Klaustro Sounds 25 jaialdiaren barne.
Black Duck taldeak eta Elena Setiének Chicagoko Thrill Jockey diskoetxe independentearekin egiten dute lan, eta hortik sortu zen bira hau elkarrekin egiteko ideia: bi taldeek birarako bereziki diseinatutako errepertorio konbinatua eskainiko dute. Elenak eta Black Duckek bakarka zein elkarrekin joko dute kontzertu bakar honetan; talde bakoitzak bere materiala aurkeztuko du eta bertsio konbinatuak ere joko dituzte, artista batek besteari lagunduz. Kontzertu dinamikoa da emaitza, askotariko tinbre eta konposizioz betea, hala soinu-ikerketaz nola inprobisazio kolektiboaz osatua.
Ate-irekiera, 18:30ean.
Ordurako iristea eskatzen da, gainerako ikusentzuleekiko eta artistekiko errespetuagatik. Beraz, ezin izango da aretoan sartu behin ikuskizuna hasita. Era berean, ez da baimenduko janariarekin edo edariarekin esparrura sartzea.
Ibilbide luzeko artista da Elena Setién. Biolin klasikoa eta konposizioa ikasi zituen Ingalaterrako Surrey unibertsitatean, eta geroago, baita kantu modernoa ere Kopenhageko Kontserbatorio Erritmikoan. Hainbat erakunderen aintzatespena jaso izan du bere lanak. Little Red Suitcase duoarekin hirutan izendatu dute ahots-jazzeko urteko disko onena Danish Jazz Grammies sarietan. Gerora, ordurako bakarlari ari zela, Musika Bulegoak sari bat eman zion 2017ko edizioan, Dreaming of Earthly Things diskoagatik. Another Kind of Revolution lana kaleratu zuen 2019an, eta Unfamiliar Minds 2022an. Azken horri esker grabazio elektronikorik onenaren saria jaso zuen 2023ko MIN sarietan, baita Euskal Musikaren Saria ere, urte berean. 2024an Moonlit Reveries albuma argitaratu du Elenak, Chicagoko Wilco taldeko Glenn Kotche bateria-jotzailearen parte-hartzearekin.
Chicagoko trio instrumentala da Black Duck, bertako musika-eszenako hiru izarrek osatua: Douglas McCombs baxu-jotzailea (Tortoise, Pullman, Brokeback, The Sea and The Cake…), Bill MacKay gitarrista (Ryley Walker) eta Charles Rumback bateria-jotzailea (Ryley Walker). Taldearen estreinako albumean bertan, primeran elkar ulertzen duen banda bat antzeman daiteke. McCombsek, Rumbackek eta MacKayk ahots musikal ezberdinak dituzte, oso ezaguterrazak, baina elkarren artean bikain konbinatzen direnak. Grabazio-estudioan elkarrekin igarotako denborari esker, haien arteko jarioa lortu dute, bide bihurgunetsu zein laburretatik elkarri jarraitzeko gaitasuna, eta halaxe frogatu dute euren estreinaldian.