Loraldia Plaza Arrigorriaga - Zaratamo kultur festibalaren hirugarren edizioa burutuko da bi herrietan, urriaren 18a eta 27a bitartean.
Urriaren 23tik 27ra bitartean Arrigorriagan ospatuko da.
Euskal kultura garaikidearen diziplina ezberdinetako proposamenak bi herrietara hurbiltzea da jaialdiaren helburua. Horretarako, hirugarren edizio honetan, diziplina anitzak uztartuko dituzten 9 ekintza burutuko dira: musika, literatura, dantza, teatroa, bertsolaritza eta gastronomia.
Bi herriek eta Loraldiak bat egin dute hirugarrenez, aurreko bi urtetan burututako esperientzia ona baliatuz eta errepikatzeko gogoz. Loraldiak sustatzen duen ekimen honek euskal kulturan gaur egun sortzen diren sormen berritzaileetako batzuk eskaintzen ditu, lekuko sortzaileei lekua eginez eta erreferente diren sortzaileak eta gazte eta hasi berriak bilduz. Ekimenak Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Laboral Kutxaren laguntza jasotzen du.
Euskal kulturan erreferenteak diren sortzaileek eta bi herrietako sortzaile eta kultur eragileek osatuko dute bederatzi ekintza ezberdinez jantzitako programazioa, besteak beste: Maite Larburu, Jon Maia, Haatik dantza konpainia, Andoni Mutiloa, Maddi Oienart, Beñat Axeari, Julen Axeari edota Mixel Etxekopar.
Bertoko sortzaileek ere lekua izango dute eta urriaren 18an Zaratamon Artizarra abesbatzak Maite Larbururekin batera kantatuko du. Urriaren 23an, Arrigorriagan, Karlos Aretxabaleta “Txapel” bailarako idazlearen lan batean oinarritutako emanaldi bat sortuko dute herriko zenbait eragile eta sortzaile ezberdinek.
Arrigorriagan, herriko hainbat espazio eta aretotan egingo da.