Coque Malla (ahotsa), David Lads (pianoa)
Honela aurkezten du Coque Mallak bere kontzertua:
“Beste zerbait behar da? Batzuetan bai, beste batzuetan ez. Eta bira txiki honetan ez da ez beste ezer beharko, benetan diotsuet.
Aunque estemos muertos lana promozionatzeko diskoak sinatu genituenean, David Ladsek (gure pianistak) eta biok piano eta ahots kontzertu txiki batzuk eman genituen. Inoiz ez nuen horrelakorik egin, eta horrela konturatu nintzen beste modu bat bazela nire ahotsaz gozatzeko eta musika eta abestiak sentitzeko, modu sakon, xume eta garbi bat. Esan bezala, kontzertu gutxi izan ziren, oso laburrak, eta horretarako aproposenak ez ziren esparruetan. Beraz, formatua garatzeko eta antzoki batera eramateko gogo ikaragarriarekin geratu nintzen; zalantzarik gabe, edozein emanaldi eszenikorako leku ezin hobea da antzokia (gero eta argiago daukat). Banda osoarekin bira luze bat egin ondoren, horrek dakarren guztiarekin, muntaia teknikoa, bisualak, argien diseinua, esparru eta jaialdi handiak… suspergarria izango da antzoki txiki hauetan abestiaren bihotzera bueltatzea, abesti biluziari aurre egitea. Eta bera izatea ikuskizunaren protagonista bakarra eta erabatekoa. Gozatuko duzuela espero dut, Davidek eta biok, ziur nago, gozatuko dugun bezalaxe.
Laster arte.”