Urtarrilaren 15etik martxoaren 15era bitartean jasoko dituzte ZirtZarten «Hitz-Erdiko Kontaketak» euskarazko ipuin laburren lehiaketaren 2025eko ediziorako lanak.
«Erabaki zuzena hartu ote nuen?» izango da abiapuntua. Esaldi horretatik hasita, gehienez ere ehun hitzeko kontakizuna idatzi beharko dute parte-hartzaileek.
Lehiaketa ZirtZart Basaurik (Basauriko Udalaren Gazteria Ataleko programa) antolatzen du, Geuria Hego Uribeko herri komunikabidearen eta Elkar Euskal Kulturgintzaren laguntzarekin. 12-35 urte bitarteko gazteei zuzendutako ekimen horren helburua da idazmenean interesa dutenen talentua aurkitzea.
Parte hartu nahi dutenek «mikrokontakizun» bat idatzi beharko dute, gehienez ere ehun hitzez osatua. Antolatzaileek hasierako esaldia emango dute (aurtengoan, hauxe: «Erabaki zuzena hartu ote nuen?»), eta hortik abiatu beharko dira lanak. Parte-hartzaile bakoitzak hautatuko du bere kontakizunaren gaia. Euskaraz idatzitako «mikroipuinak» baino ez dira onartuko. Nahi adina kontakizun aurkeztu ahalko ditu parte-hartzaile bakoitzak, 2025eko urtarrilaren 15etik martxoaren 15era bitartean, zirtzart.basauri.eus webgunearen bitartez.
Bost sari egongo dira:
«Lehen sailkatua» (200 €-ko bonua jasoko du)
«Bigarren sailkatua» (150 €-ko bonua)
«Hirugarren sailkatua» (100 €-ko bonua)
«Elkar» saria (150 €-ko bonua) eta «Basauri» saria (150 €-ko bonua). «Elkar» sarian, 12-17 urte bitartekoen proposamenak baino ez dira aintzat hartuko; eta
«Basauri» sarian, herrian erroldatua egon beharko du parte-hartzaileak
«Lehen sailkatua»ren, «Basauri» sariaren eta «Elkar» sariaren «mikrokontakizunak» Geuria aldizkarian argitaratuko dira (Hego Uribeko Herri Komunikabidea da Geuria).
Zortzigarren edizioa dugu aurtengoa, eta, orain arte, antolakuntzak, denera, 1.021 proposamen jaso ditu (89, lehen edizioan; 83, bigarrenean; 54, hirugarrenean; 203, laugarrenean; 288, bosgarrenean; 149, seigarrenean, eta 155, zazpigarrenean).