Zinemakumeak gara! jaialdiaren 29. edizioa 2024ko urriaren 21etik 26ra egingo da.
Bilboko Udalak, Itziar Urtasun Berdintasuneko zinegotziak ordezkatuta, Ana Gutiérrez Erakusketako zuzendariarekin eta Trinidad L. Vicente Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasunerako zuzendariarekin batera, gaur goizean, BBK aretoan, "Zinemakumeak gara!" programaren 29. edizioaren aurkezpenean parte hartu du. Bilboko emakumeek zuzendutako zinema-erakusketa urriaren 21etik 26ra bitartean egingo da, Bizkaiko hiriburuan.
Erakusketa hiriko hainbat espaziotan izango da: BBK aretoa, BilbaoArte, BBK Kuna, "La Bolsa" eraikina eta Golem Alhóndiga zinemak. Zenbait jarduera antolatu dira: film labur eta luzeen proiekzioak, tailerrak, mahai-inguruak, hitzaldiak, testuak eta argazkiak biltzen dituen erakusketa bat (ikus-entzunezkoen euskal industriaren oraina genero-ikuspegitik erradiografiatzen duena), eta topaketak gonbidatutako zuzendariekin, euren filmak jendaurrean aurkez ditzaten.
Programak 10 film luze ikusteko aukera ematen du, jaialdi ospetsuetan parte hartu dutenak (Cannes, Sundance, Seminci, Berlin). Gainera, Dahomey (Mati Diop, 2024) film luzea, Berlinen Urrezko Hartza irabazi berri duena, Bizkaian estreinatuko da, jaialdiari hasiera emateko. Era berean, 7 film labur (euskararako azpitituluekin) eta Argentinako zinemaren historian funtsezkoak diren hiru tituluren bertsio berrituak ikusiko ditugu: Camila (María Luisa Bemberg, 1984), Yo, la peor de todos (María Luisa Bemberg, 1990) eta Un muro de silencio (Lita Stantic, 1993).
Inaugurazio-ekitaldian, BBK Aretoan, urriaren 21ean (astelehena), 19:00etan, "Simone de Beauvoir 2024" saria emango zaio Gracia Querejeta zuzendari eta gidoilariari. Aurten beste sari bat emango da, "BIHARGI EITB Saria" izenekoa, talentu berria aintzatesteko. Sari horren lehenbiziko edizio honetan, Nerea Alberdi konpositore eta moldatzaile bilbotarrak eskuratuko du.
"Zinemakumeak gara!"-k bere programazioaren bertsio laburtua Bilbotik Basauri, Portugalete eta Bermeora eramango du.