan euskal artistaren lanetik kontserbatzen diren margolanen multzo aipagarria (10). Obraren interes artistikoaz harago, azken eskurapen horrek omenaldi inplizitua egiten dio Begoña María Azkueri, zeina, besteak beste, musikazale amorratua baitzen.
Museoan Ignacio Zuloagaren obrek osatzen duten bildumara frantziar konpositore Erik Satieren (Honfleur, Calvados, Normandia, 1866 - Paris, 1925) erretratu hau ekartzearekin, artistaren gaztaroko ekoizpenaren garaia osatzen da, aintzat hartuta ia ez dagoela garai horretako lanen eskaintzarik merkatuan. Mihiseak dokumentatzen duen garaian, Eugène Carrièreren eragina agertu zen Zuloagaren pinturan, eta artistak paleta inpresionistaren naturalismoa utzi eta sinbolismora hurbiltzen duten kromatismo mugatura eta ilunpeko argiztapenera jo zuen.