Juan Sagastizabal margolariak (Eibar, 1952) Basa lorategia erakusketa aurkeztu du Ignacio Aldecoa Kultura Etxean: 30 margolanez osatutako lagina, hainbat formatutakoak eta prozedura tekniko tradizionalak erabiliz eginak.
Sagastizabalen hitzetan, erakusketa "gure inguruko paisaiaren, floraren eta faunaren isla da, nolabaiteko misterioa eta bizitzaren ospakizuna transmititu nahi dituena".
Margolari horren lanetan behin eta berriz agertzen dira inguruko flora eta fauna. Duela 15 urte hasi zen gai horiek lantzen, "Lur azalean" izeneko erakusketan. Erakusketa hura ere Kultura Etxean aurkeztu zuen.
Erakusketa urtarriletik martxora bitartean ikusi ahal izango da, astelehenetik larunbatera, Kultura Etxea irekitzeko ordutegian.
Juan Sagastizabal Eibarren jaio zen 1952an, baina erabat gasteiztartzat dauka bere burua, Arabako hiriburuan sei hamarkada baitaramatza. Margolari autodidakta da. Laurogeiko hamarkadaren hasieran Arabako Artisten Elkartean parte hartu zuten, eta elkarte horretako kideek beren lanak Café Morganen ikusgai jarri ohi zituzten. Harrezkero, bere obraz gozatzeko aukera izaten da maiz, bai Arabako hiriburuan, bai inguruko hiri askotan.