Itsasmuseum Bilbaok eta BBK-k Zer da itsasoa zuretzat? lehiaketaren bigarren edizioan parte hartzeko epea ireki dute: DBHko ikasleek haien inguruko pertsona nagusiei grabatutako elkarrizketa- lehiaketa.
Helburua itsasoa belaunaldien arteko elkarrizketaren abiapuntua bilakatzea da, Bizkaiko gazteei itsas munduak gure historian eta identitatean duen garrantzia hurbilduz eta gure memoria kultural kolektiboa kontserbatzen lagunduz.
Lehiaketa Bizkaiko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 1, 2 eta 3. mailako ikasleei zuzenduta dago. Jarduera eskola-curriculumarekin bat dator, Oinarrizko Zehar- eta Diziplina- Barneko Konpetentziak garatzeko edukiak lantzeko diseinatuta baitago. Aukera paregabea eskaintzen die ikasleei itsas ondarearen aberastasuna aztertzeko, gure adinekoen bizipenen bidez. Ildo horretan, ekimenak helburu bikoitza du: belaunaldien artean bizitza- eta jakinduria-esperientzien transmisioa sortzea, eta nerabeen artean tresna
digitalen erabilera arduratsua eta sortzailea sustatzea.
Ikasleek ikastetxearen eskutik zein modu librean parte har dezakete, bai banaka edo gehienez lau laguneko taldeetan.
Erronka Zer da itsasoa zuretzat? galderatik abiatuta adineko pertsona bati edo bat baino gehiagori 3 eta 8 minutu bitarteko elkarrizketa bat egitea da, euskaraz edo gaztelaniaz. Itsasoak, gure kulturaren elementu nabarmen gisa, esanahi bat du pertsona bakoitzarentzat, eta prozesu horren bidez, gure aitona-amonekin istorioak, ezagutzak eta bizipenak partekatzeko zubia, aitzakia bilakatzea, bilatzen da.
Inspiratzeko eta jorratu daitezkeen gaien aniztasuna ezagutzeko, Itsasmuseumek parte hartuko duten ikasleak museoa doan bisitatzera gonbidatzen ditu.
Kulturaren munduarekin lotutako pertsonek osatutako epaimahai batek, banakako eta taldeko modalitateetan egindako lan onenak aukeratuko ditu, DBHko hiru mailetan. Gainera, 3 aipamen berezi egongo dira ingurumenaren jasangarritasunari, genero-berdintasunari eta euskararen erabileraren sustapenari egiten dizkioten ekarpenak sarituko dituztenak, hauek baitira BBK Fundazioak eta Itsasmuseumek partekatzen dituzten hiru balore estrategikoak.
Guztira 6.500 euroko balioa duten 21 sari banatuko dira kirol, kultura eta naturako abentura eta esperientziez gozatzeko, baita Eup!-en, tokiko merkataritzako plataforman, trukatzeko bonuetan ere.
Sariak maiatzaren 15ean museoan egingo den ekitaldian banatuko dira, eta bertan familiak, ikasleak, ikastetxeak eta inplikatutako erakundeak egongo dira gonbidatuta.
Lehiaketaren lehen edizioan 320 gaztek hartu zuten parte, eta gure lurraldearen aniztasuna eta itsas unibertsoari lotutako bizipen pertsonalak islatzen dituzten testigantza pluralak bildu zituzten: kostaldeko herrietan jaiotako emakume eta gizonen elkarrizketetatik, non itsas-lanbideen xehetasunak kontatu ziren, mendi-eremuetako haurtzaroaren pasarteak edo Bizkaiko barnealdeko pertsona batzuek itsasoa lehen aldiz ikusi zuteneko oroitzapen bizietara.
Ikus-entzunezko piezek pasadizo dibertigarriak bildu zituzten, baina baita une hunkigarriak eta sakonak ere, hala nola, migrazioak, emakumeen balioetsi gabeko lana, kutsadura, itsasadarreko eta ontzioletako fabrika-giroko erretratuak, eta, besteak beste, Bizkaiko bizimoduen bilakaera. Istorioek itsasgizonen senideen itxaronaldi larriak, portuko bizitzari lotutako abesti eta ohiturak, itsasontziko bizimoduaren baldintza gogorrak eta gure kostaldean bizitako aisialdi une zoriontsuak ere kontatu zituzten.