"Uncertain Space instalazio interaktiboa da, espazio fisiko eta birtualaren intersekzioaren bidez errealitateari buruz dugun hautematea kolokan jartzen duena. Ikus-entzunezko paisaia karstikoa da, eta aztertzen du fisikoki ezinezkoa baina itxuraz benetakoa eta erreala dirudien espazio batean presente egoteak eragiten digun ziurgabetasuna.
Uncertain Spacen, errealitate birtualeko teknikak baliatu dituzte ingurune karstiko bat sortzeko. Ingurune karstiko birtual hori bi dimentsioko pantailatik azaleratzen da, magikoki, eta haren mintz digitalek aukera ematen digute zenbait biotoporen ezkutuko dimentsioetan murgiltzeko. Biotopo horietan, lur azpiko baso misteriotsuak eta denborak zizelkatutako espeleotema bitxiak daude —grabitateari aurre egiten dioten eta jatorri ezezaguna duten heliktita kontraesankorrak, adibidez—. Sortutako ingurune horretako azaleren dimentsioak (hasieran, haien itzalak baino ez ditugu hautemango) pitzadura eta zuloen bidez uztartzen dira, eta espazio-anbiguetateak eta askotariko dimentsioak islatzen dituzte."