Bertaratzerik izan ezean, aurkezpena streaming bidez jarraitu ahal izango da Bidebarrieta Kulturguneko YouTube kanalean.
Bilboko Udaleko Bidebarrieta Kulturguneak "Elkarrizketak literaturarekin XXI. mendean" zikloaren hitzordu berri bat hartuko du, oraingo honetan literatura, mitologia eta thriller psikologikoaren ingurukoa. Noelia Lorenzo eta Haizea López idazleak izango dira topaketako protagonistak eta Alicia San Juan kazetariak moderatuko du.
Literatur hitzordua otsailaren 11n, asteartea, izango da Bidebarrietako Liburutegiko Ekitaldi Aretoan 19:00etatik aurrera. Sarrera librea izango da lekua bete arte. Ekitaldira joaterik ez badago, streaming bidez jarraitu ahal izango da.
Thriller batean pertsonaien konfigurazio psikologikoari, narrazio-tentsioari traman zehar eusteko moduari eta benetako inguruneak eleberrien edukian izan dezakeen eraginari heltzeko modua izango dira emakumezko idazle hauen arteko elkarrizketa honen puntu nagusietako batzuk. Gainera, mitoak eta elezaharrak, unibertsalak zein tokikoak, gaur egungo egileei esker modernizatzeko moduaz hitz egingo da, beren lanen argumentuan sartzen baitituzte.
Noelia Lorenzoren (Irun, 1978) ibilbide profesionala modaren munduari lotuta dago – gorte eta jantzigintzako irakaslea da-, 2013an bere lehen obra literarioa, "Chabusquina", argitaratu zuen arte. Urte horretatik aurrera, bere eleberri beltz eta sariak datoz: "La sirena roja", "La chica olvidada", "Corazones negros" (Cubelles Noir saria), "La estrella de quince punta", "Animales heridos" (Alicante Noir saria), "Blanco inmaculado" eta "Purasangre". "La voz femenino del euskalnoir" izenekoak haurrentzako ipuinak ere idatzi ditu euskaraz.
Haizea Lópezek (Sopela, 1992) ehun lan baino gehiago argitaratu ditu, gehienak izengoitiekin (Búho eta Christian Martins). Genero erromantikoa eta, bereziki, misteriozkoa dira bere eleberri gehienak, eta berrogeita hamar bat best seller bihurtu dira. "Alianza de sangre", "El aquelarre de brujas", "El canto de Lamia", "La cueva de Mari", "Hija de la lluvia", "Un juego de letras" eta "Detrás del verano" dira Lópezen izenburuetako batzuk, duela urte pare batetik hona bere benetako izenarekin argitaratzen dituenak.
Kazetaritzan lizentziaduna, Alicia San Juanek telebistan eta irratian egin du bere ibilbidearen zati bat, eta kultura arloko programak, magazinak eta espazioak egin eta editatu ditu. Chico y Chica musika-taldeko kide izateaz gain, Jose Luis Rebollorekin batera, literatura-aurkezpenetan parte hartzen du eta publizitaterako eta telebista-programetarako lokuzioak eta bikoizketak egiten ditu.
BIDEBARRIETA KULTURGUNEA Bidebarrietako Liburutegiak kultura zabaltzeko duen gunea da. Bere helburuen artean literatura, ezagutza eta dibulgazio zientifikoa sustatzea dago.