Aitzina Folk 2024

Vitoria-Gasteiz 2024(e)ko azaroaren 9(e)tik 2024(e)ko abenduaren 29(e)ra
  • Aitzina Folk 2024

Aitzina Folk Jaialdi Solidarioaren XII. edizioak ditu nobedade anitz. 20 kontzertu eta jarduera baino gehiago egongo dira publiko zabalarentzat, hain zuzen, goruntz doazen eta sendotuta dauden taldeen emanaldiak eskainiko dira. Emakume artistei bultzada berezia emango zaie eta haurrentzako jarduerak, kalejirak, folk eskoletako ikasleen topaketak, zazpi tailer eta nazioarteko presentzia nabarmena izango da.

Estatu mailan folk musika eta kultura tradizionala hedatzeko erreferentziazko ekitaldi bihurtu da Aitzina Folk. Kontzertuak eta tailerrak azarotik abendura bitartean egingo dira Gasteizko hainbat agertokitan. Sarrerak eskuragarri daude dagoeneko www.aitzinafolk.org webgunean.

Egitaraua azaroaren 19an, larunbata, 19:00etan, aurkeztuko da Gasteizko Santa Maria Katedralean, ‘Xuxurlaka’ taldearen eskutik. Ainara Moreno abeslariak eta Patxi Villen musikariak Irlandako zelten tradizioa hurbilduko digute, harpa, uilleann pipe edo irlandar gaita eta whistles bezalako instrumentuak uztartuko dituzte.

Emakumeak folk munduan eta Txikifolk

Folkaren hazkundea bultzatzeko, urtero bezala, Aitzina Folk jaialdiak euskal musikarien, beste eskualde batzuetako artisten zein nazioartekoen emanaldiak eskaintzen ditu. Tokiko zein edozein jatorriko musikari emakumeei laguntza berezia eskaintzen zaie, emakumeen presentzia folk arloan sustatuta.

Jaialdiaren jarduerak publiko zabalarentzat badira ere, txikienek bereziki bi kontzertu izango dituzte Txikifolk sailean (Xirribit Euskal Barrok Ensemble eta Odaiko, biak Gasteizen).

Era berean, Musika Tradizionaleko eta Folkeko Eskolen TOPAfolka azaroaren 30ean izango da. Gasteizko eta Arabako eskoletako ikasle gazteenentzat euren musika partekatzeko aukera eskainiko da. Jaialdiak, halaber, bi folk sesio eta formakuntza-tailerrak eskainiko ditu (irrintziak, uilleann pipe, perkusio iberikoa, dantzak, biolina, txalaparta eta bodhran).

Penintsula osoko folka

Errebelazio handienetako bat bihurtu ostean, Fillas de Cassandrak (Sara Faro y Maria SOA) azaroaren 30ean ikuskizun berri bat aurkeztuko du: Ultimas Dionisiacas. Vigestarrek Donostiako Zinemaldian aurkeztu den ‘Soy Nevenka’ pelikulako ‘Cuando nadie ve’ abestia ekoiztu dute. Trikitixa Kontrairorekin batera arituko dira oholtzan. Soinu tradizionalak eta 90eko hamarkadako hasierako musika uztartzen dute, inolako lotsarik gabe.

ODAIKO talde galiziarra abenduaren 1ean izango da Aitzina Folken, munduko jaialdi garrantzitsuenetan izan ondoren: Steve Reich festival (Holanda), TIP (Taiwan) eta Nancy Zeltsman Marimba Festival (AEB), besteak beste. Ibilbide nabarmena eta mugarik gabeko grina modernista duten perkusionistek osatzen dute.

Valentziako Mediterraneotik, Mantxatik eta Extremaduratik, eta musika tradizionalen zein konposizio berrien esparruan urte luzeetako esperientzia gehituz, Cabra taldeak (abenduaren 21ean) Aitzinako ikusleak Iberiar Penintsulako eta bertako uharteetako tradizioetan barneratuko ditu.

Iparraldetik, Zuberoaren bihotzean, Xiberua Kantu Loraturik (abenduaren 20an) tokiko kantu tradizionala eszenaratzen du ikuspegi garaikide batetik. Loraldiaren ekoizpen honek euskarazko musika kulturaren erreferente handiak batzen ditu oholtzan: Beñat Axiary, Maddi Oihenart, Mitxel Etxekopar, Julen Axiary eta Ihintz Iriat. Aipatzekoa da bere musikarietako batek, Mixel Etxekoparrek, Isturitzeko hiru zulotako txirula berreskuratu zuela, Europako aztarna arkeologiko zaharrenetako bat.

Besaide euskal taldeak (abenduaren 14an) erabiltzen dituen instrumentu ezohikoen sonoritatea erakusten du: zanfona eta alboka, egun, minoritariotzat hartzen diren instrumentuak erabiltzen ditu.

Iñaki Palacios musikari gasteiztarrak (abenduaren 13an) txistuaren irudi berritua erakutsiko du. ‘Argizaiola’ disko berria aurtengo udazkenean kaleratuko du, eta Kalakan zein Mikel Urdangarinen elkarlanak nabarmentzen dira lan ausart eta berritzaile honetan.

Urrezko itxiera Jon Maiak egingo du abenduaren 29an ‘Kantu bat gara’ emanaldiarekin. Ikuskizuna azken 30 urteetan letragile gisa idatzi dituen abestien antologia bat da. Lan honen arrakastaren eraginez, bi urte geroago bertsolari zumaiarrak lan berri bat osatu du: ‘Kantu berri bat gara’ liburu. Lan honetan, Maiak kantu berriak nagusitzen ditu, nahiz eta bertsio batzuk egon (Negu Gorriak, Gozategi, Gari eta Pello Reparazenak). Horretarako, Itziar Ituño, Olaia Inziarte, Maddalen Arzallus eta Luis Pastor goi mailako kolaboratzaileen laguntza izan du. Elkarlan bat nabarmentzekotan, Silvio Rodriguez kantautore kubatarraren parte hartzea da, ‘Nostalgia’ kanta euskaraz abestuta.

Atzerriko parte hartzea Irlandatik helduko da Lunasa (azaroaren 24an) eta Shorelines trio (azaroaren 23an). Lunasa aurreko hamarkadako talde irlandar garrantzitsuenetako bat da. Hasieratik, moldaketa konplexuek eta euren aparteko soinuek musika tradizionalaren mugak birdefinitu eta mundu osoko entzuleak berpiztu zituzten.

Bestalde, Shorelines indar handiko hirukotea da: Nuala Kennedy abeslari zein txirula jotzaile ospetsua, mundu osoan kantu tradizionalaren interpretatzaile aparta; Tara Breen Irlandan hainbat sari irabazi dituen biolin jotzaile talentuduna; eta, azkenik, Tony Byrne abangoardiako gitarra-jotzailea, gitarrarako estilo asmakorrengatik nabarmentzen da. Elkarrekin abesti ederren eta maila goreneko musika tradizionalaren programa anitza aurkezten dute.

Aitzina Folk Jaialdi Solidarioko XII. edizioaren egitaraua, doako jarduerekin batera, larunbatean, azaroaren 9an, izango den bederatzi banden kalejira batekin aurkeztuko da.

Jaialdiaren antolakuntza 2010ean sortu zen Aitzina Lan Taldea bideratzen du, Euskal Herriko ikuspegi lokal batetik ataxia telangiektasia duten gaixoei eta haien familiei laguntzea du xede, Aefat estatu mailako erakundean barnebilduta dago. Jaialdia ospe handiko beste bi jaialdirekin senidetuta dago: Caceres Irish Fleadh eta Burgosko Babieca Folk. Azken urteotan, artista batzuk hiru jaialdietan izan dira.

Jasangarritasunarekin duen konpromisoari dagokionez, Aitzina Folk taldeak ikuspegi ekologiko batetik antolatuta dago eta programatutako jardueretara garraio publikoan, oinez edo bizikletaz joatea gomendatzen dio publikoari. Bertaratutakoei beste keinu garrantzitsu batzuk ere gogoraraziko zaizkie, hala nola, sarrerak ez inprimatzea, mugikorrean eramatea, edalontzia berrerabiltzea eta edukiontzi bakoitzean hondakinak birziklatzea. Jaialdiak, halaber, sexu-indarkeriaren zein gorroto-delituen aurkako arreta-protokolo bati jarraituko dio, jarduera bakoitzean puntu more bat egongo da.

Aurten, 100 abonu eskaini dira, jaialdiaren ordainpeko kontzertu guztiak barnebiltzen dituena, 100 euroko prezio berezian. Abonu horiek zein ekitaldietako sarrerak (6 eta 30 euro arteko prezioak dituzte) jaialdiaren webgunean eskuratu daitezke: www.aitzinafolk.org.

Aitzina Folk eta fila cero sarreren salmentarekin lortutako irabazi guztiak (Laboral Kutxa 3035 0228 96 2280099996) Aefat-ek, Espainian ataxia telangiektasia duten gaixoak eta familiak biltzen dituen elkarteak, finantzatzen ari den i kerketa-proiektuak babesteko bideratuko da.

Aitzina Folk Gasteizko Udalak, Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak, Laboral Kutxak, Vital Fundazioak eta Santa Maria Katedrala Fundazioak babesten dute. Horiez gain, Ideolabek, Artiumek, EventoKit, Izaskun Arrue Kulturguneak, Radio Vitoria, Diario Noticias de Alava, Cadena SER, La Caixa, Hotel Boulevard, Bide-Bidean, Artepan, Eusko Label, Jimmy Jazz aretoak, Eukeni Txakoli, La Gisteria, Jesus Guridi Musika Kontserbatorioa, Luis Aramburu Musika Eskola, Gasteizko Folklore Akademia, Jose Uruñuela Dantza Kontserbatorioa, Folk Eskola, Hala Bedi Taberna, Falerina Taberna eta Jaizki Fontaneda Fotografiak kolaboratzen dute.

 


Laburrean

Non