Kultura Zerbitzuak diseinatzen du urtero Eguberrietako Gasteizko kultur egitaraua.
Aurten, bi berrikuntza izango dira jarduerarik nabarmenenen artean eta biak Olentzerorekin eta Mari Domingirekin lotuta daude. Lehenengoa abenduaren 24ko desfilearekin dago lotuta: 2024an karroza bat gehiago egongo da: baso mitologikoa irudikatuko du eta antzerki-talde ikusgarria izango du, ibilbidea argiz eta kolorez betetzeko. Cal y Canto antzerki-taldea arduratuko da ‘Haizearen lorategia–The wind garden’ ikuskizun ibiltariarekin desfileari argitasuna emateaz, eta euskal mitologiaren unibertsora egokituko du.
Basoko karroza berriaren atzetik joango dira Mari Domingi eta Olentzero, haurrek lagunduta. Laugarren eta azken karroza handia izango da eta gozokiak botako dituzte bertatik. Gainera, Erraldoien Konpartsa, baserritarrak, buruhandiak, Gargantua eta galtzagorriak ere izango dira.
Judimendiko Joaldunen taldeak ere ez du hutsik egingo eta ibilbidearen hasieran joango da. Esnezaleen, ikazkinen, egurgileen, artzainen, dantzarien eta sorginen taldeak ere bertan izango dira.
Guztira, 400 bat parte-hartzailek osatuko dute desfilea eta beti bezala 18:00etan hasiko da Iparralde gizarte-etxetik eta Andra Mari Zuriaren plazan amaituko da. Hona hemen ibilbidea: Iparralde gizarte-etxea, Legutianoko Atea kalea, Frantzia kalea, Bake kalea, Olagibel kalea, Mateo Moraza kalea eta Andre Maria Zuriaren plaza.
19:00ak inguruan iritsiko dira Andra Mari Zuriaren plazara eta San Migeleko balkoitik gasteiztar guztiak agurtu eta abestiak abestuko dituzte. Amaierako ekitaldian, Balkoira joateko sarbide guztiak itxita egongo dira Aihotz plazatik (Arkupeetatik) eta Andre Maria Zuriaren plazatik.
Aurtengo Eguberrietako bigarren berrikuntza ere Olentzerorekin eta Mari Domingirekin lotuta dago, baina, kasu honetan, haien etxearekin. Lekuz aldatuko da etxea eta Uraren Ezkutuko Lorategian jarriko da aurten. Landareekin eta argiekin apainduko da. Bertan, hiriko haurrei harrera egingo diete figurek eta gutunak uzteko aukera izango dute. Baina ez dira bakarrik egongo, galtzagorriak ere bertan egongo baitira lehen aldiz abenduaren 20, 21, 22 eta 23an, 18:00etatik 20:00etara, bertara joaten direnak animatzeko. Inaugurazioa abenduaren 5ean izango da, 16:00etan, eta abenduaren 25era arte egongo da bertan instalatuta, 10:00etatik 21:30era.
Euskal pertsonaia mitologiko horien programazioa osatzeko, abenduaren 24an harrera egingo dute udaletxean, 10:00etatik 15:00etara. Haurrei harrera egingo diete Olentzerok eta Mari Domingik galtzagorriekin eta Udal Folklore Akademiako trikitilariekin, albokariekin eta txalapartariekin batera.
Haur Ikuskizunen Erakustaldia Eguberrietako egitarauko “ekitaldirik zaharrenetako bat” da eta aurtengoa 21. edizioa izango da. 3 ikuskizun handi izango dira eta 5 emanaldi egingo dituzte Mendizorrotzako kiroldegian, abenduaren 26tik 28ra:
Egunik jendetsuena urtarrilaren 5a da, errege magoak opariz beteta Gasteizera iristen diren eguna. Egun handi hori 11:00etan hasiko da, Meltxor, Gaspar eta Baltasar tren-geltokira iristen direnean. Jarraian, errege magoak Araba Classic Club elkarteko hainbat ibilgailu klasikotan Plaza Berrira joango dira Geltoki plazatik. Alboan izango dituzte errege magoen laguntzaileak diren postariak, opariz betetako traktore bat, musika-banda eta Todozancos konpainiaren ‘Mediterraneus’ ikuskizuna. Plaza Berrira iritsitakoan, errege magoek udaletxeko balkoi nagusitik agurtuko dute, 11:20 inguruan.
12:15etik aurrera eta 18:00ak arte, errege magoek harrera egingo diete haurrei Goiuri jauregian (Frai Zacariasetik sartuta). Eguna amaitzeko, errege magoen kabalgata izango da eta 19:00etan hasiko da ohiko ibilbidea: Bilboko plaza, Frantzia, Bake, Ortiz Zarate, Florida, Ramón y Cajal, Micaela Portilla eta Lascarai kaleak eta Gasteiz hiribidea, Tomas Zumarraga Dohatsuaren arteko bidegurutzeraino. Iaz bezalaxe, ibilbidearen azken tartean (Gasteiz hiribidean, Tomas Zumarraga Dohatsua kalearekin elkartzen den bidegurutzera iritsi aurretik), karrozen soinuaren bolumena jaitsiko dute autismoaren espektroko nahasmenduak eta entzumen-desgaitasuna dutenek kabalgataz erosotasunez gozatzeko aukera izan dezaten. Hiriko Autismoaren Espektroko Nahasmenduen elkarteek egindako eskaerari erantzun dio Kultura Zerbitzuak ekintza horrekin.
Kopurutan, 300 partaide eta 7 karroza izango dira. Lehen hiru karrozak fantasiazkoak izango dira, eta hurrengoetan 3 errege magoak iritsiko dira. Zazpigarren karrozatik, aldiz, gozokiak botako dituzte.
2024ko errege magoen kabalgatan antzerki-talde hauek egongo dira:
Floridako jaiotza monumentala izan zen Kulturako Plan Estrategiko berriaren barruan egindako inkestaren arabera herritarrek ondoen baloratu zuten eta gehien ezagutzen duten kultur jarduera. Izan ere, jaiotza handi hori “harribitxi bat da, eta udalerri askok interesa izan dute, antzeko zerbait egin ahal izateko”, adierazi du Kulturako zinegotziak. Tamaina errealeko 200 figura baino gehiagok eta hainbat egiturak osatzen dute eta Florida parkean jartzen da 1962tik.
Jaiotza pixkanaka handitu eta berritzen da urtero, herritarrek egiten dituzten ekarpenekin. Iaz bildutako diruarekin, jaiotzako figura batzuk berrikusi eta berriro margotu dituzte aurten. Floridako jaiotza monumentalaren inaugurazioa abenduaren 5ean izango da, 16:00etan, eta urtarrilaren 7ra arte egongo da ikusgai, orduan amaituko baita Eguberrietako garaia. Jaiotzaren ordutegia 10:00etatik 21:30era izango da, eta Jaiotzaren Misterioaren kobazuloarena 10:00etatik 14:30era eta 16:00etatik 21:30era. Bedeinkapena, ohikoa den moduan, abenduaren 24an egingo da, 13:00etan.
Gasteizko Eguberrietan musikak girotzen ditu Gasteizko kaleak eta jai-giroa sortzen du. Abesbatzek eta musika-tresnen bidez eskainitako 40 emanaldi izango dira entzungai eta Eguberrietako errepertorioa eta errepertorio tradizionala interpretatuko dute.
Arabako Abesbatzen Federazioak 24 kontzertu eskainiko ditu Gabonetan, hainbat plazatan eta hiriaren erdiguneko oinezkoentzako kaleetan, abenduaren 23tik urtarrilaren 3ra. 18 abesbatza arituko dira 19:30ean hainbat espaziotan; Arka plazan, Santa Barbara plazan eta Antso Jakitunaren kaleko pergolan. Bestalde, ekitaldi nagusia egunero eskainiko dute Urrezko Zeledonen plazan; bertan, 3 abesbatzak batera abestuko dute, 20:30ean. Abesbatzekin batera, 9 fanfarre eta txistularien eta gaita-jotzaileen 3 talde ibiliko dira erdiguneko kaleetan abenduaren 23tik urtarrilaren 5era.
2024arekin amaitzeko, Erraldoien eta Buruhandien Konpartsak kalejira egingo du abenduaren 31n, 17:00etan. Musiketxetik aterako dira eta hainbat kale eta plazatatik igaroko dira. 18:00etan Santa Barbara Plazan geldialdia egingo dute eta 19:00ak aldera, amaierako dantza handia egingo dute Plaza Berrian.
Butaka Txikiak arte eszenikoetako ikuskizunak eskainiko ditu Eguberrietako egitarauaren barruan. Abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra, haurrentzako 8 ikuskizun daude aurreikusita aretoetan eta 9 saio gizarte-etxeetako areto eta antzokietan.
Hainbat diziplinatako ikuskizunak izango dira, hala nola antzerkia, txotxongiloak, dantza, zirkua, akrobaziak, ikusizko arteak eta soinu bidezkoak… Halaber, kalitate handiko piezak izango dira, haurren antzerki-lehiaketetan hainbat sari jasotakoak, esaterako FETEN, eta MAX sarietako finalista bat (Arrainak bihotzean).
Hau da eskaintza:
Sarrerak abenduaren 11ko 08:30ean jarriko dira salgai edozein gizarte-etxetan edo kirol-instalaziotan (frontoietan izan ezik) eta Interneten.
Gasteizko Eguberriei buruzko informazio gehiago eta jardueren egitarau osoa udal webgunean.