ELKARRIZKETAK: Extramission: Begi distiratsuen ehizan
Agrilogistics, Gerard Ortín Castellví, Erresuma Batua, Espainia, 2022, 21’
Bliss point, Gerard Ortín Castellví, Italia, Erresuma Batua, Espainia, 2023, 26’
Jessica Sarah Rinland artista eta zinegileak Extramission: Begi distiratsuen ehizan erakusketa du Tabakalerako 2 erakusketa aretoan. Hala, erakusketa osatzeko, bi proiekzio antolatu ditugu, publikoak Rinlanden obran beste ikuspegi batetik murgiltzeko aukera izan dezan. Lehenengo saioan emango diren filmak Rinlandenak dira, eta bigarrenean, berriz, Gerard Ortín zinegile eta artistarenak.
Zenbaitetan bien filmak bat datoz lantzen dituzten gaietan, eta, nabarmenago, beren sortze prozesuetan. Beren zineak ikerlana du ezaugarri, non hizkuntza zinematografikoak —soinutik hasi eta muntaiaraino eta kameraren mugimenduetaraino— jorratzen dituzten gaien pareko garrantzia hartzen duen. Bai Rinlandek bai Ortínek harmonia bikaina lortzen dute formaren eta edukiaren artean.
Gerard Ortín, egun, Goldsmithsen (Londres) doktoregoa egiten ari da elikadura-erregimenen teknologiei eta ekologiei buruz. Doktorego praktiko hau hiru filmek osatzen dute, eta bakoitza elikadura-zikloaren fase bati dagokio: kontsumoa Future Foods (2021) produkzioa Agrilogistics (2022) eta banaketa, Bliss point (2023).
Elikadura-erregimenen inguruko Gerard Ortínen trilogiaren bigarren eta hirugarren filmak ikusi ahal izango ditugu saio honetan. Gainera, Ortínekin berarekin hitz egiteko aukera izango dugu, ikerketa eta praktika zinematografikoa uztartzen dituzten bere lan-prozesuetan sakontzeko.
Agrilogisticsek egungo nekazaritza industrialean egin berri diren eraldaketa teknologikoetara hurbiltzen gaitu. Tulipen erraboilak, krisantemoen aldaxkak edo tomateen laboreak beren hazkuntza erregulatzen duten ganberen eta algoritmoen bidez prozesatzen dira. Egunez, berotegia gailu zinematiko bihurtzen da, plato automatizatu antzeko bat loreak eta landareak masan ekoizteko. Gauez, fabrika gelditu egiten da: kanpoaldea eta barrualdea espazio oniriko batean nahasten dira, non landareek, animaliek eta makinek egitura eko-teknologiko berri bat osatzen duten.
Bliss Pointek elikagaien hornidura-kate bizkorrean barneratzen gaitu; sukalde fantasmetan, publizitateko platoetan eta AIk kudeatutako biltegietan barrena eramaten gaitu, elikaduraren arloan prozesu tekno-kapitalista berriek azeleratutako hornidura-erritmoan murgil gaitezen. Banatzaile baten ibilbidetik garamatza; hiria zeharkatzen ari da bizikleta elektriko batean, hanburgesak egiten diren edukiontzi industrial batera iritsi arte. Biltegi batean, algoritmoek kontrolatutako robotek automatikoki prozesatzen dituzte erosketa-saskiak, eta laborategi batean, berriz, xerra beganoak inprimatzen dira 3Dn. Palatabilitate optimoaren kontzeptuan oinarrituta —gatz, azukre eta gantz kantitate optimoa plazera maximizatzeko— Bliss Pointek automatizazioaren, giza lanaren eta janariaren estetikaren eta politiken arteko intersekzioak erakusten ditu.
*Bi filmen proiekzioa Gerard Ortín autorearekin izango den elkarrizketa publiko batekin osatuko da.