Kontakizunak jasotzeko epea 2025eko otsailaren 13an (ostirala) amaituko da. Bizkaiko edozein udalerritako ikastetxeetan ikasten ari diren 16 urtera arteko adingabeak aurkeztu ahal izango dira lehiaketara, bai haurren kategorian (Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. —I. taldea— eta 5. eta 6. —II. taldea— mailetako ikasleak), bai gazteen kategorian (Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. —III. taldea— eta 3. eta 4. —IV. taldea— mailetako ikasleak).
Kulturako zuzendari nagusi Begoña de Ibarrak, Borja Alonso eta Verónica Simón idazleekin batera, BizkaIdatz Txikiaren hamaikagarren edizioa aurkeztu du. Adingabeentzako literatura-lehiaketa hau Bizkaiko Foru Aldundiak antolatzen du, eta amaitu gabeko kontakizun baten amaiera idaztean datza.
Borja Alonsok eta Verónica Simónek idatzi dituzte kontakizunen hasierak edizio honetan. Borja Alonsok «Zuhaitzaren desira» izeneko euskarazko istorioa hasiko du, eta Verónica Simónek, berriz, «Los rostros de la selva» kontakizunaren bitartez, gaztelaniazko istorioaren hasiera proposatuko du. «Zuhaitzaren desira» istorioaren testuak María Altunak ilustratu ditu, eta Janire Ordunak sortu ditu «Oihanaren aurpegiak» istorioaren irudiak.
Parte-hartzaileek proposatu zaizkien istoriora, pertsonaietara eta kontaerara egokituta amaitu beharko dute kontakizuna, testuaren hizkuntza kontuan hartuta. Epaimahaiak hala ebatziko balu, bi modalitateetan irabazteko aukera ere izango lukete. Bizkaiko edozein udalerritako ikastetxeetan ikasten ari diren 16 urtera arteko adingabeak aurkeztu ahal izango dira lehiaketara, bai haurren kategorian (Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. —I. taldea— eta 5. eta 6. —II. taldea— mailetako ikasleak), bai gazteen kategorian (Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. —III. taldea— eta 3. eta 4. —IV. taldea— mailetako ikasleak).
Kontakizunak jasotzeko epea 2025eko otsailaren 13an (ostirala) amaituko da. Testu guztiak, gutxienez, 4 orrialde luze izango dira, eta, gehienez, 5. Eskuz idatziz gero, letra argia erabili behar da; ordenagailuz idatziz gero, berriz, «Times» edo «Arial» letra mota erabili behar da (12 gorputza), DIN A4 orrietan, lerroarte bikoitza utzita.
Idazlanak Laguntza - Erregistroa eta Herritarrenganako Laguntza Bideratzeko Bulegoan aurkeztu ahal izango dira (Diputazio kalea 7, 48008, Bilbo). www.ebizkaia.eus Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan ere aurkeztu ahal izango dira, bai eta erregistro publikoetan eta posta-bulegoetan ere, oinarrietan xedatutakoaren arabera.
Helbide honetan kontsulta daitezke lehiaketaren oinarri osoak: www.bizkaia.eus/foruliburutegia
BizkaIdatzen historia
Bizkaiko Foru Aldundiak 2015ean ekin zion lehiaketa honi, Bizkaiko ikastetxeetako haur eta gazteen artean irakurtzeko eta idazteko zaletasuna sustatzeko.
Lehenengo edizioan, Joanes Urkixo idazle eta gidoilariak (beraren kontakizuna, «Zuhaitz neska», Urtzi Urkixok ilustratu zuen) eta Belén Lucasek parte hartu zuten. Azken horrek «El misterio del jardín botánico» kontakizuna idatzi eta ilustratu zuen. Lehen edizio horretan, 186 kontakizun aurkeztu ziren, horietatik 72 euskaraz.
Bigarren edizioa 2015eko urritik 2016ko apirilera bitartean gauzatu zen, eta kontakizunak Miren Agur Meabek («Haize-Begi», Enrique Morentek ilustratua) eta Seve Callejak («Viaje nocturno», Nuria Hernándezek ilustratua) idatzi zituzten. 194 kontakizun aurkeztu ziren, horietatik 90 euskaraz.
«BizkaIdatz Txikia»ren hirugarren edizioari Xabier Olasok eman zion hasiera «Paul eta sorginkeria-liburua» kontakizunarekin (Aitziber Alonsok ilustratu zuen), eta Laida Martínez Navarrok gauza bera egin zuen gaztelaniaz «El caso de Sopapos y su banda de matones» testuarekin (ipuin hori Beñat Oleak ilustratu zuen). Parte-hartzaileen kopuruak nabarmen egin zuen gora: 289 kontakizun aurkeztu ziren guztira, 121 euskaraz.
Lehiaketaren laugarren edizioan, bi egile hauek eman zieten hasiera kontakizunei: Leire Bilbao, «Munstro bat nire ispiluan» kontakizunarekin, eta Toti Martínez de Lezea, «El secreto de la isla» lanarekin. Testuak Elena Ciordiak eta Estibalitz Jalónek ilustratu zituzten, hurrenez hurren. Edizio horretan parte-hartzaileen kopururik handiena izan zen: guztira 366 parte-hartzaile, horietatik 220 euskaraz.
Bosgarren edizioan, lehiaketari hasiera emateko kontakizunak hauek izan ziren: Álvaro Yarrituren «La carrera espacial», Dani Maizek ilustratua, eta Nerea Arrienen «Zazpigarren olatua», Amaia Ballesterosek ilustratua. Urte horretan 206 lehiakidek hartu zuten parte, 65ek euskarazko modalitatean.
Seigarren edizioan, hasierako kontakizunak honako hauek izan ziren: Rafa Ugalderen «Haitzaren erraiak», Eider Eibarrek ilustratua, eta Noelia Lorenzo Pinoren «¿Quieres rescatar al príncipe?», Alex Orbek ilustratua. 170 kontakizun aurkeztu ziren, horietatik 54 euskaraz.
Zazpigarren edizioak abiapuntu izan zituen Emilia Ariasen «Cuando el mundo se volvió tururú» eta Juanra Madariagaren «Nuutuk eta hartz zuria» kontakizunak, Kike Infamek eta Ane Pikazak ilustratuak, hurrenez hurren. Edizio hori pandemia-garaian izan zen, eta parte-hartzaile kopurua nabarmen murriztu zen: 35 kontakizun baino ez ziren inskribatu, horietatik 9 euskaraz.
Zortzigarren edizioko kontakizunak garatu eta amaitzeko erronka hartu zuten haur eta gazteek, euskaraz, Idoia Barrondo Etxebesteren kontakizuna bukatu behar izan zuten, «Abrakadabra», Asier Iturralde Gastónek ilustratua, eta, gaztelaniaz, Andoni Abenójar Martínez de Eulateren kontakizuna, «El parque Mowg», zeinaren azala Ruth Juanek egin baitzuen. 75 parte-hartzaile izan ziren, eta horietatik 41ek euskaraz aurkeztu zituzten lanak.
Bederatzigarren edizioan, Aiala Garabieta Oribek parte hartu zuen euskarazko kategorietan, «Nomada» kontakizunarekin, eta Lola López de Lacallek gaztelaniazkoetan, «Caramelo» kontakizunarekin. Iñaki Landa Fuentesek eta Elisabeth Fernándezek ilustratu zituzten, hurrenez hurren. Edizio horretan, pandemia atzean geratu zen, nabarmen; izan ere, 207 kontakizunek parte hartu zuten, horietatik 137k euskarazko kategorietan.
Iazko edizioak Idoia Carramiñanaren «Zer erremedio!» kontakizuna izan zuen euskarazko kategorian, eta Mónica Garciaren «Familia berri bat» istorioa gaztelaniazkoan. Bi istorioak Iker Oruetak eta Jessek ilustratu zituzten, hurrenez hurren. Edizio horretan, 221 kontakizun aurkeztu ziren, horietatik 87 euskaraz.
Hamar edizioetan 1.949 parte-hartzaile izan dira guztira: 727 mutil eta 1.222 neska. Ikasle horietatik 896k euskaraz idaztea aukeratu dute, eta 1.053k gaztelaniaz. Azkenik, kategoriei dagokienez, 866 umek parte hartu dute haurren kategorietan, eta 1.083k gazteen kategorietan.