Bilboko Udalak "Mila Musika Haria" ren XV. edizioa jarri du abian, urtero Abandoko Barrutian ospatzen den hari-instrumentuen inguruko musika-zikloa.
Azaroaren 8an, 15ean, 22an eta 29an, ostirala, eta abenduaren 5ean, osteguna, 19:00etan, Bertendona Institutuan egingo diren bost kontzertuetan zehar, folka, musika klasikoa edo zinema, jazz edo fusio erritmoak eta elementu tradizionalak uztartuko dira.
Saio guztietarako sarrerak –azaroaren 22koa izan ezik, sarrera doakoa izango baita gonbidapenarekin– 5 euroko prezioa izango dute. Bertara joan nahi dutenek sarrerak eta hilaren 22rako gonbidapenak www.bilbaokultura.eus webgunean edo Bertendona Institutuan eskuratu ahal izango dituzte, kontzertu bakoitza hasi baino ordubete lehenagotik lekua bete arte.
Gainera, eta jarduera gehigarri gisa, Antonio Forcione eta Giorgio Serci italiar girogile ezagunek musika-interpretazioari buruzko masterclass bat eskainiko dute azaroaren 30ean, larunbata, 11:00etatik 13:00etara, Abando Udal Zentroan. 15 plaza daude eskuragarri (Bilbao Kultura webgunearen bidez ere bai) eta izena emateko prezioa 20 eurokoa da.
EGITARAUA
Azaroaren 8an, ostirala, 19:00etan. Bertendona Institutua
FOLK RIPPERS
Roxana Petcanak (biolina), Ainhoa Gutierrezek (bateria), Irantzu Garamendik (txirula) eta Maria Estevezek (teklatua) osatzen dute euskal kantu tradizionalak, Irlanda, Eskozia, Errumania eta Greziakoak ere uztartzen dituen folk banda hau, hizkuntza ezberdinetan abestuz. Flox Rippers-ek esperientzia musikal alaiak eskaintzen ditu eta entzuleen parte-hartzea beste elementu bat da.
Ostirala, azaroaren 15a, 19:00etan. Bertendona Institutua
MUSBIKA – Zinema musika
Nazioarteko formazioa eta esperientzia duten musikariek osatzen dute hari laukote hau. Matias Llonak eta Edurne Susok biolina jotzen dute, Iraide Sarriak (biola) eta Ana Egiazabalek (biolontxeloa) mota guztietako publikoekin konektatzeko moduko kontzertu moldakorrak eskaintzen dituzte. Oraingoan, musikariek zinemaren historiako lan zinematografiko esanguratsuenen soinu-errepertorioa eskainiko dute.
22an, ostirala, 19:00etan. Bertendona Institutua
JUAN CRISÓSTOMO DE ARRIAGA XII. Gitarra Lehiaketaren irabazlea eta finalista
Sarrera doan lekua bete arte.
Eneko Aristondok Joaquin Rodrigoren Invocación y Danza, Johann Sebastian Bachen Partita nº 2, BWV 826: I. Sinfonía, Kevin Callahanen The Red Fantasy eta Mauro Giulianiren Rossiniana nº 2 eskainiko ditu. Finalista izan den Beñat Muniozgurenek Maximo Diego Pujolen Preludio Tristón, Isaac Albenizen Asturias, Joaquin Rodrigoren En los trigales eta Johann Kaspar Mertzen Fantasía Húngara interpetatuko ditu.
Azaroaren 29an, ostirala, 19:00etan. Bertendona Institutua
ANTONIO FORCIONE & GIORGIO SERCI - Guitar duo
Hainbat sari irabazi dituen gitarra-jotzaile italiar ospetsuak, Antiono Forcionek, bere maisutasun instrumentala eta Giorgio Serci gitarrista eta konpositore italiar-sardiniarrarena batzen ditu bidaia musikal magiko batean. Afrikar, flamenko eta latindar soinuen fusioa modu sortzaile eta oroigarrian uztartzen dira jazzaren hizkuntzarekin.
Abenduaren 5ean, osteguna, 19:00etan. Bertendona Institutua
SOINUAK HAIZEAN - Itsasoa laino dago
Alazne Uraldek, Eire Larreak, Lucia López Madrazok (balarinak), Iñaki Lagosek, Pablo de Lunak (biolina), Irati Castrok (biola) eta Elena Escalzak (biolontxeloa) osatutako talde honek dantza tradizionala eta garaikidea, gure portuen eta bertako emakume langileen historia kontatzeko musika eta antzerkia uztartzen dituen diziplina anitzeko ikuskizuna eskaintzen du: sardina-saltzaileak, saregileak, kontserbagileak...
Mila Musika Haria Bilboko 2023-2033 Kultura Plan Estrategikoaren barruan kokatzen da. Plan horrek, beste proposamen batzuen artean, publikoak eta entzuleak sortzea eta fidelizatzea bilatzen du, eskaintza kultural askotarikoaren bidez