2020 urtean lehen diska aurkeztu zutenetik, Iñar Sastrek (pianoa) eta Jagoba Astiazaranek (txistua) gidaturiko Arineketan taldea dozenaka plazetan aritu da euskal musika tradizionalaren zahar-berritze lanetan. Lehen diska hartan euskal dantzen erritmo eta doinuak izan zituzten ardatz. Material hura hartu eta eraldatzea izan zen heuren lana, beti umorez eta dibertsioz, tradiziozko hotsek egun bizi berri bat dutela erakutsi nahian. Izan duten arrakastaren erakusgarri da heuren zuzenekoagatik 2021ean eskuratu zuten Euskal Herriko Musika Bulegoa saria.
Hiru urte ondoren, Arineketan taldeak proiektu berri bat dakarkigu. Zer berri? “Zaharrak berri”. Esaerak adierazten duen moduan ildo beretik jorratuko dute tradizioa: Lehen diska hartan euskal dantzarekin egin bezala, herrian guztiz errotuak dauden kanten gaurkotze bat egin nahi izan dute. Heuren hizkuntzan ohikoa den jazz, pop eta latin ukituei rap-a bezalako estilo urbanoak gehitu dizkiete oraingoan. Eta lan horretarako gaur egungo hainbat ahots esanguratsu bildu dituzte diskan: Ødei, Nøgen, Olaia Inziarte, Idoia, Mikel Urdangarin, Ansa ahizpak, Ainara Ortega, Eñaut Agirre, Beñat Gaztelumendi baita New Yorken egoitza duen Rosalind talde amerikarra ere.
Modu horretan euskal ondarea berreskuratuz, bigarren bizitza bat eman nahi zaie galtzear dauden kantei, itxuraldatuta publiko berriengana helaraziz.