Zinemateka Azkuna Zentroa: "Classique = moderne. Zinematekaren historia berria II"

Bilbao 2025(e)ko urtarrilaren 14(e)tik 2025(e)ko apirilaren 10(e)ra
  • Zinemateka Azkuna Zentroa: "Classique = moderne. Zinematekaren historia berria II"

Azkuna Zentroa – Alhóndiga Bilbaok Classique = Moderne zikloaren bigarren zatia programatu du, Zinematekak Bilbon egindako 40 urteen omenez.

Zikloa serie gisa antolatu da, 3 urtez, 2024, 2025 eta 2026an, hastapenetan gune honen programatzailea izan zen José Julián Baquedanorekin batera aukeratutako 45 filmekin. Ezinbesteko filmak dira, gehienbat zinemaren historian duten garrantziagatik, eta ez zuzendu dituztenen garrantziagatik.

Era berean, ziklo honek euskarri analogikoak duen balioari heldu dio berriz, zeluloideko proiekzioak eta formatu digitalekoak uztartuz. Ez dago ezer modernoagorik eta egungoagorik, kontuan izanik zinemagile garaikide askok eta askok hori hautatzen dutela beren ekoizpenetan, emaitza naturalagoak lortu nahian.

Irizpide hori kontuan hartuta, “Classique = moderne. Zinematekaren historia” berri bat zikloaren bigarren kapitulu honetan, zinema-ekoizpeneko maisulan batzuk izango ditugu ikusgai.

Japoniako zinemako bi maisu eztabaidaezinen lanik bikainenekin hasiko gara: Kenji Mizoguchi-ren “Ugetsu monogatari” (Ilargi zurbilaren ipuinak) eta Yasujir? Ozu-ren “Tokyo monogatari” (Tokioko ipuinak). 1953ko bi film dira, oso lirikoak, baina guztiz estilo desberdinetakoak, Japonian eszenaratzeko prozesuan izandako joera desberdinen erakusgarri.

Jarraian, “Pickpocket” (1959) izango dugu, Robert Bresson-en erreferentziazko lana. Nouvelle Vague-n eragin handia izan zuen, eta Paul Schrader zuzendariak sarritan omendu zuen; izen bera duen liburuan, “estilo transzendentalaren” eredutzat hartu zuen.

Gero, “The Apartment” (1960) izango dugu, Billy Wilder-en filmik ospetsuena eta Oscar gehien lortu zuena. Komedia itxurako melodrama honetan, Alexandre Trauner-en dekoratuek era ikusgarrian distiratzen dute. Bizitzaren ikuspegi ezkor bat, amaiera zoriontsua duena.

Komedia gisa ere, “Plácido” (1961) aurkeztuko dugu, seguruena Luis García Berlangaren filmik onena, Espainiako gizarteaz zuen ikuspegi korrosiboarekin eta sekuentzia-planoaren eredu gorena.

Bigarren kapitulu honetan, ezin bazter utzi Luis Buñuelen zinema. Ziklo honetan, “Los olvidados” (1950) ikusiko dugu. Obra poetikoa eta krudela da, mexikar garaiko bere filmik onenetako bat, eta hiri handi bateko errebaletako bizitza dohakabea kontatzen digu.

Estatu Batuetako zinemak bitxi bat oparituko digu: “His Girl Friday” (Ilargi berria) (1940), Howard Hawks-en komedia. “Estilorik gabeko bere estilo” horrekin, barre egin eta gogoeta eragiten digu aldi berean. Eta malenkoniaz negar eta barre egin nahi izanez gero, ez izan zalantzarik, ikusi Federico Fellini handiaren “Amarcord” (1973) testamentu-filma. Bertan, bere haurtzaroa eta gaztaroa erretratatzen ditu modu autobiografikoan.

François Truffaut zinegile eta kritikariak, Nouvelle Vague-ren ordezkaririk garrantzitsuenetako bat denak, “Jules et Jim” (1962) eskainiko digu, bere bigarren film luzea. Jeanne Moreau-rekin izandako maitasun-istorio eder eta tragikoa, idazle baten memoria autobiografikoetan oinarritua.

S. M. Eisenstein sobietarrarekin zinema eszenaratzeko beste modu batera hurbilduko gara. “Oktyabr” (1927) lanean, bere muntaketa dialektikoaren praxia dugu ikusgai. Iraultzaren orzina bat da, indarrez eta adorez betea, dokumentu-kronikaren ezaugarriak izan arren balio dramatikoz hornitua.

“Othello” (1951) da Orson Welles-en hamalau film bukatuetako bat. Aukera emango digu Wellesek muntaketan zuen maisutasunaz gozatzeko, William Shakespeareren obraz egin zuen egokitzapen indartsuarekin, antzerki-jatorria nabarmendu gabe, eta Alexandre Trauner-en zuzendaritza artistiko bikainarekin.

Oroitzapenezko ziklo honen bigarren kapitulua amaitzeko, Buster Keaton handiaren “The General” (1926) proiektatuko dugu, zinemako klasiko bat baino kontu modernoagorik ez dagoela erakusten duen lana. Gaur egun bere filmek indarrean jarraitzen dute, barre eragiten digute, hunkitu egiten gaituzte eta pentsarazten digute, duela mende bat bezalaxe.


Laburrean

Non