XABIER BAIOLA

Basauri 2024(e)ko Azaroak 22
  • XABIER BAIOLA

Xabier Badiola musikari eibartarraren argazkiek ez dute engainurik.  Xabier harro azaltzen da bere gitarra altxatuta joaz, edo bakarti eta pentsakor eraikuntza abandonatuen artean, zuri beltzeko giro guztiz vintage eta dotore batean. Eta horixe da disko apart honen doinuetan aurkitzen duguna. Xabierren ahots eta gitarra soilik, tarteka Regina Luisa Zigaranen ahots pintzelkada sotilen laguntza bakarraz. Nahiko eta sobera agian azken urteetan diskoetxe honetan plazaratu den disko txundigarrienetako bat izan daitekeen bilduma hau osatu ahal izateko. Hitz larriak erabiltzera bultzatzen gaitu Xabierrek, aho bete hortz utzi bait gaitu bere estreinako disko honek.

LParen azalean Eibarko Iñaki Larrañaga artista beteranoaren marrazki bat dugu. Garai eta belaunaldi ezberdinen arteko harremanaren adierazle modura. Britainia Handiko folk revival garaiko Pentangle, Fairport Convention, Nick Drake, AEBko Tim Buckley, Robbie Basho, John Fahey edota 60ko hamarkadako euskal kantu berriko Xabier Lete edo Laboa bezalako artistak aipatzea ohikoa eta nolabait errekurtso erraza izaten da doinu xuxurlari eta pittin bat psikodelikoak gitarra soil batez interpretatzen dituen artista baten aurrean. Oso urriak izaten dira era horretako erraldoi musikalen argitasunaren izpi txikienik ere eragiten dutenak, ordea. Baina disko honen lehen notak entzun bezain pronto, dagoeneko ahaztuta eta ezinezkotzat jotzen genuen trantze moduko magia hori berpizten da. Soinu eta estetika jakin baten imitazio hutsaz askoz haratago doan identifikazioa sumatzen da.

Edozein erara, rock psikodeliko eta progresibo anglo-saxoniarreko talde elektrikoetan aritu izan da gaur arte Xabier, bere folk akustiko alderdia pixkanaka landuz, ereinez eta zainduz. Beste askoren kasuan bezala pandemiaren etenak eraman zuen alderdi horretan erabat murgiltzea eta kantuak sortzen hastea. Baita, diskoaren nota eta hitz guztietan igortzen den zintzotasun horretaz, euskaraz idatzi eta abesteko hautua.

Estudioko konponketa sofistikaturik gabe, giro eta baldintza guztiz etxetiarrean eta mimo handiz grabatu ditu 10 abesti hauek Xabier Badiolak. Abesti handi eta ederrenak bere gordintasun hutsean goza eta estimatzen dira gehien sarritan. Behin behineko ekimena edo luzera begira garatzen jarraitzeko modukoa dela edo ez dela, gaur eta hemen, euskal musikan orokorrean, entzun daitekeen altxor liluragarrienetako bat erori zaigu eskuetara.

hotsak.com

Laburrean

  • Mota Kontzertua
  • Data 2024(e)ko Azaroak 22
  • Ordutegia20:00
  • LekuaNAI Lua teteria
    Basauri
  • ZenbatekoaDoan
  • HizkuntzaEuskara

Non