Juan Antonio Ipiña García (Tontxu) Bilbon jaio zen 1972ko abuztuan. Hamaika urterekin lehen abestia konposatu zuen, gurasoek Moncho Borrajoren saio bat ikustera eraman ondoren. Ikusmira handiko haur behatzaile hura liluratu egin zen galiziarraren emanaldiarekin —ausazko hiru hitz esateko eskatzen zion antzokiko publikoari eta abesti bat inprobisatzen zuen berehala—. Hamaika urte zituen eta, etxera heldutakoan, aitaren gitarra batekin gauza bera egin zuen, begiak itxita hiztegi bateko hitzak ausaz aukeratu ostean.
Nerabezaroan, hirurehunetik gora abesti konposatu zituen, Bilboko Cadena SER kateko Los 40 Principales programako esatari jardun bitartean. Han, beste kantautore gazte batzuk ezagutu eta elkarrizketatu zituen, 90eko hamarkadaren erdialdean berak bezala abestiak egiten zituztenak. Madrilera joatea gomendatu zioten, Café Libertad 8 mitikoan abestiok erakustera. Tontxuk dena utzi zuen. Eta kamisetaz betetako motxila batekin eta Borrajok oparitutako gitarrarekin Madrilera joan zen, bere ametsa betetzera eta bere doinuak munduari erakustera. Urte horretan bertan, EGILE BERRIRIK ONENAREN kategorian izendatu zuten Musikaren Sarietan.
2023an bere karrerari berrekin zion, familiarekin eta seme-alabekin partekatzeko denbora bat hartu ondoren, Extremadurako Gata mendilerroko paradisutik —10 urte daramatza bertan bizitzen–. Egile berrientzat abestiak konposatzen, produzitzen eta albumak editatzen jarraitu du. Espainian eta Latinoamerikan eskaini ditu emanaldiak. Eta, 13 disko argitaratu dituelarik, artista finkatua da, egile-abestia ulertzeko ezinbesteko erreferentzia.