"Historiaren artea. Arriola-Lerchundi liburutegiko eskuizkribuak"

Bilbao 2024(e)ko urriaren 29(e)tik 2025(e)ko otsailaren 2(e)ra
  • "Historiaren artea. Arriola-Lerchundi liburutegiko eskuizkribuak"

Bilbon dago Arriola-Lerchundi Liburutegia, eta garrantzi artistiko eta dokumental handiko bilduma pribatua da, aleen bolumenari eta kalitateari begiratuta. Gutxi gorabehera 20.000 ale inprimatu dauzka, horien artean 140 inkunable, eta 15.000 eskuizkribu, José María Arriola bilbotar notarioaren eta haren emazte Rosa Lerchundiren liburuzaletasunari esker bilduak, hainbat hamarraldiz bisitatu izan baitituzte bildumazaletasun bibliografikoan espezializatutako mundu osoko enkante-etxeak, azokak, antikuarioak eta liburu-dendak.

Liburutegia jendeari ezagutzera emango zaio orain, XII. mendetik XIX. mendera bitartean datatutako 40 eskuizkribuko sorta baten bidez, zeina baita liburu historikoak kontserbatzea eta ikertzea xede duen eta aditu eta bibliofiloek aitortutako bilduma baten bikaintasunaren erakusgarri.

Tipologia askotako aleak izango dira erakusketan, tartean direla orduen liburu preziatuak, errege-pribilegioen gutunak eta kaparetasuna egikaritzeko agiriak. Horiekin batera, izaera bitxiagatik bereziki nabarmentzekoa da euskarazko Biblia bat, eta, interes historiografikoagatik, Francisco de Goyaren bi gutun autografo eta Juan Crisóstomo de Arriaga musikagilearen partitura bat, musikagileak eskuz idatzia hori ere.

Eskuizkribu zibilen eta elizakoen balio dokumental horri gehitu behar zaio, gainera, haien balio artistikoa, zeinaren erakusgarri baita euskarri eta pigmentuen aukera zaindua nahiz kaligrafien, apaingarrien eta ilustrazioen erabilera.

José Luis Merino Gorospe Antzinako Artearen kontserbatzailea komisario dela, ordena kronologikoari jarraituz erakutsiko dira obrak, eta testuinguruan kokatuko dira museoaren bildumako lanekin batera –11 margolan, eskultura bat, akuarela bat eta bi argazki–; hain zuzen ere, interes artistikoa eta eskuizkribuen edukiarekin duten hurbiltasun historiko edo ikonografikoa kontuan hartuta aukeratutako lanekin batera.

 


Laburrean

  • Mota Erakusketa
  • Data 2024(e)ko urriaren 29(e)tik 2025(e)ko otsailaren 2(e)ra
  • OrdutegiaAsteazkenetik astelehenera: 10:00-20:00. Asteartean itxita . Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1 eta 6an itxita. Abenduaren 24 eta 31n: 10:00-14:00
  • LekuaBilboko Arte Eder Museoa
    Museo Plaza, 2
    Bilbao
    Web
  • HizkuntzaBat ere ez
  • Ikusi agenda Bilboko Arte Eder Museoa, Bilbao

Non