Sormene 2024 (udazkeneko egitaraua)

Galdakao 2024(e)ko azaroaren 26(e)tik 2024(e)ko abenduaren 3(e)ra
  • Sormene 2024 (udazkeneko egitaraua)

Euskarazko kulturaren ekosistema indartzeko helburuarekin abiatu zen 2020.urtean Sormene, Galdakaotik Euskal Herri osorako sortutako sorkuntzen plaza. Geroztik osatu diren zazpi edizioetan, euskarazko sortzaileen lana herritarrengana hurbildu eta euskal kulturaren transmisioan lanketa sakona egitea bultzatu du, (etxean, kalean hezkuntza arautuan eta ez arautuan). 

Esentzia eta arima berarekin dator aurtengo udazkeneko edizioa, azaroaren 26tik abenduaren 3ra Iturrondo plazako karpan eta herriko beste zenbait txokotan gauzatuko dena. Aste horretan zehar, ikasleekin eta gurasoekin lanketa egiteko askotariko ekitaldiak prestatu dira, hala nola irakurtaldi komunitarioa, pandero-tailerrak, kantagintzari buruzko hitzaldia gurasoentzat, ikerketa-lanen aurkezpenak, bertso-saioak, antzerkiak eta bakarrizketak, beste batzuen artean. 

Aurten, talde eragileen ekarpenak aintzat hartuta, ahozko transmisioan jarri da begia. Izan ere, betidanik nagusiki ahozkoa izan da kulturaren transmisioa, baina duela mende erdi eta orain ezberdin prestatzen dugu gure burua ahoz komunikatzeko. Gaur egun, aurrez eta idatziz prestatzen dira ahoz kontatu eta kantatuko direnak. Garai batean ez dakigu hain idatzizkoa zen aurre-lana. Esaterako, Romualda Zuluaga pandero-jole galdakoztarrak kantuen bidez kontatzen zituen auzoko edo herriko berriak, eta errepikapenak eta errimak baliatuko zituen koplak gogoan hartu eta jendaurrean eskaintzeko. 

Sormene: kantuz kontatu 

Ahoz edo idatziz, transmisioa behar du kulturak: artistek entzuleei, irakasleek ikasleei, gurasoek seme-alabei… gaur arte nagusiki ahozkoa izan baita kulturaren transmisioa, baina forma berriak aurkitu beharrean gaude. Behar horretan arakatzera dator Sormene. 

Horretarako, alde batetik, Galdakaoko sortzaileen lana eta bizimodua dokumentatu eta zabalduko du, emakumeen garrantzi bereziarekin. Izan ere, Romualda Zuluagari buruzko ‘Romualda panderoaren bidaia hilezkorra’ liburua ondu du Gontzal Carrasco historialariak eta trikitilariak, eta herrian egingo da liburuaren aurkezpena azaroaren 29an arratsaldeko 18:00etan. Irakurketa bateratua izango da eta Romualdaren familiak, Bekeako bizilagunek, Andra Mari, Erabide eta Leidu elkarteek zein beste zenbait herritarrek irakurriko dituzte labetik atera berria den liburuaren zatiak.

Gainera, literatura arloan ere, azaroaren 30a izango da Sormeneren ekitaldi gehien batuko den eguna. Besteak beste, egun osoan zehar, euskararen konpromisoa erakutsi eta irakurletasuna bultzatzeko ‘Liburua opari’ ekimena dakar Bagabiz Euskara Elkarteak; jarraian, ‘Eguerdi Filosofikoak’ herriko artista gazteak eta Euskal Herriko mailakoak elkarlanean batuko ditu filosofia eta sorkuntza uztartuz; azkenik, arratsaldean, kultura tradizionala eta abangoardia uztartuko ditu ‘Euskara (b)ere saltsan’ ekimenak, Divenire dantza akademiaren euskarazko saltsa tailerraren eta Goxua’n Salsa taldearen kontzertuaren bidez. 

Azken finean, egunerokoan euskaraz egiten ez diren ekimenak euskaraz egitea eta euskal sormenaren esparruak zabaltzea da ekitaldiaren nahia. Horretarako, kultur transmisioan eragiteko ahaleginak etenik gabeak izango dira Sormenen.

Egitaraua: 

  • Azaroak 23  

12:00etan, Tximiolarren. Romualda Zuluagaren muralaren aurkezpena. Goiz osoan Erabide elkarteak antolatuta askotariko ekitaldiak izango dira. 

  • Azaroak 26, 28 eta 29 

Gandasegin, Urretan, Aperribain eta Eguzkibegin Pandero tailerrak Maixa Lizarribarren eskutik Lehen Hezkuntzako 5. mailako Galdakaoko ikastetxe guztietako ikasleei zuzenduta.

  • Azaroak 29  

18:00etan, Iturrondo plazako karpan. ‘Romualda, panderoaren bidaia hilezkorra’ liburuaren irakurtaldi komunitarioa. Parte hartzaileak Romualdaren familia, Gontzal Carrasco liburuaren egilea, Andra Mari dantza taldea, Bekeako bizilagunak, Leidu irakurketa taldea, Erabide elkartea, Euskal Herriko Trikitilari Elkartea eta Galdakaoko Udala. 
Ondoren, Euskal Herriko eta Galiziako emakumezko pandero-joleak eta perkusio-joleak: 
Amak kolaborazioa eta Antia Muiño kontzertua. 

  • Azaroak 30 

Goizetik iluntzera, Iturrondo plazako karpan. ‘Egunerokoan euskara gehiago erabiltzeko prest nago…’ ekimena, Bagabiz Ekarteak antolatua. Aurreko esaldia amaitzen duten guztiei euskarazko liburu berria oparituko zaie. Ondoren, konpromiso guztiak koaderno batean jasoko dira.  

12:00etan, Iturrondo plazako karpan. ‘Eguerdi filosofikoak’: Zergatik ez dugu pentsatzeko denbora hartzen? Galdera honen inguruan arituko dira Iñigo Martinez Peña filosofia irakaslea eta idazlea, Andoni Egaña eta Alaia Martin bertsolariak. 
Musika sorkuntza: Elene Uribarri eta Beñat Armentia. 
Mikro irekia. 18:00etan, Iturrondo plazako karpan. ‘Euskara (b)ere saltsan jaialdia’.
Salsa tailerra euskaraz Divenire dantza eskolak eskainia.
Goxua’n Salsa taldearen kontzertua.

  • Abenduak 1 

20:00etan, Torrezabal Kultur Etxean. Jon Ander Urrestiren ‘Eukalyptus’ antzerkia Sarrera: 8 euro
Durangoko Azokako sormen bekaren irabazlea. 

  • Abenduak 2 

18:00etan, Iturrondo plazako karpan. ‘Baga,Biga,Higa’: Eñaut Elorrieta eta Mikel Markez
Euskal kantugintzaren historian zehar ibilbide bat. Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako gurasoei zuzenduta.

Gainera, abenduaren 3an Euskararen Eguna ospatzen da eta Sormene egun honetako programa berezira batuko da. Bertan, Trakamatraka saioa, mintzodromoa eta beste hainbat ekitaldiz gozatu ahal izango dute galdakaoztar guztiek.

galdakao.eus

Laburrean

Non