Elkar Fundazioaren Ipuin eta Ilustrazio Lehiaketak bere ibilbide oparoa jarraitzen du, aurten 17. edizioa ospatuz. Helburuak argi mantentzen dira: euskarazko irakurzaletasuna sustatzea eta haur eta gazteen sormena piztea. Urtez urte milaka parte-hartzaileren irudimena eta talentua bildu dituzte, eta aurtengoa ere ez da salbuespena izango.
Edizio honetan, Alaine Agirrek idatzitako Zer jango du oiloak ipuina izango dute haurrek irakurgai eta irudikagai. Aldi berean, Belatz ilustratzailearen lana izango dute oinarri, haien istorio propioak sortzeko. Gazteentzat, berriz, bi erronka aurkezten dira komiki atalaren barruan: Belatzek hasitako komikiari jarraipena ematea edo berak proposatutako gaiari (botilan bidalitako mezu bat) hasiera berria ematea.
Parte hartuko duten haur eta gazteei zuzendutako sari ederrez gain, ikastetxeei eskainitako sari bereziak izango dira aurten ere. Alde batetik, Laboral Kutxak bi ikasgelarentzat saria emango du; bestetik, Irrien Lagunen Klubak beraien aldizkariko harpidetzarekin eta opari sorpresa batekin sarituko du parte-hartzea.
Lan guztiak aurkezteko azken eguna martxoaren 21a izango da. Bidaltzen dizuegun kartela zuen zentroan ikusgai jartzea eskertzen dute.
Informazio gehiago jasotzeko, bisitatu elkar.eus webgunea, idatzi lehiaketa@elkar.eus helbidera edo deitu 943 310 301 telefono zenbakira.
Webgunea + informazio gehiago: