Zortzigarren edizio honetan, Open House jaialdiaren izena aldatuko da –hemendik aurrera, OPEN jaialdia izango da–. Gainera, espazioak irekitzen jarraitzeaz gain, ikusgarritasuna emango die arkitektura egiteko molde berriei.Horretarako, estudio berrien edo eraikuntza gabeko arkitekturen begirada baliatuko du, lanbidean jarduteko modu alternatibo gero eta ohikoagoak erakutsiz. Hala ere, ez dugu ahaztu behar ekitaldiaren helburu nagusia arkitektura eta hirigintza herritar guztiei hurbiltzea dela.
Gainera, jakitun izanik gaur egungo arkitektura-jarduna inoiz baino askotarikoagoa dela eta imajinario kolektiboan oraindik ere arkitektura-eredu bateratu eta ikoniko bat nagusi dela, OPEN programak ikuspegi hori zabaldu nahi du, beste arkitektura mota batzuk erakutsiz: eguneroko arkitekturak, ikusten ez diren arkitekturak, arkitektura femeninoak, arkitektura zaintzaileak...
Horretarako, jaialdiaren programazioak asteburua baino gehiago iraungo du, urriaren 1etik 6ra, Arkitekturen Jaialdia lelopean.
Programa hainbat ekintzatan oinarrituta diseinatu da, arkitektura BISITATU, HITZ EGIN, JOLASTU, IBILI, DISEINATU eta IKUSI ahal izateko.
Jaialdiaren antolatzaileen asmoa da jaialdia gure inguruko arkitekturak lantzeko formatu eta modu desberdinak esploratzeko aukera emango duen tresna bat izatea.
Hortaz, espazioak eta eraikinak bisitatzea garrantzitsua izango da oraindik ere, baina zortzigarren edizio honetan bestelako ekimenak ere egingo dira, arkitektura planteatu, bizi eta lantzeko moduen ezagutza-bide berriak irekitzen saiatuz.
ERAKUSKETA ETA EZTABAIDA: ARKITEKTURAK TRANTSIZIOAN
Open Jaialdiaren esparruan, Cities Connection Project programa europarra Bilbora iritsi da, Nicola Regusci eta Xavier Bustos arkitektoak buru direla. Programa horren helburua da tradizio arkitektoniko garrantzitsua duten Europako hirien arteko lotura kulturala ezartzea: Brusela-Valona, Luxenburgo eta Bartzelona.
Erakusketa ibiltaria eta metagarria da, eta hirien arteko trukerako eta esperientzietarako espazio bat sortzea du helburu, hiri-diseinu eta -garapen jasangarriko jardunbide egokien inguruan. Hala nola, kalitatezko arkitekturak, lehendik dauden espazioak berrerabiltzea sustatzen dutenak; eraikuntza-sistema eta -material jasangarriak; energiaren ikuspegitik eraginkorrak diren eraikinak...
Parte hartzen duen hiri bakoitzeko 20 proiektuk osatzen dute erakusketa, tartean tokiko bost estudioren proiektuak: Bear, ELE Arkitektura, Behark, AV62 eta Beste Arkitektura.
Urriaren 1etik 6ra ikusi ahal izango dira proiektuok IED Kunsthal eraikinean.
Gainera, erakusketa horren harira, hitzaldi bat antolatu da – eguaztenean, urriak 2, 12:30ean –, parte hartzen duen eskualde bakoitzeko estudio batek proiektua bertaratutakoei azaltzeko.
Formatu honen helburua da hirien arteko trukerako eta esperientzietarako espazio bat sortzea, hiri-diseinu eta -garapen jasangarriko jardunbide egokien inguruan.
Hauek izango dira partaideak: Benjamin Robinson, Belgikako Artau estudiokoa; Philippe Nathan, Luxenburgoko 2001eko estudiokoa; Tomeu Ramis, Kataluniako Flexo Arquitectura estudiokoa; eta Ibon Salaberria, Beste Arkitektura estudioaren izenean.
Proiektu bakoitza aurkeztu ondoren, mahai-inguru bat egingo da, eta bertan, lasai, lau parte-hartzaileek eta publikoak gogoeta egin eta eztabaidatu ahal izango dute.
Hitzaldian eta ondorengo solasaldian parte hartzeko, izena eman behar da aurretik.
IBILBIDEAK: IBILBIDE KRITIKOAK ETA FAMILIAKO IBILBIDEAK
Bizikidetzarako espazioak izenburupean, ezaugarri oso desberdinak dituzten auzoetan zehar - Zabalgunea eta Santutxu - bi ibilbide egingo dira, eta hiri-inguruneak garai eta testuinguru historiko oso desberdinetako auzoetan komunitate-harremanak sustatzeko duen gaitasuna aztertuko da.
Ibilaldi horiek egiteko izena eman behar da, bai eta familian egitekoak diren oinezko ibilbideak egiteko ere. Azken hauek urriaren 5ean (zapatua) eta 6an (domeka) egingo dira: San Ignaziora begira, Castañoseko begiratokiak eta Atxuriko arkupeak.
Haurrek gizarte- eta ingurumen-konpromisoaren erronka eta helburu handiak uler ditzaten sortutako ibilaldiak dira aipatutakoak. Ibilbideetan jolasteko eta hausnartzeko geldialdiak eta sormenezko jarduerak egingo dira. Banakako nahiz elkarlaneko proposamenetarako materialak eta tresnak emango dira.
TAILERRA ETA SOLASALDIA: HIRIGINTZA SOZIAL ETA INKLUSIBO BATERANTZ
Bi jardunaldi programatu dira BBK Kunan, hausnarketarako (ezinbestekoa izango da plaza erreserbatzea).
Lehenengoa, martitzenean, hilak, 1, 17:00etan egingo da, Eskoletako jolastokiak birpentsatuz izenburupean. Espazio horiek duten garrantzian jarri nahi da arreta, horietan bizitzarako asko ikasten da-eta. Testuinguru horretan, tailer bat antolatu da, eskola-patio inklusibo eta osasungarriei buruzkoa. Esperientzia interaktiboa da, hezkuntza-komunitateko hezitzaile, guraso, ikasle eta profesionalentzat diseinatua, hezkuntza-espazio inklusiboagoak, osasungarriagoak eta kalitate handiagokoak sustatzeko interesa dutenean.
Eta, bigarrena, eguenean, 18:00etatik aurrera, Emakumeek hiria egiten dute izenburuarekin, topaketarako eta hausnarketarako gune gisa aurkezten da, emakumeek hiri garaikidearen eraldaketan eta eraikuntzan duten funtsezko eginkizunari balioa emateko. Ekitaldi honen bidez, elkarrizketa aberasgarria sortu nahi da, hiri-inguruneak ulertzeko eta diseinatzeko modu berriak inspiratuko dituena.
Gure hiriak birpentsatzeko eta horiek eraikitzen laguntzeko gonbidapena, ikuspegi bidezkoago eta gizatiarrago batetik, non emakumeen begirada hiri-plangintzaren eta -garapenaren elementu nagusi bihurtuko den. Ikuspegi horrekin, bada, emakumeek arlo horietan egiten duten lanari ikusgarritasuna emateaz gain, orain arte hirigintzan nagusi izan diren eredu tradizionalak zalantzan jarri nahi dira.
ZINEMA ETA ARKITEKTURA
Barikuan, hilak 4, 18:00etan, zine-foruma egingo da BilbaoArte-n, Bernardo I. García de la Torrek zuzenduta. Arkitektoa, dibulgatzailea eta Arquitectura para el cine en Bilbao liburuaren egilea da García de la Torre.
Sarrera labur baten ondoren, King Vidor-ek zuzendutako El Manantial filma (1949) proiektatuko da. Filmean arkitektoak gizartean duen identitateari buruzko galdera sakonak planteatzen ditu, eta arteak eta sormenak mundu modernoaren eraikuntzan duten zereginari buruz; proiekzioaren amaieran horiei buruz hausnartuko da.
Aldez aurretik izena eman behar da.
OPEN ESPAZIOAK
OPEN jaialdiaren zortzigarren edizio honetan herritarrek urian han eta hemen dauden 72 espazio izango dituzte ikusteko; horietatik zortzi berriak dira.
ESPAZIOAK BAKARRIK IREKITZEN DIRA ASTEBUAN, HILAK 5 (ZAPATUA) ETA 6 (DOMEKA).
Espazioetarako bisitak doan egin ahal izango dira, eta ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea. Bisita horiek egiteko, nahikoa da eraikinera hurbiltzea, ilaran jartzea (balego) eta txandaren zain egotea.
Taldeak 10-30 lagunekoak izango dira, eta bisitak, 20-45 minutukoak, espazio bakoitzaren arabera.
Jaialdiaren ordutegi orokorra hau da: zapatuan 10:00-20:00 eta domekan 10:00-19:00; hala ere, eraikin bakoitzak bere ordutegia izango du, aukeren arabera. Informazio hori jaialdiaren web-orrian (www.openhousebilbao.org) eta banatuko diren planoetan kontsulta daiteke.
Hauek dira herritarrentzat zabalduko diren espazioak:
01. Eleiz Museoa / Museo de Arte Sacro
02. Bilborock
03. “La Bolsa” Eraikina / Edificio “La Bolsa”
04. Plaza Berria / Plaza Nueva
05. Euskaldunako Dike Lehorrak / Diques Secos Euskalduna (berria)
06. Santa y Real Casa de Misericordia
07. Gran Via
08. Albia Lorategiak / Jardines de Albia
09. Esperientzia Gelak / Aulas de la Experiencia
10. Universidad Literaria de Deusto
11. Bidebarrietako Udal Liburutegia / Bibl. Mun. de Bidebarrieta
12. Arriaga Antzokia / Teatro Arriaga
13. Villa María
14. Bilboko Udaletxea / Ayuntamiento de Bilbao
15. Chávarri Jauregia / Palacio Chávarri
16. Abandoko Udaltegia / Centro municipal de Abando
17. Ibaigane Jauregia / Palacio Ibaigane
18. Elorrietako Ponpatze-Estazioa / Est. de Bombeo de Elorrieta
19. Concordia Geltokia / Estación de la Concordia
20. Harino Panadera
21. Campos Elíseos Antzokia / Teatro Campos Elíseos
22. BilbaoArte (berria)
23. Bilboko Elkarte Filarmonikoa / Soc. Filarmónica de Bilbao
24. Aburto Etxea / Casa Aburto
25. Bilboko Burtsaren eraikina / Edificio de la Bolsa de Bilbao
26. Azkuna Zentroa
27. Castañoseko Udaltegia / Centro Municipal de Castaños
28. Fesa-Ercros Pabilioia / Pabellón Fesa-Ercros
29. Cuna Etxea / Casa Cuna
30. Atxuriko Geltokia / Estación de Atxuri
31. Sociedad Bilbaina
32. Artxandako Funikularra / Funicular de Artxanda (berria)
33. Deustuko Unib. Komertziala / Uni. Comercial de Deusto
34. Zankoetako Udaltegia / Centro Municipal de Zankoeta
35. Punta Begoña Galeriak / Galerías Punta Begoña
36. Tayko Hotela / Hotel Tayko
37. La Perrera Eraikina / Edificio La Perrera
38. Banco de España
39. Indautxuko Jesuitak / Jesuitas de Indautxu
40. LHI Tomas Camacho / CEP Tomas Camacho (novedad)
41. Bizkaiko Foru Liburutegia / Biblioteca Foral de Bizkaia
42. Erriberako Merkatua / Mercado de la Ribera
43. HLHI Luis Briñas Santutxu / CEIP Luis Briñas Santutxu
44. Euskararen Etxea (berria)
45. Arte Ederren Museoa / Museo de Bellas Artes
46. Bailén Etxe Orratza / Rascacielo de Bailén
47. Spaces Eraikina / Edificio Spaces
48. Abandoko Geltokia / Estación de Abando
49. Papelera - Kunsthal Eraikina / Edif. Papelera - Kunsthal
50. Bilboko Ikastetxe Alemana / Colegio Alemán de Bilbao (berria)
51. Bizkaia Dorrea / Torre Bizkaia
52. Sarriko Metro Geltokia / Estación de Metro Sarriko
53. Euskalduna Jauregia / Palacio Euskalduna
54. Meliá Hotela / Hotel Meliá
55. Itsasmuseum
56. EITB Egoitza / Sede EITB
57. Conservatorio Juan Crisóstomo de Arriaga
58. Deustuko IIBZ Liburutegia / Biblioteca CRAI de Deusto
59. Bizkaia Aretoa UPV/EHU
60. Bilbao Arena Kirol Jauregia / Pal. de Deportes Bilbao Arena
61. IDOM Egoitza / Sede IDOM
62. Bizkaia Frontoia / Frontón Bizkaia
63. Sede de la Policía Municipal de Bilbao
64. Suhiltzaileen Egoitza / Sede de Bomberos
65. Euskadiko Artxibo Historikoa / Arch. Histórico de Euskadi
66. Laboratorio Ultra Alta tensión Arteche
67. Carreras Múgica Arte Galeria / G. de Arte carreras Múgica
68. Museoalde Eraikina / Edificio Museoalde
69. Elorrietako Itsasertza / Frente Marítimo de Elorrieta
70. Bear - Rabe
71. APNABI Eguneko Zentroa / Centro de día APNABI (berria)
72.Oslo Cowork (berria)
Aurreko urteetan legez, ekitaldiaren izaera ludikoa dela kontuan hartuta, zigiluak metatu ahal izango dira OPEN jaialdiaren pasaportean, OPEN jaialdiaren barruan modu esklusiboan egingo diren bisiten zozketan sartzeko.
Pasaporteak katalogoan jasota dauden eraikinetan eta informazio-guneetan lortu ahal izango dira. Zozketan parte hartzeko, gutxienez 3 puntu lortu beharko dira, hau da, 3 bisita egin beharko dira beste horrenbeste espaziotara, pasaportea Open House Bilbaoren webgunean erregistratu.
Era berean, eta programaren begirada irekiagoa eta sortzaileagoa eskaintzeko helburuarekin, Visual Stories lehiaketa artistiko bat egingo da, ikusizko historia baten bidez jaialdian zehar bizitako ezagutza eta esperientziak adierazteko.
Edozein arte mota erabil daiteke parte hartzeko: argazki sorta bat, film labur bat, marrazki bat edo historia bisualeko beste edozein formatu. Lanik onenak aukeratu eta erakusketa batean aurkeztuko dira, Open House Europaren Urteko Goi Bileran, Dublinen, 2025eko urtarrilean.
BOLUNTARIOEI DEI
Jaialdia gauzatu ahal izateko, ezinbestekoa izango da jaialdia urtero hain berezia izatea eragiten duten ehunka boluntarioen konpromisoa eta gogoa. Boluntarioa izatea librea da; edozein herritarrek egin dezake. Ez da beharrezkoa aldez aurretik arkitekturaz ezer jakitea. Baldintza bakarra ikasteko gogoa eta kultura zabaltzeko interesa izatea da.
Gaurtik aurrera, boluntario izateko izen-emateak irekita daude www.openhousebilbao.org webgunean.
ANTOLAKETA
Open jaialdia Open Urbanityk diseinatu eta antolatutako ekitaldi bat da. Open Urbanity irabazi-asmorik gabeko elkartea da, tokikoa, hiri-berrikuntzan, arkitekturan eta herritarren parte-hartzean interesa duten arkitekto gazteek eratua. Ekitaldiak Bilboko Udalaren babesa dauka.
Herritarrek, arkitekturaren eta hirigintzaren bidez, euren hiriaren inguruko kontzientzia har dezaten aukera bat da hau. Ekitaldi honen bitartez, gai horiek ezagutzera ematen dira, haien zabalkundea egiten da, eta publiko zabal baten aurrean gizarteratzen dira. Hori dena parte-hartzearen bidez egiten da.
Informazio gehiago: www.openhousebilbao.org