Antartikako izeberg batek azken izotz-puska galdu eta betiko desagertu da. Groenlandian kaio bat azaldu da hegan, bertan sekula ikusi gabeko hegaztia. Nepalen, janari lasterreko multinazional batek 10.000 panfleto jaurti ditu Himalayan. Plastikozko botila bat iritsi da uharte bateko hondartzara Moluketako itsasoan. Munduaren beste aldean, antipodetan, tribu ezezagun batek exodoari ekin dio. Aurrerapena iritsi da.
Dokumentalista batzuek zibilizazio bat aurkitu dute sorreraren hastapenetan, grabazio-seta apaintzen duen plastikozko landare batean.
Progreso agertokiaren gaineko plastikozko objektuen bilduma bat da, gero eta nahasiago dagoen munduan interpretatuko dena.
Progreso dokumentu-antzerkiko pieza performatibo bat da, eta gizateriaren historia eta bizitoki duen planetarekin duen harremana ditu hizpide.
Gizakiaren sorkuntzaren atzerabegirako lan antropologiko eta existentzialista gisa formulatuta dago, eta plastikoaren asmakuntzaren historia paradigmatikoa erabiltzen du analogia modura.
Aretoko lan bat da Olatz Gorrotxategi antzerkigilearen azken sorkuntza, eta objektuen antzerkia, ikus-entzunezkoa, soinu-fikzioa eta antzerki-testua erabiltzen ditu lengoaia eszeniko gisa, unibertsoaz eta bertan betetzen dugun lekuaz hitz egiteko.
Progreso ez da haurrentzako ikuskizun bat, 10 urtetik gorako pertsonak entretenitzeko eta akuilatzeko asmatutako eszenaratze-lan bat baizik.
Fitxa artistikoa:
Olatz Gorrotxategi eszenako zuzendaria, antzerkigilea, aktorea eta arte eszenikoetako irakaslea da. Performancean lizentziaduna, arte eszenikoetan diplomatua, eskarmentu handia du kudeaketa eta ekoizpen eszenikoan.
Bere lanak ekoizteaz gain, lankidetzan aritzen da Euskadiko eta Estatuko beste konpainia batzuekin. Antzerki garaikidea, dokumentu-antzerkia eta lengoaia eszeniko berriak dira nagusi bere obran.