Amarauna 2024: "Nunavut"

Vitoria-Gasteiz 2024(e)ko Azaroak 16
  • Amarauna 2024: "Nunavut"

NUNAVUT ez-ohiko formatuko (ahal dela, publikoa 360ºtan izatea eskertzen da) eta iraupen luzeko pieza da, hiru artistak eszenaratua (bi dantzari eta musikari bat) eta adin guztietako ikusleei zuzendua. Izan ere, haur-ipuinetatik abiatzen da, zeintzuk belaunaldien arteko bilguneen adierazgarri diren, eta iruditeriaren lehen esnatzea dakartzaten.

Modu berean, transgenerazionalak diren gaiak azpimarratzen ditu -MAITASUNA, MUNSTROAK (beldurrak) eta JOLASA, haurrak heldu, helduak zahar eta zaharrak haur garen bezala. Dantza garaikidearen, soinu artearen, arte plastikoen eta ipuin-kontaketen ezaugarriak batuz, gorputz-, soinu- eta material-adierazbideen hibridazio indartsuak adi begiratzera eta entzutera garamatza, norberaren iruditeria pertsonalari bidea zabalduz eta emoziozko bidaia batean murgilduz.

NUNAVUT bada NERI(H)ARIren hizkuntza koreografikoaren garapenaren islada, bere bilakaeraren oinarri diren bi helburu nagusiri irmoki eusten dielarik:

- Dantzaren formaz gain, edukia eta benekotasuna azpimarratzea: mugimendua nondik/nola/zergatik sortzen da?

- Dantzaren birtuosismoaz eta balio estetikoaz haratago, transmisio-balorea edo balio komunikatzailea gailentzea: zein da dantzaren esanahia edo narratibitatea?

"Guztian dago dantza. Dantza guztiongan dago".

NUNAVUT bada ere, arte-lan orotan, tenporalitateak duen garrantzia berresteko (publikoari egotera gonbidatzekoa, denbora hartuz begiratzeko, irudikatzeko eta partekatzeko), publikoaren begirada aktiboa bultzatzeko eta artesorkuntzaren estandarizazioarekin hausteko beharrak aldarrikatzeko ahalegina.

Sinopsia

Noiz utzi genion haur izateari? Noizbait utzi al diogu? Noizbait utziko al diogu?

NUNAVUT behin izan gineneko lurraldea da, denbora izozturik mantentzen denekoa, glaziarrek betirako irauten dutenekoa. Bertan ikasi genuen zuhaitzetatik zintzilika ibiltzen, zuhaitzik gabeko eremuetan. Bertan jaso genuen piztiaren besarkada. Bertan ziren aske, haizeak korapilaturiko gure adatsak.

Ahazturatik berreskuratuko al dugu, noizbehinka, bertara itzultzeko bidea…?

NUNAVUTek “gure indarra” edo “gure lurra” esan nahi du Inuiten hizkuntzan. Lurralde utopiko bat eraikitzeko saiakera da, non maitasuna, munstroak eta jolasa nagusi diren. Unibertso oniriko bat iradokitzen duten paisaiak, non denbora gelditu egiten den, eta begiratzea eta entzutea besterik ez den geratzen. Ondoren, guztia gertatzen da…

Fitxa

  • Ideia eta zuzendaritza: MYRIAM PEREZ CAZABON
  • Dantza garaikidea, soinu-artea eta testua: IDOIA HERNANDEZ "HATXE"/PERU GALBETE, OLAIA VALLE, NEREA GURRUTXAGA/LEIRE OTAMENDI
  • Jantziteria eta elementu eszenikoen diseinua eta ekoizpena: CLARA VIRGILI
  • Laguntza artistikoa eta laguntza zuzendaritzan: OIHANA VESGA, BERTHA BERMUDEZ, IDOIA ZABALETA
  • Soinu-teknikaria: IÑIGO EGUIA
  • Material grafikoa eta ikus-entzunezkoa: ETANOWSKI, NAGORE LEGARRETA, KENSA PRODUKZIOAK
  • Generoa: dantza garaikidea, soinu-artea, arte plastikoak eta ipuin-kontaketak
  • Iraupena: 55 minutu
  • Testua: euskara edo gaztelania
  • Formatua: ez-ohikoa -360º- (barnealdea edo kanpokaldea)
  • Publikoa: publiko guztientzat egokia
  • Dirulaguntza: EUSKO JAURLARITZA (Kultura Saila)
  • Laguntza eta kolaborazioa: DONOSTIA KULTURA, GIPUZKOAKO DANTZAGUNEA, AZALA KREAZIO ESPAZIOA, LEZOko Udala-GEZALA AUDITORIUMA, IRUNgo Udala-AMAIA KZ, DURANGOko Udala-SAN AGUSTIN KULTURGUNEA
  • Kale eta areto bertsioa

Konpainia

Hainbat urtez lan koreografikoak garatzen egon ostean, Myriam Perez Cazabonek bere ekoizpenak NERI(H)ARI izenpean egokitzea erabakitzen du, non proiektu anitzak eta diziplinartekoak batzen dituen, musika, zinea, antzerkia edo argazkigintza bezalako beste arteekin hartu-emanean. NERI(H)ARI da, bere sorkuntza pertsonalei eskainitako gunea. Myriam Perez Cazabonek bere lana dantza garaikide biluzia bezala definitzen du, hau da, fina, gardena eta zehatza. Eta diziplinartekoa, bere transmisiorako eta komunikaziorako balioa indartuz.

artium.eus

Laburrean

  • Mota Dantza
  • Data 2024(e)ko Azaroak 16
  • Ordutegia17:00
  • Lekua Artium Museoa
    Frantzia Kalea, 24
    Vitoria-Gasteiz
  • ZenbatekoaDoan (izen-ematearekin)
  • HizkuntzaEuskara
  • Web Artium Museoa

Non