Traslosherosko aldare taurobolikoa museoko gordailuetatik atera dute, bertan egon baita azterlanak eta kontserbazio-lanak egiteko, eta Arkeologia Museoko bigarren solairura eraman dute. Prozesu konplexua izan da, pisu handia baitu, 200 kg, eta ezaugarri delikatuak. Lekualdatzeko eta muntatzeko prozedura zorrotz egin izanak piezaren babes egokia bermatzen du, 2024ko urriaren 30etik 2025eko urtarrilaren 31ra arte jendaurrean jartzeko. Bizkaiko Arkeologia Museoaren Museoa aztarnaz aztarna programan, berebiziko garrantzia duen pieza hau egongo da.
Aldare taurobolikoa 2018. urtearen amaieran aurkitu zuten, saneamendu-obra batzuk egiten ari zirela, Artzentalesko Traslosheros auzoan. Hareharrizko bloke prismatiko bat da; 69 cm garai, 32 cm zabal eta 36 cm sakon da, eta 200 kg inguruko pisua du. Aurrealdean, piezak behe-erliebe bat dauka; bertan zezen baten irudia ageri da, koadro apaingarri batez eta lokarri batez inguratuta. Zezenaren buruak xehetasun bereizgarriak ditu, hala nola maskara edo oihal moduko bat aurpegiaren gainean, adar garatuak eta belarri asimetrikoak.
Inguruko basozainak aurkitu zuen pieza, eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ondare Zerbitzuari jakinarazi zion. Aurkitu ostean, pieza Arkeologia Museoari eman zitzaion, aztertu eta kontserba dezan.
Aldare hau da bere motako bakarra da Bizkaian, eta Erromatar Inperioak Iberiar penintsularen iparraldean egiten zituen erritu erlijiosoen eta praktika kulturalen testigantza arkeologiko garrantzitsua da. Bere jatorrizko testuinguru arkeologikotik kanpo aurkitu bazuten ere, pieza hau aztertzeak lagundu egin dezake Zibele jainkosa eta erromatar panteoiko beste jainko-jainkosa batzuk gurtzearekin lotutako sakrifizio-erritu misteriotsuak eta sinesmenak argitzen.