Formakuntza urriaren 21 eta azaroaren 25 artean egingo da eta asteko saio bateko maiztasuna izango du. Bi ordutako 6 saiotan banatuko da formakuntza eta saio guztiak teorikoak izango dira. 17:00etatik 19:00ak arte izango dira saioak. Saio bakoitzaren ondoren, ikasleek test bat edo ariketa sorta labur bat egin beharko dute, saioan landutako edukien osagarri.
Saio guztiek hainbat baliabide jarriko dituzte ikasleen eskura: irakurgaiak, ikus-entzunezkoak, adibideak… Saioaren osotasuna irakasleak gidatuko du, tarteka-tarteka banaka edo taldeka egin beharreko ariketa eta jarduera praktikoak proposatuz. Saio guztiak ikasleen aurre-ezagutzetatik abiatuko dira. Aurre-ezagutzak aktibatuta, saio bakoitzaren gai nagusia aurkeztuko du irakasleak. Zenbait azalpen teorikoren ondoren, saio bakoitzeko hezurdurak azalpenak, irakurketak eta ikus-entzunezko laburrak izango ditu.
Lehen saioan bertsolaritzaren oinarri nagusiak azalduko dira. Bigarrenean bertsolaritzaren historiaren errepasoa egingo dugu. Hirugarrenean, ikerketarako langai garrantzitsuak diren bertso-paperak aztertuko ditugu. Laugarren eskolan bat-bateko bertsogintzan jarduteko tekniken inguruko azalpen praktikoak izango dira nagusi. Bosgarren saioan ikasleak bertsozale kualifikatuaren paperrean arituko dira, bat-bateko bertso-saioak interpretatzeko eta hobeto ulertzeko tresnak baliatuz. Azken saioan, bertsolaritzaren egungo iker-lerroen berri jasoko dute ikasleek.
Ebaluazioari dagokionez, saio bakoitzaren osteko testa edo ariketa laburra izango da ikasleak eskuratutako trebezia eta ezagutzen neurgailua. Test edo ariketa labur horiek egiteko ikasleek gutxi gorabehera 30 minutu beharko dituzte saio bakoitzaren ostean.
IRAKASLEA
Xabier Paya Ruiz, bertsolaria, itzultzailea, kultur kudeatzailea, musikaria eta ikertzailea.
PREZIOA
Doakoa.
ANTOLATZAILEA
Antolatzailea: UNED-Bergara Ikastetxe Elkartua
Babeslea: Eusko Jaurlaritza
Kolaboratzailea: Asmoz Fundazioa