Bilbao TX Fest 2024, Bilboko Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia, azaroaren 16tik 24ra ospatuko da. Beste urte batez, eta dagoeneko 43 dira etenik gabe, Bilboko Nazioarteko Txotxongilo Jaialdian milaka urteko, herrikoi eta garaikidea den arte hau sustatzeko bidea egiten ari dira. Arte eszeniko hau sostengatzen duten talde artistikoei ikusgarritasun leiho bat zabalik mantentzearen misioarekin konpromisoa hartuta.
Aurtengo edizioan, itsasoari begiratuko diote, gerratik ihes egin zuten milaka haur euskaldunentzat bide izan zen elementu zabal eta misteriotsu horri, gaur egun ere babesleku eta bizimodu berri baten bila dabiltzanentzat bide arriskutsua denari. Bere zeharkaldia balearen irudiarekin sinbolizatzen dugu, zoritxarraren erdian askatasuna eta itxaropena irudikatzen dituen izakia. Baleak, migrazioaren eta biziraupenaren historiei lotuta, oroitzapenaren eta memoriaren botereari buruz hausnartzera gonbidatzen gaitu.
Jaialdi hau herrien eta kulturen arteko topaketa eta anaitasunerako gunea da, baita elkartzen gaituzten istorioez gozatzeko lekua ere. Programazio aberats eta anitzarekin, erresilientzia, identitatea eta giza espirituaren indarra bezalako gaiak aztertuko dituzte. Bidaia honetan parte hartzera gonbidatzen dute, non antzezpen bakoitza aukera bat izango den bizipen horiekin konektatzeko, bake eta itxaropen elkarrizketa batean.
Edizio honetan, programa zabal bat eskainiko dute, kulturarteko presentzia nabarmenarekin, eta txotxongilo eta objektuen konpainien arteko topaketa berri bat erraztuko dute, esparru artistiko eta profesionalaren interes eta behar komunak defendatzeko espazio bat sortuz.
Bertan izango dira The Fifth Wheel alemaniarra, Di Filippo Marionettes italiarra, Compagnie Alinèa frantziarra eta Maleta Company & Cía Balancetoi irlandarra, Minusmal, A la Sombrita, Eugenio Navarro, Carlos Gallardo eta Guillem Albà estatuko talde enblematikoekin batera, baita Euskal Herriko konpainien erakusketa interesgarri bat ere (Bego Alabazan, Pantzart, La Enana Naranja, Rosa Martinez eta Picuentos Bilboko udal txistulari bandarekin eta Garazi Navas akordeoilariarekin).
Jarduera eta programazioaren egoitza Otxarkoaga auzoan egongo da, bertako Udaltegiko aretoan eta Txotena Gunean, titiriteroen topagunean. Gainera, helduentzako programazioa, aurreko urteetan bezala, Deustuko La Fundición aretoan egingo da, eta eskola-emanaldiak Otxarkoaga, Basuto eta San Frantziskoko auzoetara zabalduko da. Jaialdia Bizkaiko beste herri batzuetara ere iritsiko da; hala nola, Basauri, Arrigorriaga, Muskiz, Lezama, Larrabetzu, Derio, Areatza eta Natxitua (Ea).
Txotena Gunea nabarmentzen dute, non hainbat topaketa eta jarduera egingo diren, besteak beste, “LA CORTINA RASGADA (UN VIAJE ENTRE DOS MUNDOS)” erakusketa/tailerra. Gune hori dinamizatuz, auzotarren eta bisitarien arteko gizarte- eta kultura-kohesioa sustatu nahi dute, bai eta “titiriteroen etxea” ezagutaraztea ere, nondik datozen kontuan hartu gabe.