"Baserritarrak"

Errenteria 2024(e)ko azaroaren 8(e)tik 2025(e)ko urtarrilaren 5(e)ra
  • "Baserritarrak"

Jantziaren Zentroan ‘Baserritarrak’ erakusketa dago ikusgai, XX. mendearen hasieran baserritarrak nola janzten ziren erakusten duena.

Kapitain-etxera sartzean, bisitariek aretoko hormak estaltzen dituzten hiru metro luze eta metro eta erdiko zabalerako sei emakumeren argazkiak ikusiko dituzte, zuri-beltzean. Ondoan, irudi horietan ikusten diren jantzien erreplikak. Jantziak Bizkaikoak, Gipuzkoakoak eta Zuberoakoak dira.

Erakusketa 15 jantzik osatzen dute. Hamabi emakumezkoenak dira, eta hiru gizonezkoenak. Guztiak ere jatorrizko jantzi zein argazkien erreplikak dira. Jatorriari dagokionez, bitik bat bizkaitarra da; arrazoia da, erakusketaren arduradunek azaldu dutenez, Eulalia Abaitua argazkilari bilbotarrak bere inguruko baserri eta herrietan ateratako argazkiak direla Euskal Herrian garai horren inguruan dagoen dokumentazio ia bakarra. Gainerako jantziei dagokienez, bost gipuzkoarrak dira, eta bi zuberotarrak, ia guztiak jatorrizko jantzien erreplikak.

Aretoan, bere gorputz eta aurpegi osoa kapa beltz batekin estaltzen duen emakume bat ikus daiteke; eta, alboan, kapa beltz bat bizkarrean daraman gizon bat. Biak Lapurdiko dolu-jantziak dira, garai horretan alarguntzen zirenean janzten zituztenak, hain juxtu.

Urtarrilaren 5era arte ikus daiteke erakusketa, doan; larunbatetan, 11.00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20.00etara, eta igande eta jaiegunetan, 11.00etatik 14:00etara.

‘Baserritar jantzia barrutik’ hitzaldia

Azaroaren azken asteburuan baserritar jantzia nolakoa zen ezagutzeko hitzaldi berezia eskainiko da Jantziaren Zentroan. Jantziaren zati bakoitza azalduko ahala jantzi egingo dute, horrela barrutik nola dagoen eginda eta nola lotzen den ikusi eta ikasiko dute parte-hartzaileek.

Bi hitzaldi izango dira, azaroaren 30an, gazteleraz, eta abenduaren 1ean, euskaraz, biak ere eguerdiko 12.00tan. Ordubete eskas iraungo dute eta sei euroko prezioa daukate. Parte hartzeko aurrez izena eman behar da jantziarenzentroa@errenteria.eus postara idatzi ala Errenteriako turismo bulegora deituta 943 494 521 telefonora. Tokiak mugatuak dira.

Baserritar jantziaren liburuxka, salgai

Erakusketak irauten duen bitartean, Jantziaren Zentroan ‘Baserritar jantzia. Herri langile baten aztarna’ izeneko liburuxka salgai egongo da 2,5 eurotan. Euskaraz eta gazteleraz idatzia, bertan baserritar jantziaren zati bakoitza deskribatzen da, argazkiekin eta testu zaharrak aipatuta.


Laburrean

  • Mota Erakusketa
  • Data 2024(e)ko azaroaren 8(e)tik 2025(e)ko urtarrilaren 5(e)ra
  • OrdutegiaLarunbata: 11:00-14:00 / 17:00-20:00. Igande eta jai egunak: 12:00-14:00
  • LekuaJantziaren Zentroa (Euskal Jantzien Museoa)
    Kapitanea kalea, 6
    Errenteria
    Web
  • HizkuntzaBat ere ez
  • Ikusi agenda Jantziaren Zentroa (Euskal Jantzien Museoa), Errenteria

Non