Gorlizek, aurten ere, tradiziorik zahar eta errotuenetako batez gozatuko du "Gau Baltza" ospakizunarekin. Urriaren 31n, 17:00etatik aurrera, sorginak, akerrak, mamuak eta arima galduak Ibarreta plazan bilduko dira, programatutako jarduera ugariez gozatzeko eta Arimen Gaua izenez ere ezaguna den egunaz disfrutatzeko.
Aurtengo proposamenak hainbat jarduera aurreikusten ditu: makillaje, jantzi, saguzar harrapari, koloretako lanpara eta txotxongiloen tailerrak eta escape room bat (izen-ematea: 94 677 43 48 / info@visitgorliz.eus), besteak beste. Sorgiña Txirulinak beldurrezko ipuinak kontatuko ditu eta ondoren haur diskofestaz gozatzeko aukera izango da.
Ohi bezala, Astondoak hanburgesa eta txoripan solidarioa eskainiko duen txosna bat izango du, kasu honetan Martinaren familiaren alde (Fires Sindromea). 19:30etan gaztaina erreak dastatu ahal izango dira eta 21:30ak arte photocall digital bat ere jarriko da.
Eta jardunaldiari amaiera emateko, 21:30etatik aurrera, saria emango zaio urriaren 25etik 27ra bitartean ospatuko den Dastatu Urriako pintxo mikologikoen lehiaketako establezimendu irabazleari, eta saski gastronomiko bat ere zozketatuko da. Aratz Dantza Taldeak amaiera ederra emango dio jaiari "Akerren eta sorginen dantza & Arima galduak" ikuskizunarekin.
EGITARAUA: URRIAREN 31N IBARRETA PLAZAN